Andoni ARABAOLAZA
Eskalada

Hormatzarreko jardueretan ere, sasoi bikaina erakutsi dute

Sasha DiGiulian estatubatuarrak Madagaskarreko Tsaranoron dagoen «Mora Mora» bidea (8c, 700 m) igo du; hori egiten lehen emakumezkoa izan da. Bitartean, Federica Mingolla italiarrak Marmoladako «Cattedrale» marra (8a+, 800 m) poltsikoratu du.

Hurrengo lerrootan, Sasha DiGiulian estatubatuarrak eta Federica Mingolla italiarrak izango dute protagonismoa. Zergatik hori? Bada, biek ala biek erakutsi dutelako hormatzarretan ondo baino hobeto jarduten dutela. Eta, gainera, era askean. DiGiulianek, adibidez, Madagaskarreko Tsaranoro mendilerroan dagoen “Mora Mora” bidea (8c, 700 m) igo du. Lehen errepikapena izateaz gain, DiGiulianen kasuan, emakume batek egiten duen lehen igoera izan da. Mingollak, berriz, gauza bera lortu du, baina etxean bertan: Marmoladan. Mendi horren hego aurpegian dagoen “Cattedrale” marra (8a+, 800 m) era askean sinatu du. Neska batek egin duen bigarren igoera izan da.

Zailtasun teknikoari begiratzen badiogu, argi geratzen da estatubatuarrak eginiko eskalada askoz ere gogorragoa dela. Baina argitu behar “Mora Mora” paraboltekin erabat ekipatua dagoen bitartean, “Cattedrale”-n eskalada alpinoa nagusi dela.

Lehenik eta behin, Madagaskar aldera abiatuko gara, Tsaranoro mendilerroan dauden hormatzarretan DiGiulianek goi mailako jarduera egin duelako. Edu Marin bikotekidearekin batera hormetan egiten den eskaladan muturra sartu eta hirugarren xede azpimarragarria erdietsi du. Lehena, Dolomitetako “Bellavista” (8b+, 500 m) izan zen, bigarrena Sardiniako “Viaje de locos” (8b+, 270) eta, aurreratu dugun bezala, hirugarrena “Mora Mora”. 12 luze dituen marra hori Francisco Blanco eta Toti Valesek zabaldu zuten. 1999. urtea zen, eta sokada horrek bi luze askatu gabe utzi zituen; horietako bat, gogorrena, 8a zela esan zuten. Baina 2010. urtean, Adam Ondra Tsaranoroko paretetatik agertu eta, besteak beste, “Mora Mora”-ri puntu gorria jarri zion. Txekiarrak bidea zabaldu zuen sokadaren iritzia erabat irauli zuen, haren ustez marraren giltza 8b+/c zelako.

Estatubatuarrak aurreratu duenez, bidearen luze gogorrena zazpigarrena da: «Eskaladaren lehen egunetan gure helburua lehenbiziko luzeak soka finkoarekin ekipatzea zen; hain justu, zazpigarren luze horretara heldu eta hamaka antolatu nahi genuen. Baina Madagaskarrera iritsi bezain laster, ohartu ginen hamaka galdu zigutela. Horrek ‘min’ handia egin zigun, besteak beste, egunero hormara hurbiltzeko 90 minutuko ibilbidea egin behar genuelako. Horretaz gain, beste ordu eta erdi jumareatu, 8c hori probatu ahal izateko. Egunak oso luzeak eta gogorrak ziren, eta, gaua gainera etortzen zenez, bidearen giltza probatzeko soilik bi saio egiteko aukera genuen».

Gogor saiatu ondoren, biek ala biek giltza hori askatu zuten. Eskalatzaile estatubatuarrak adierazi du kosta egin zitzaiola izaera horretako big-wall batera egokitzea: «Eskuarki, kirol eskalada egiten dut, baina Eduk hormatzarretako eskaladaren pozoia sartu dit. Xede hauetan ari naizela, lehen astea nire buruarentzat gogorra izaten da. Erorikoak izateko beldur naiz, eta hori zama bihurtzen da. Baina egunak pasatu ahala, estilo horretara egokitzen naiz, eta den-dena emateko aukera izaten dut».

Azkenean, hamaka iritsi zitzaien. Bi asteko lanaren ondoren, bi eskalatzaileok bidearen luze guztien pausoak menderatu zituzten. Baina helburua beste bat zen; hots, behetik hasita luze guztiak askatu eta bidea kateatu.

Eta horretarako, bi egun eta erdi behar izan zituzten: «Lehen egunean, arratsaldeko lauretan, 8c-ra iritsi ginen. Gaua egin aurretik, luze hori probatzeko nik soilik aukera izan nuen. Biharamunean, arratsaldera arte itxaron behar izan genuen; izan ere, bideari eguzkiak goizean jotzen zion. Eta luze guztiak igo ondoren, hurrengo egunean gailurrean ginen».

Aipatu behar dugu bidearen giltza biek ala biek sokaburu kateatu zutela: «Inolako zalantzarik gabe, 8c hori bideak duen zailtasun gogorrena da. Alabaina, onartu behar dut badirela 8a+ eta 7c graduko beste batzuk zailak direnak. 8c hori oso gogorra da, batez ere heldulekuak oso txikiak direlako eta dituen blokeko sekuentziek muturrera eramaten zaituztelako. Granito horretan egiten den eskalada oso teknikoa da. Plaka izugarri ederrak dira. Helduleku eta oinleku txikiak ditu, eta mugimendu guztiak ondo baino hobeto neurtu behar dituzu. ‘Mora Mora’ bideari hamar bat emango nioke. Oso zaila da, baina ez du arriskurik; 700 metro horiek paraboltekin ekipatua dago».

Dolomitak

Bien bitartean, Mingollak ere argi utzi du eskalada alpinoak asko erakartzen duela. Iragan udan, adibidez, Turineko eskalatzaileak etxe ondoko hormatzarretan gustura eta bikain jardun du. Behin baino gehiagotan aipatu izan du Marmoladako hego pareta asko gustatzen zaiola, eta joan den abuztuan izen handia duen “Cattedrale” bidea igotzeko gai izan da.

Hori egin aurretik, “entrenamendu” gisa, Civettako ipar-mendebaldeko murruan dagoen “Chimera verticale” (7c, 600 m) eskalatu zuen. Francesco Rigon sokakide izan zuen, eta bidearen oinarrian 7.00etan ziren. Marraren lehen zatian (8 luze) Rigon sokaburu joan zen, eta gainerako luzeetan Mingollak ardura hartu zuen. Erorikorik gabe eta den-dena era askean, sokada 18.30ean gailurrean zen.

Baina aurreratu dugunez, gazte italiarrak benetako saria Marmoladan jaso du. Iaz “Attraverso il Pesce” bidea (7b+) eskalatu zuenean (lehen igoera femeninoa), aipatu zuen zailtasunean beste urrats bat egin nahi zuela. Eta helburu horretarako “Cattedrale” bidea (8a+, 600 m) aukeratu du.

Bide hau, berez, sokada italiar batek 1983. urtean zabaldu zuen; hori bai, paraboltik erabili gabe. Eta honako zailtasuna jarri zion: 6a eta A4. 2004. urtean, bestalde, Pietro del Prak eta Michele Guerrinik puntu gorria jarri eta 8a+ gradua proposatu zuten. Haatik, ez da “Cattedrale” bidea era askean egin duen lehen neska; ohore hori Barbara Zangerl austriarrak dauka.

Bide horretan izan duen eskarmentuari buruz, Mingollak adierazi du nahiko azkar kateatu zuela: «Lau eguneko lana espero genuen, eta, azkenean, hiru izan dira. Lehen egunean, arratsaldez hasi ginen; izan ere, pareta bustita zegoen. Sei luze igo genituen. Horietako batzuk zailak ziren, eta sokaburu ondo eskalatu nituen. Ondoren, rappelatu egin genuen. Biharamu- nean, bibakerako tresneria eraman, bezperako luzeak gainditu eta 7c bat bistan egin nuen. Bibakera iritsi aurretik marraren giltza dago.

Begiratu, aztertu eta hurrengo egunerako utzi nuen. Eta, biharamunean hura era librean igotzeko gai izan nintzen».

Bidea era askean igo ondoren, italiarrak onartu du “Cattedrale” marrak erabat harrapatu duela: «Oso-oso ona da, eta inoiz ez zara aspertzen. Plakak, diedroak... denetarik du. Eta, jakina, egundoko amildegia. Marra honek erresistentzia eskatzen dizu; eta horretaz gain, erronka psikologiko handia da. Han eskalatzen ari zarela ohartzen zara hormatzar baten aginduetara zaudela, eta ez zarela kirol eskalada egiten ari. Horregatik diot bide horrek erabat bete nauela, Marmoladako eskaladak bezala».