Maider IANTZI
«BORROKA, BIZI ONEZ BORBORKA» JARDUNALDI FEMINISTAK

OSATZE BIDEAK PARTEKATUZ, GOXATU, GOZATU ETA BALIO POLITIKOA AITORTU

BILGUNE FEMINISTAREN JARDUNALDIETAN BIZIPEN LATZAK KONPARTITU DITUZTE VICKY CHAVEZ SALVADORTARRAK ETA LORENA CABNAL GUATEMALARRAK –URRIAREN 12 BATEAN HASITAKO KOLONIZAZIOA AIPATUZ–. BAINA, BATEZ ERE, OSATZEAZ SOLASTATU DIRA, ARANTZA VICEDO ETA ANIAIZ ARIZNABARRETA BEZALA. BERTSOTAN LABURBILDU DUTE GERO DENA.

Eta, Maialen Lujanbiok eta Uxue Alberdik umorez aitortu zutenez –«laburtu egin behar genuen eta ez nahastu»–, ez zen erronka makala izan. Hainbertze sentimendu eta ideia atera ziren hiru ordu pasatxoko ekitaldian… Baina kronika honetan ere eginen dugu ahalegina ahalik eta hobekien kontatzeko.

Donostiako Gladys Enea (Kristinaenea) parkeko zelai batean hasi zen dena, Vicky Chavez salvadortarraren solasekin. Dozenaka emakume eta gizonen bat edo bertze, denak borobilean jarrita. Eta erdian El Salvadorretik eta Guatemalatik ekarritako elementuak, baita Bilgune Feministak, Emaginek eta nahi izan zuten pertsonek jarritakoak ere: loreak, liburuak, euskal presoak Euskal Herrira ekartzea eskatzen duen banderola… Parkeari izena ematen dion Gladys del Estalen argazkia ere bai, Guardia Zibilak protesta batean hildako ekintzaile ekologistarena.

Chavezen argibideei segituz, errespetu handiz zabaldu zuten «bizitzaren aldare» hori, koloretako kandelak banan-banan piztuz eta erlojuaren orratzen kontra buelta emanez borobilari. Lehenbizi gorria, gero beltza, txuria, berdea eta, azkenik, urdina. Naturarekin lotuak denak.

Errituaren ondotik, eraikinean sartu ziren, talde sentimenduz, lau bizi esperientzia aberasgarri eta gogor aditzeko, erresistentziatik bizitzari aurre egiten dioten lau emakumerenak. Entzuleei post-it-ak banatu zizkieten, horietan sortutako emozioak eta ideiak idatzi eta horma batean jarritako zuhaitz baten marrazkian itsasteko. Denen artean arbola aldatzea zen ideia. Eta, Lujanbiok kantatu zuen bezala, lorez eta hostoz bete ziren adarrak, zer eta udazkeneko arratsalde batean.

Naturarekin erotizatu

Lorena Cabnal hasi zen testigantza ematen, Guatemalako Tz’kat sareko osagilea. «Gure gorputzen memorietan gelditzen dira patriarkatuak eta kolonialismoak eragindako zauriak», adierazi zuen. Feminizidioak aipatu zituen, Abya Yala ere bai. Hala deitzen zitzaion Amerikari, gaurko egunez duela 526 urte espainiarrek inbaditu aitzinetik. «Nola ez dira gure gorputzak eri egonen? Izugarria da dakargun historia».

Alabarekin batera gurean pasatzen ari den egun hauetan arnasa hartzen ari dela kontatu zuen, garai zailak baitira Guatemalan. Lurra eta bizitza babesteagatik arriskuan dute beren bizia.

Lorenak transmititu zuen ideietako bat izan zen ez dela koherentea mundua aldatu nahi izatea eta gure gorputzetan gertatzen diren prozesuei ez erreparatzea. «Zu osatuz ni osatzen naiz eta ni osatuz zu osatzen zara». Berarentzat garrantzitsua izan da horrek politikoki eman dion bizia, osatzeak intentzio politikoa baitu. Bestalde, bertsolariei elkar zirikatzeko gaia eman zien gure gorputzek naturarekin erotizatzen dutela errateak. «Noiz erotizatu zenuen azkenekoz ilargiarekin?» bota zuen guatemalarrak, eta galdera bera egin zion Alberdik Lujanbiori, irriz lehertuz.

Ondoko hizlari guziek konpartitu zuten baieztapen bat ere egin zuen: osatzea aukera bat da eta era aunitzetara egin daiteke. Bakoitzak bere bidea hartu behar du.

Umeen abusuak, argitara

Cabnalen patxadaren ondotik, Arantxa Vicedoren urduritasuna. Baita freskotasuna eta irria ateratzeko gaitasuna ere. «8 urterekin indarkeria sexista pairatu nuen. Lehenengo bakardade handia izan nuen eta gero, diru pixka bat izan nuenean, 20 urte baino gehiagorekin, terapia pribatua egiteko aukera izan nuen. Ondoren feminismoan sartu nintzen eta gertatuari ikuspegi soziala ematea lortu nuen. Oso inportantea izan zen niretzat».

Gasje sexu abusuak jasandakoen Gipuzkoako elkartean ibili da zenbait urtez, aurrena erabiltzaile gisa eta jarraian, zegoen beharra ikusita, militatzen. «Amorru handia sentitzen dugu. Gure historiagatik, lagunenengatik, aditzen ditugun albisteengatik… Eta horrek nora eramaten gaitu? Osasungarriak ez diren bideetara». Arantxaren ustez, aitzinera jotzearekin batera aldeetara begiratu behar da eta kideak nola dauden ikusi. Biktimismoak eta gehiegizko babesak ere ez dute laguntzen.

Merkantzia tren bat bezalakoa dela aitortu zuen. «Horrek higadura pertsonal handia ekartzen dit. Non daude nire gorputza, bizi proiektua eta energia?». Berriki hartu zuen Vicedok «bizitzari sartzen uzteko» erabakia, erretiro bateko labirintoan.

Haurren abusu sexualen gaiaz ez dela solastatzen eta tabu handi hori puskatu behar dela agertu zuen amaitzeko.

Biziraun daitekeela jabetu

Hirugarren gonbidatua Aniaiz Ariznabarreta izan zen, 2010eko irailaren 14an atxilotu, bost egunez inkomunikatu eta torturatua. Bizitzako egoerarik bortitz eta nahaskorrena izan zela azaldu zuen. Kontatu eta salatzea izan zuen hasieran aurrera egiteko era, baina gero eta zailtasun handiagoak agertzen hasi zitzaizkion. Nola ulertu medikuaren itxarongelan zegoela edo bere galderei erantzutean sentitzen zuen estutasuna?

«Norbanakoak suntsituz, kolektiboa baldintzatzea», horixe da torturen helburua Ariznabarretaren iritziz. Identitatea dago jo puntuan, indibiduala eta soziala. «Nola ari zara osatzen, a saco militatzen?», galdetu zion lagun batek, eta bere erantzuna: «A saco negarrez». Osatzea askapen prozesu gisa planteatu eta bere lekua ematen dio. Talde terapian dabil Istanbuleko protokoloa aplikatu zieten hainbat emakumerekin. «Gogorra izan arren, oso harro eta pozik nago. Zauritutakoak arriskutsuak gara, biziraun daitekeela jabetzen baikara», abisatu zuen jendeari irribarrea ateraz.

Gure gorputzak askatu

Zuhaitzera joan-etorrian, post-it-ez betetzeko, eta pastel, zuku, saltsa eta bertzelako janariz hornitutako mahaira ere buelta batzuk eginez ailegatu ziren azkeneko testigantzara. Edurne Epelde Bilgune Feministako eta osatze lantaldeko kideak besarkada batekin abisatzen zien hizlariei emandako 20 minutuak agortu baino pixka bat lehenago eta Vicky Chavezi motz gelditu zitzaion denbora, erlojuaren orratzen kontra ibiltzen ohituta dagoelako akaso.

Errituan bezala, bizitza jarri nahi izan zuen erdigunean. «Gure gorputzak dira askatu behar ditugun lehenengo territorioak», aldarrikatu zuen. Haurtzaroan eta gaztaroan sexu abusuak eta bortxaketak jasan eta gero ez zen erraza izan berarentzat bizitza. Gainera, gogoz kontra ezkondu behar izan zuen gaizki tratatzen zuen gizon batekin. 17 urteren ondoren dibortziatu, eta «emakume indartsua eta independentea» da orain, bost alabaren ama.

Odola belaunetaraino iristen zen ibai baten irudia ekarri zuen: «Hortik gatoz. Gure lurretatik bota gintuzten». Beti nahi izan zuen ikastea, baina ezin izan zuen. Halere, emakume feministen elkarte batean sartu zenean abokatua zela pentsatu zuten, baita psikologoa ere, eta bi lan horietan ibili da, bere burua formatuz. Mehatxatu arren, inoiz ez diote bizitza josteari utzi.

Maialen Lujanbiok abestu zuen gisan, ezin ederragoa da osatze hitza, osasun eta osotasun, biak ditu barrenean, eta gozatzetik ere hurbil dago.