Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
DONOSTIA
Surfa

Euskal Herriko surf eta bodyboard txapelketak Sopelan

Atxabiribil eta Arrietara hondartzetan jokatu dira Euskal Herriko txapelketak asteburuan. Alan Saulo eta Garazai Sanchezek irabazi dute kategoria irekian, Iñigo Iraolak beteranoen kategorian, Aritz Larrinagak bodyboardean eta Peñatxuri elkarteak taldekako lehian.

Asteburu garrantzitsua izan da Euskal Herriko Surf Federazioak antolatzen dituen txapelketei dagokienez. Euskal Herriko txapeldun titulua eskuratzeko bakarrik ez, kategoria desberdinetako zirkuituetan puntuak biltzeko ere balio zuten lehiaketak izan dira. Itsasoa eta eguraldia ere lagun izan dira pasa den asteburuan eta giro paregabea izan da Sopelako hegian.

Taldeak, beteranoak, bodyboard zaleak eta surf kategoria irekiko bai neskak bai mutilak aritu dira lehian Sopelako bi hondartzetan. Guztiak elkarrekin, baina haien artean nahastu gabe. Batzuek, Atxabiribil hondartzan, eta, besteak, berriz, Arrietaran.

Larunbatean eguzkia eta metro beteko olatu ederrak izan ziren, haize leunarekin, olatuari etekin ateratzeko ezin hobeak. Atzo eguzkiak apur bat indarra galdu zuen, eta arratsalde aldera haizea harrotu zen, baina olatuak handiagoak izan ziren. Surf txapelketa bat egiteko baldintza paregabeak ziren eta horrek lehiakideek eskaini zuten ikuskizunean ere eragin zuen.

Beteranoak eta elkarteak

Larunbatean beteranoen eta elkarteen txanda izan zen. Beteranoen kategorian gipuzkoar bat nagusitu zen, Iñigo Iraola, garai batean “Groseko tigrea” bezala ezaguna. Elkarteen arteko lehian, ostera, bizkaitarrak nagusitu ziren. Peñatxuri surf elkarteak etxean irabazi zuen, elkarteari izena ematen dion urautsi berean, nahiz eta egun Atxabiribil deitzen duten.

Talde bakoitza, kategoria desberdinetako sei lehiakidez osatua zegoen eta “Tag-Team” formatuan aritu ziren, hau da, surflari bakoitzak lortutako puntuak taldearentzat ziren. Gauzak horrela, lehen postua Peñatxuri elkarteak eskuratu zuen, bigarrena Zarauzko Surf Elkarteak, hirugarrena, Hamarratz Surf Taldeak, eta, laugarrena, Konporta taldeak.

Beteranoak ere Atxabiribil hondartzan aritu ziren lehian. Garai batean, kategoria hau 35 urtetik gorakoek osatzen zuten, baina, Marck Occylupok 38 urterekin mundu txapela eskuratu zuenetik, eta Kelly Slaterrek 45 urterekin lehen mailan jarraitzen duela ikusita, azken urteetan gauzak aldatu egin dira eta egun beteranoen kategoriako marra gorria 40 urtetan dago.

Zaharren kategorian, gipuzkoarrak nagusitu ziren (egiari zor, nagusitu ziren kategoria bakarra izan zen). Raul Garcia hondarribiarra eta Iñigo Iraola donostiarra izan ziren finalean buruz buru, eta azken horrek eraman zuen txapela. Garciak 8,66 puntu bildu zituen bere bi olatu onenekin, eta, Iraolak, berriz, 13,27 puntu.

Euskal Herriko txapela

Kategoria irekiko txandak Arrietara hondartzan egin zituzten larunbat eta igande artean, eta, bertan, Euskal Surf Zirkuituko bigarren proba egitearekin batera, aurtengo Euskal Herriko txapeldunak ere izendatu ziren. Aurreko urteetan aparteko txapelketa bat egiten zen “Euskal Herriko txapelduna” nor izango zen erabakitzeko, baina, aurten, txapelketa hori euskal zirkuituan bertan erabaki dute berrikuntza moduan.

Hortaz, lehiakideek ohorezko titulua eskuratzeko bakarrik ez, ranking orokorrean puntuak biltzeko ere lehiatu ziren. Guztira, 60 mutil eta 14 neskek hartu zuten parte eta lehiakide bakoitzak eskuratutako emaitzei esker rankingean postu jakin bat izango du.

Sopelako txapelketaren ostean euskal zirkuituko rankingean lehiakide bakoitzak duen postuaren arabera erabakiko da euskal zirkuituko hirugarren proban parte hartzeko sailkatuta dauden edo ez. Hain zuzen ere, Getariako Orroaga hondartzan jokatuko da azaroan proba hori.

Nesken kategorian bi bizkaitar izan ziren finalean. Garazi Sanchez eta Sara Urresti, biak Sopelako olatuak oso ongi ezagutzen dituzten surflariak. Garazi Sanchez gupida gabe aritu zen eta azken urteetan hainbeste lehiatzearen ondorioz irabazitako esperientziari etekina atera ahal izan zion. Horrela, bere arerioari bost puntu baino gehiagoko aldea atera eta 2017ko txapela jantzi zuen Garazi Sanchezek.

Mutilen artean, ostera, brasildar batek irabazi zuen Euskal Herriko txapelketa. Kasualitatez Sopelan zebilelako eman zuen izena Alan Saulok eta horri esker txapelketa irabazi zuen. Hori bai, txapela Yereguirentzat izan zen, bera izan baitzen lehen euskalduna. Brasildarrarentzat ez zen erraza izan, ordea, lehiaketa irabaztea, Imanol Yeregui zumaiarrak oso gertutik jarraitu baitzion finalak iraun zuen artean. Azkenean, Saulok 13,56 puntu bildu zituen eta Yereguik 13,33 puntu; ez zuen, beraz, alde handiz irabazi Saulok.

Sopela vs Zumaia

Bodyboard kategorian argi geratu zen egun Hego Euskal Herrian diren bi bodyboard gune nagusiak zeintzuk diren, alegia, Sopela eta Zumaia. Guztiak atzo itsasoratu ziren Atxabiribileko urautsian eta modalitate honetan maila gorantz egiten ari dela erakutsi zuten.

Lehen postua Aritz Larrinaga sopelarrarentzat izan zen. Bigarrena Andoni Izaga zumaiarrak eskuratu zuen. Hirugarren Alex Sebastian sopelarra geratu zen, eta, laugarren, Jon Lopez, hau ere zumaiarra. Postu berberak dituzte lehiakideok euskal zirkuituko rankingean, Sopelakoa, izan ere, aurtengo zirkuituko lehen txapelketa zen.

Euskal zirkuitutik harago, aipagarriak dira ere Alex Uranga zumaiarra mundu mailan lortzen ari den emaitza bikainak. Pasa den astean Portugalen lortutako hirugarren postuari esker, egun lehen mailako munduko rankingean bigarren postuan da. Hortaz, euskal bodyboarda sasoi betean dago.