gara, donostia

EUSKADI TA ASKATASUNAREN INFORMAZIO OHARRA

ETAk, nazio askapenerako erakunde sozialista iraultzaileak, Kepa del Hoyo burkidearen militantzia jendaurrean aldarrikatu nahi du. Euskal Herriaren askatasunaren alde izandako jokabide eskuzabala eta eredugarria nabarmendu nahi dugu gaurkoan. Agur eta ohore, Kepa, eusko gudaria. Doakie bere senideei eta hurbilekoei gure besarkadarik bero eta goxoena. Une latz hauetan, bere oroitzapenak soilik samurtzen du barru-barruko samina. Bere oroitzapenak eramango gaitu askatasunaren bidean aurrera egitera. Kepari eta Kepa bezalaxe dena eman dutenei esker iritsi baikara honaino, etorkizuna borrokatzeko eta irabazteko aukera hezurmamitzeraino.

Joan zen uztailaren 31n zendu zen Kepa del Hoyo Badajozeko kartzelan, etxetik ehunka kilometrora preso zela. Euskal preso politikoek jasaten duten kartzela politika ankerra da heriotza horren errudun. Hamarkadotan pairatutako gatazkaren ondorioek konpondu gabe segitzen dutela gogorarazi digu gordinki Keparen heriotzak, mendeku gose direnek dena trabaturik nahi dutelako.

Bestalde, ohar honen bitartez, ETAk jakinarazi nahi du duela hilabete batzuk iragarritako Erakundearen eztabaida martxan dela, erabakitako eztabaida metodoa garatzen ari baita dagoeneko. Atzera begirako irakurketa egingo du Erakunde osoak, bere historia eta estrategia aldaketatik hona egindako ibilbidea aztertuko ditu. Oinarri horrekin, aurrera begiratuko dugu, ETAren funtzioaz eta zikloaz erabakiak hartzeko.

Eztabaida hau egingo genuela armagabetze prozesua abiarazi aurretik iragarri genuen. Zertxobait atzeratu da, armagabetzeak berak eskatutako lanagatik eta Ezker Abertzalearen baitan garatzen ari ziren beste eztabaida batzuk ez trabatzeagatik. Ez baita ariketa isolatu bat izango. Dela armagabetzea, direla ETAren zikloari buruzko erabakiak, guretzat denak oinarri bakarra du, eztabaida bakarra da: zer egin behar du ETAk Euskal Herrian abiarazi behar den herri prozesu independentista baldintzarik egokienetan garatzeko, erabakitzeko eskubidea egikaritzea ekarriko duen indar metaketa errazteko.

Eztabaidaren garapena eta horren ondorioak zein onurak modu okerrean baldintzatzearren presio politiko-mediatikoa egon daitekeela jakin badakigu. Halere, garaiz eta lekuz kanpoko intoxikazio, operazio edo adierazpenen gainetik, une honetan nabarmendu behar dugu kidegoak duela hitza eta erabakia, mahairatutako proposamenaren gainean.

Eztabaidaren garrantzi historikoa indartzeko ETAk bere altxorretako bat erakutsi nahi du: Felix Likinianok aizkorarekin eta sugearekin egindako tailu originala, Erakundearen anagrama bihurtuko zena. Ohar honekin batera, hamarkadotan gordeta izan dugun tailu original horren (40x60 zentimetrokoa gutxi gorabehera) argazkiak helaraziko ditugu. Eztabaida prozesu honetan zehar, tailu horren irudiak gure ohiko anagrama ordezkatuko du agiri, komunikazio, gutun eta gainerako dokumentuetako orrialde goialdetan, ohar honetan bertan egin dugun bezalaxe.

Euskal Herrian,

2017ko irailaren 10ean

Euskadi Ta Askatasuna

E.T.A.