GARA
PILOTA

Enrique Abril Errebote Txapelketaren finala, igandean

Eguraldiak laguntzen badu, Enrique Abril Errebote Txapelketaren finala igande honetan jokatuko dute Donibane Lohizuneko Luzean taldeak eta Zubietak. Finala Oiartzunen jokatuko dute eta hitzordua 11.00etan hasiko da.

Luzean taldeak finalerako txartela zuzenean lortu zuen ligaxka lehen postuan amaituta. Zubietak, aldiz, finalerdian Behar Zana 13-3 menderatu zuen aurreko astean bigarren txartela eskuratzeko.

Aurreko bi edizioetako finala errepikatuko da aurtengoan, eta 2013an ere aurrez aurre izan ziren Luzean eta Zubieta, azken urteotan erakutsi duten nagusitasunaren isla. Hori bai, txapela beti Luzeanek jantzi du: 2013an eta 2015ean 13-5 irabazi zuen, eta iaz 13-4. Lapurtarrak dira lehiaketaren historian txapel gehien dituen taldea: 16.

Denboran atzerago eginda ere neurtu dituzte indarrak donibandarrek eta zubietarrek: 1989an, Zubietakoak izan ziren txapeldun, orduan Yoko Garbi izenarekin 13-8 gailendu zitzaion Luzeani.