Ariane KAMIO
DONOSTIA

Existentzialismoaren begirada

Jean-Paul Sartreren obrari heldu dio Juanmari Agirreurreta filologo eta filosofian doktoreak. Autore frantsesaren «L´Ètre et le Néant» tratatu filosofikoaren «Begirada» kapituluari egin dio haginkada orain, «Jakin»-ek argitaratu duen euskarazko itzulpenean. Hain zuzen, Agirreurretak bere doktorego tesirako itzuli zuen zatia da kaleratu berri den alea, Sartrek existentzialismoari jarri zion oinarri teoriko mardulean gatazkan dagoen zati garrantzitsua.

“Jakin”-ek urtean behin kaleratzen dituen irakurgaien 48. alea Jean-Paul Sartreren (Paris, 1905-1980) “Begirada” kapituluari eskaini dio. XX. mendeko pentsalari eta erreferentziazko intelektualaren obraren zati bat euskarara ekarri du Juanmari Agirreurretak egindako itzulpenari esker. Sartreren “L´Être et le Néant” (“Izatea eta ezereza”) tratatu filosofikoaren kapitulu-zati luzea da “Begirada”, existentzialismoaren oinarri teorikoak finkatu zituen lantzarra. Agirreurretak joan den irailean defendatu zuen Sartreren inguruko doktorego tesia. «Nik Sartre literaturaren bidez deskubritu nuen. Liluratuta nengoen. Baina bere literatura ulertzeko bere filosofia ulertu behar da lehenengo». Hortik eratorria, Sartreren obran azterketa egiteko deliberoa.

Sartrek bere filosofia eszenan jartzen du literaturan, eta bi eremuok nola uztartzen dituen aztertu du Agirreurretak. «Ikuspegi diskurtsibo batetik egin dut tesia, euskaraz egiten den lehenengoa». Hain zuzen, hizkuntzen arteko desberdintasun horretatik ernatua da Sartreren “Begirada” euskarara itzultzeko egintza. «Tesia euskaraz egiten hasi nintzen eta testu guztiak frantsesez zeuden. Talka bat zegoen. Beraz, lana itzultzea erabaki nuen. ‘Jakin’-ek, beraz, tesiaren zati bat argitaratu duela esan daiteke».

Euskal esparru akademikora

Jean-Paul Sartre XX. mendeko intelektual konprometitu nagusietakoen artean dago. Existentzialismoaren teoria garatu zuen eta filosofia horren ordezkari nagusia izan zen. «Existentzialismoari oinarri teorikoa jarri zion eta kalera atera zuen». Bere lanik esanguratsuena da ildo horretan “L´Être et le Néant”. Gizakia libre izatera kondenatua zegoelakoan zen Sartre, akzioaren eta arduraren arteko uztarketa batean. «Ez dago gizaki izateko modu jakin bat. Norberak du izatearen ardura, eta beraz, gizatasunaren ardura ere bai». Eta jarraitu zuen egileak: «Nik daukat nire existentziaren erdigunea eta besteak du berarena. ‘Begirada’-n biek talka egiten dute, horregatik da beretzat gatazkatsua».

Bere lana existentzialismoaren «Biblia» bilakatu izan dela azpimarratu zuen Agirreurretak eta testu eta teoria filosofikoetan ari bada ere, autore frantsesak adibide konkretu egunerokoak erabili izan zituela txalotu zuen.

Aurretik literatur obra batzuk itzuliak baditu ere, Agirreurretak onartu zuen, gustukoa izanagatik ere, ez dela lan erraza izan Sartre euskarara ekartzea. «Erregistro filosofiko teoriko batean sartzen zara, baina familiarizatzen zara hiztegiarekin. Itzulpena ez nuen zerotik abiatu, ikerketa hasia bainuen».

Sartreren pentsamenduak eta literaturak ere eragin handia izan du euskal pentsalari eta idazle askorengan, Jose Luis Alvarez Enparantza edo Ramon Saizarbitoriarengan, kasu. Euskal Herriarekin ere izan zuen harremanik intelektual frantsesak. Gisele Halimik idatzitako “Le procès de Burgos” liburuaren hitzaurrea egin zuen, gerora euskarara ekarria izan zena.