Jon GARMENDIA
BIARRITZ

Kolonbiari jarri dio fokua aurten Latinoamerikako zinema jaialdiak

Hogeita seigarren edizioa beteko du Biarritzen ospatzen den Latinoamerikako zinema eta kulturaren jaialdiak. Kolonbiako gobernuak eta FARC indar armatu iraultzaileak erdietsitako bake akordioari keinu egiten dio aurtengoan Lapurdiko kostan arrakastaz ospatzen den ekimenak. Hiru sail garrantzitsu ditu lehiaketak, luzeak, laburrak eta dokumentalak, eta Besarkada saria lortzeko lehia horretan emakume zuzendarien presentzia inoizko handiena da.

Biarritzeko alkate den Michel Veunacen hitzak dira, Latinoamerikako zinema eta kultura jaialdiaren karietara eginak: «Kolonbiako bake akordioak beste Kolonbia bat ezagutzeko aukera ematen digu, orain, Gabriel Garcia Marquez Literaturako Nobel sariari buruz hitz egiteko garaia da, azken hogeita hamar urteotan Latinoamerikako herrialde honetan egin den zinemaz hitz egitekoa, musikaz, bizitzaz. Eta nahi nuke bakearen fabrika horrek nolabaiteko harremana izan dezan Hego eta Ipar Euskal Herrian berriki ezagutu dugunarekin, ETA erakundeak bere ekinbidea amaitutzat eman duenez gero».

Irailaren 25etik urriaren 1a bitarte ospatuko den jaialdiak Kolonbia du begiradan bere hogeita seigarren edizioan. 2012. urtean Habanan hasitako bake akordioak ditu ardatz Natalia Orozco zuzendariaren “El silencio de los fusiles” dokumentalak, eta bertan, FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak eta Kolonbiako Gobernuak behin betiko akordioaren xerka egindako saiakerak 2017ko urtarrila arteko irudiekin erakutsiko ditu Biarritzen, irailaren 26an; edizio honetako harribitxietako bat publikoaren gozamenerako. Bestalde, literatura eta musika zinemarekin uztartzen dituen jaialdiak egitarau aberatsa prestatu du berriro, beharbada aurtengoan distira agertzea zailago bilakatuko baitzaio, lehiaketaren egunek Zinemaldiarekin kointzidituko baitute, eta usaian Donostiakoa amaitu bezain laster hasten da Lapurdiko hiriko jaialdi arrakastatsua. Ikusteko, beraz, batak bestearengan eraginik izango duen. 

 

Emakume zuzendariak

Lehiarako luzeak hautatzen dituzten Lucile de Calan eta Raphaële Monnoyer biziki kontent ziren jaialdiaren aurkezpenean, «inoiz ez baita hainbeste emakume zuzendari izan sail ofizialean, lehian izango diren hamar luzeetatik lauk daramate emakumeen sinadura, eta dokumentaletan ere gero eta gehiago dira gidariak emakumeak, baita nazioartean sariak lortzen dituztenak ere. Nolabait gizarte kontserbadore eta desorekatu baten isla da hau, matxismoz eta paternalismoz josia, apurka hausten ari dena». Venezuelako “La defensa del dragón” eta “La familia”, Argentinako “La vendedora de fósforos” eta “Una especie de familia”, Kubako “Ultimos días en la Habana”, Txileko “Mariana”, Brasileko “As boas maneiras”, Kolonbiako “La defensa del dragón” eta Uruguai-Argentina eta Paraguai-Argentinako “El candidato” eta “Hoy partido a las tres” lehiatuko dira Biarritzeko Besarkada sari preziatuaren xerka.

Ez dute luzeek bezainbeste harrabots ateratzen, baina laburrak eta dokumentalak ere biziki preziatuak dira Biarritzen. Sail bakoitzean hamar lan lehiatuko dira; dokumentaletan, lan hauek: “Chavela Vargas”, “El color del camaleón”, “Los ojos del mar”, “Nadie”, “Ciro & yo”, “Cárcel de árboles”, “Cine Sao Paulo”, “O som dos sinos”, “El vecino alemán” eta “El sitio de los sitios”. Laburretan aldiz “Centauro”, “El hombre de cartón”, “Irma”, “Negros famosos”, “Riña de gatos”, “Selva”, “Postergados”, “El hormiguero”, “Alcibíades” eta “Damiana”. Biarritzeko Casinoan egunero izango dira zuzendari eta aktoreen agerpenak, hala nola Latinoamerikako produktuen azoka, mahai-inguruak, erakusketak eta kontzertuak. Astebetez Latinoamerikako haizeak joko du Lapurdiko hiri ederrean.