GARA
GASTEIZ

Egoitzetako langileekin bat eginda, bizitzak zaintzeko

ELAk deituta, mila emakume baino gehiago atera dira kalera Gasteizen, Bizkaiko egoitzetako langileei elkartasuna erakusteko. «Zaintzaileak zainduz, bizitzak zaindu» leloarekin, adierazi dute 300 egunetik gora greban daramaten zaintzaileen borroka ez dela lan gatazka hutsa, baizik eta «gatazka feminista, soziala eta politikoa». Leire Txakartegi sindikatuko Berdintasun arduradunak azaldu zuenez, asko dago jokoan: zaintzari balioa ematea eta duintzea.

Mugimendu feministaren babes zabala jaso zuen atzo ELAk Gasteizen antolatutako mobilizazioak. Borroka luzea egiten ari diren Bizkaiko zahar etxeetako langileekin batzea zen helburua, elkarrekin zaintzaileak eta bizitzak zaintzeko. Hala zioen mila emakume baino gehiago bildu zituen manifestazioaren leloak. “Ez zaintzaile naturalik, ez esplotatzeko langilerik” erantsita.

Agertu zutenez, honakoa ez da lan gatazka hutsa, «gatazka feminista, soziala eta politikoa» baizik.

Babesgabetuen Plaza eta Andre Maria Zuriaren plaza lotu zituzten eta bertan ekitaldi bat egin zuten. Sindikatuko Leire Txapartegi Berdintasun arduradunak hartu zuen hitza, 300 greba egun baino gehiago bete dituzten emakumeei elkartasuna adierazteko: «Ez zaudete bakarrik! Hemen gaude zuekin. Zuen borroka emakume guztion borroka da: garbitzaileak, etxez etxeko laguntzan, jantokietan eta sektore publikoan dabiltzanak, etxeko langileak, industria sektorean dauden gutxiak... Guzti-guztiok ordezkatzen gaituzue. Eta harro gaude zuetaz!».

Ohartarazi zuenez, asko dago jokoan: zaintza duintzea, jendartean izan behar duten tokia eta balioa ematea eta lana baldintza duinetan egitea, zerbitzuaren kalitatea hobetzeko. «Gaur egungo ereduan, zaintza lanak esparru pribatuan egiten dituzte emakumeek, edo esparru publikoan enplegu prekarioaren bidez. Zaintza lanei ez zaie dagokien balio ekonomiko eta sozialik aitortzen eta, gainera, negozio iturri bihurtu dira sektore honetan diharduten enpresentzat». Hori aldatzea da borroka honen xedea.

Zergatik ari da luzatzen greba?

Bestalde, ELAko zerbitzu publikoetako ordezkari Esther Saavedrak esan zuen gatazka hau horrenbeste luzatzen ari bada arrazoi zehatz batengatik dela: greban dauden langileak emakumeak dira. Hala deskribatu zuen egoera: «Beste behin, lan prekaritateak emakume aurpegia du. Batzuentzat etxeko bigarren soldata gara soilik; ez gara profesionalak, baizik eta gure rol naturala hartzen dugu, eta hori hurkoa zaindu eta artatzea besterik ez da. Horientzat ez daukagu irizpiderik ez gaitasunik gure etorkizuna erabakitzeko, borroka honetan gure ondoan dagoen sindikatuaren txotxongiloak gara soilik; batzuentzat soilik ‘lau ipurdi’ garbitzen ditugu, eta uste dute eskubide gehiago aldarrikatzen baditugu, emakume bezala dagozkigun gauzak egokiago egiteko dela, esaterako, gure seme-alabak eskolara eramatea».

Saavedrak gogor salatu zuen Bizkaiko Foru Aldundiaren eta patronalaren jarrera. Eurak jo zituen gatazkaren arduraduntzat. «Orain arte eduki duten jarrera errotik aldatzea exijitzen diegu, gatazka hau lehenbailehen konpon dadin. Guk argi daukagu, borrokan jarraituko dugu helburuak lortu arte».

Hala, greba egun gehiago deitu dituzte urria bukatu arte. Bezperan, Aldundiak itunpeko ohe bakoitzaren prezioa mantentzea (81 euro eguneko) erabaki izana baloratzean Alaine Fernandez ordezkari sindikala honela mintzatu zen: «Uste badute erabaki horregatik borrokari uko egingo diogula, gauza bat esan nahi diegu ozen: oso nekatuta gaude, baina oso argi ikusi dugu arrazoia geure alde dagoela, eta ez dugu etsiko».