GARA
DONOSTIA

Milioitik gora partaide izan duen Aste Nagusi «bikaina» txalotu du Eneko Goiak

Egitarauko ekitaldirik jendetsuena su artifizialak izan ziren, alkatearen esanetan. Izan ere, 475.000 ikusle erakarri zituen su festak. Bestalde, Goia pozik zegoen Sagueseko kontzertuak indarra hartzen ari direlako.

Donostiako alkate Eneko Goiak atzean utzi dugun Aste Nagusiaren balantzea egin zuen atzo, eta «bikaina» izan dela esan zuen. Honen esanetan, milioitik gora pertsonak hartu zuten parte prestatutako ekintza desberdinetan.

Beste behin, jende gehiena erakarri zuen ekintza su festa izan zen, 475.000 ikusle erakarri baitzituen. Era berean, Sagueseko kontzertuek garai bateko arrakasta berreskuratu dutela azpimarratu zuen alkateak; jendetsuena La Oreja de Van Gogh talde donostiarrarena izan zen, eta horren atzetik Morat kolonbiarra.

Kursaalen, Bulebarrean, Konstituzio plazan edota Easo plazan, ohiko festaleku direnak, giro polita egon zela azpimarratu zuen. Era berean, festei hasiera ematen dien kanoikadan parte hartze handia egon zela esan zuen, eta Union Artesana elkarteak estreinatu duen “Agur asteari” festak agurtzeko ekitaldi berriak etorkizunean jarraipena izango duela iragarri zuen.

Puntu ezkor bezala, Urgullen gertatutako eraso sexista aipatu zuen. Kataluniako atentatuak ere gogoan izan zituen. Horren harira, jaietan jihadismoaren kontrako neurriak hartu dituztela esan zuen, eta horiek kontuan izan direla hainbat kale zabaldu eta ixterako orduan, batez ere su artifizialen orduan, hori baita jende gehiena biltzen duen ekitaldia. Era berean, herritarrei eskerrak eman nahi izan zizkien ostegunean, gertaeraren ostean eta suak hasi baino pixka bat lehenago, sakelako telefonoak piztuz hildakoen omenez egindako minutu bateko isiluneagatik.

Donostiako Piratei dagokienez, igandean amaitu zuten euren egitarauarekin, Irrikitaldiaren ostean, eta oraindik ez dute balantzerik egin. Datozen egunetan biltzekoak dira.