GARA
Saskibaloia

Bolada onari jarraipena eman nahi diote bilbotarrek

Limoges da gaurko aurkaria eta Fred Weis omentzeko baliatuko du klubak.

ACB Liga bi porrotekin hasi ostean, Bilbao Basketek egoera zuzentzea lortu du hiru garaipen jarraian lortuz, eta bolada on horri jarraipena ematea izango da gaurko helburua Limoges talde frantsesaren aurka (20.30, Miribilla, ETB1). Eurocup lehiaketako lehen jardunaldian Lituanian Lietuvosi 83-93 irabazi zioten bizkaitarrek, eta gaur beste garaipen bat lortzeak sekulako urratsa suposatuko luke aurreneko faseari lasaitasun handiagoz aurre egiteko.

«Limoges Frantziako talde tipikoa da, garaiera handiko jokalariekin eta joko oso fisikoa egiten duena. Zentzu horretan, oso garrantzitsua izango da haien maila fisikoa berdintzea, Europan epaileek desberdin jokatzen dutela jakinda, eta baloia behar bezala mugitzea», aztertu zuen Carles Duran entrenatzaileak atzo eginiko agerraldian.

Limoges tradizio handiko saskibaloi taldea da, bere garaian Euroliga bat, Errekopa bat eta hiru Korac Kopa irabazitakoa. Frantzian ere, hamaika aldiz irabazi du Liga eta hiru aldiz Kopa. Hala ere, gaur egun ez du garai bateko distira eta aurreko astean porrot batekin ekin zion lehiaketari, hori bai, Lokomotiv Kuban talde errusiar indartsuaren aurka jasoa (61-63).

Taldeko entrenatzailea Kyle Milling da eta jokalari garrantzitsuenak Danny Gibson joko antolatzaile kamerundarra, Kenny Hayes eskolta estatubatuarra eta Axel Bouteille hegaleko frantsesa dira. Barruan, Josh Carter eta Brian Conklin estatubatuarrak Mam Jaiteh frantziarrarekin batera aritzen dira minutuak banatuz, baina badirudi denboraldi hasiera honetan ez dituztela itxaropenak erabat bete –Ligan bederatzigarren daude hiru garaipen eta bi porroteko balantzearekin–.

«Azken jardunaldian Estrasburgoren aurka garaipen garrantzitsua lortu zuten», nabarmendu zuen, halere, Carles Duranek. «Lokomotiven aurka ia irabazi egin zuten, eta bihar gogo handiz etorriko dira», gaineratu zuen Jonatahan Tabu joko antolatzaile belgikarrak.

Weisi omenaldia

Gaurko neurketak beste une eder bat ere utziko du. Izan ere, hasi aurretik, Bilbao Basketek omenaldi berezia egingo dio Fred Weis jokalari ohiari. Pibot frantziarrak gaur neurtuko diren bi taldeetan jokatu zuen, eta oso maitea da Bilbon, taldearen historian txapel gehien ipini dituen jokalaria ere badelako Weis handia (2,16 metro).