Ariane KAMIO
DONOSTIA

Errenteria, itsas topaleku

Errenterian laugarrenez egingo den Atlantikaldiak prest dauka irailaren 21etik 24ra ospatuko den jaialdiaren egitarau osoa. 70 ekintza baino gehiagok osatuko dute aurtengo eskaintza, Gipuzkoako herria itsas topaleku bihurtuko duen edizio berrian. Agertoki nagusian Kukai Dantza, Alpha Blondy eta Amparanoia izango dira entzutetsuenak.

Errenteriak bere memoria historikoarekin laugarren urtez ibilbide berri bat abiatuko du irailaren 21etik 24ra Atlantikaldia jaialdiaren baitan. Hala jaio zen festibala bera, iraganarekin bat egiten duen portu gisa, antzina Errenteria itsas gune ere izan bazelako. Itsas topaleku gisa aurkeztu zen jaialdia lehenengo bi edizioetan, eta iaz, Atlantikotik harago, mundura zabaldu zen, herrian bertan dagoen aniztasunari leku eginda. Aurtengoan, bi norabide horiek uztartuko dira, kultura anitzeko itsas topaleku bihurtuta. «Ez dugu albo batera utzi nahi itsasoarekiko lotura hori, ezta gure herriko aniztasuna ere», aipatzen du Errenteriako alkate Julen Mendozak. Hiru itsasargi finkatu ditu udal agintariak jaialdiaren egituran. Filosofikoa bata: «Itsasoa pertsona desberdinen arteko elkargune bat da. Itsasoa batzen gaituen leku bat da. Eta Errenteria itsas portu bat zen eta orain aniztasunaren portua da». Estetikoa bigarrena; «jaialdiak nortasun eta nolakotasun desberdinak erakusten dituzten espazioak izango dituelako». Eta artistikoa hirugarrena: «Nazioarteko eta tokiko artisten arteko kolaborazioetan apustu sendoagoa egin nahi dugu, harreman horietan sorkuntza ineditoak eraikitzen baitira, soilik Atlantikaldian ikus daitezkeenak», nabarmendu du.

Atlantikaldiak sortzaileen arteko egonaldi txikiak bultzatuko ditu eta antolatzaileen asmoa da urteroko afera bihurtzea, lortzen diren emaitzak gero jaialdian erakutsi ahal izateko.

«Jaialdiak nortasun berezia izango duten guneak sortuko ditu, modu berezian apaindutako itsas topalekuak irudikatuz. Topaleku horien bitartez, herriko hainbat espazio eraldatuko dira, aurreiritzirik gabeko gune bihurtzeko helburuarekin. Gune horiek berriak izango dira herritar zein bisitarien begietan. Horrela, topalekuek, Atlantikaldia ikuspegi zabalarekin gozatzea ahalbidetuko dute», aipatu du.

Egitaraua 70 kultur emanaldi baino gehiagorekin osatu da. «Diziplina, jatorri, publiko edota kultura aniztasuna islatu nahi izan dugu: musika emanaldiak, erakusketak, dantza ikuskizunak, gastronomia ardatz dutenak, kirolarekin zerikusia dutenak, tailerrak, azokak..».

Atlantikaldia Oiartzun ibaiaren inguruan egongo diren gune berezietan garatuko da. «Bakoitzak bere nortasun propioa izango du, gai ezberdinak jorratuko dira eta publiko ezberdinei zuzenduta egongo dira», esan du bere aldetik Atlantikaldiko zuzendari Laura Landak. Eta adibide batzuk jarri ditu: «Zumardian kokatuko den Herrixka familientzako gunea izango da. Herriko plaza, jaialdiaren Plaza ere izango da, topagune nagusia. Foru plaza Portu Azoka bilakatuko dugu. Artisau Kaia eta Teknologia Kaiak izango dira Xabier Olaskoaga plazan eta Koldo Mitxelena ikastetxeko estalpean, hurrenez hurren». Eta gazteentzako eskaintza berezia egongo da. «Panier orubea Kale Kaia izendatu dugu eta hainbat eta hainbat ekintza izango dira bertan: grafiti tailerra, tattoo eta henna erakustaldia, skate, parkour edo slackline bezalako kale-kirolak, Sound System-a, DJ-ak...». Berrikuntza gisa, Atseden Irla, non zer jan eta edan aurkituko duten bertaratzen direnek.

Agertoki nagusia

Atlantikaldia jaialdiaren itsasargi nagusia Lehendakari Agirre plazan kokatuko den agertoki nagusia izango da, bertan egingo baitira emanaldi entzutetsuenak. Oholtza gainean izango dira aurten Kukai Dantza, Alpha Blondy eta Amparanoia.

Eta jaialdiaren izpirituari jarraiki, hizkuntza, kultura eta jatorri ezberdineko artistak, nazioartekoak eta Euskal Herrikoak, elkarlanean arituko dira kolaborazio eta egonaldien bidez. «Oholtza gainean, elkarbizitzan ikusi ahal izango ditugu AEB, Irlanda, Britainia Handi eta Madrildik datorren Track Dogs taldea, Xafol K eta Sagari Ur klake taldeekin. Amparanoiak Xabi Solano, Pini eta Sorkunekin elkarbanatuko du eszena eta The SougaShack Frantziako taldeak Ghost Number & His Tipsy Gypsies talde donostiarrarekin Niessen Kulturgunean egingo duen egonaldiaren fruitua eramango du Lehendakari Agirre plazara», amaitu du Landak.