GARA
DONOSTIA

«Junts», atxiloketa politikoen kontrako aldarria Euskal Herritik

Astelehenean Jordi Cuixarten eta Jordi Sanchezen espetxeratzearen berri izan bezain pronto hasi ziren sare sozialetan salaketa eta elkartasun mezuak. Hori praktikara eramanez, atzo milaka lagun atera ziren kalera Euskal Herrian Gure Esku Dagok deitutako elkarretaratzeetan. “Junts” (Elkarrekin) eta “Gu beti Kataluniarekin” lelopean egin zituzten deialdiak. Helburua, Kataluniako ANC-ko eta Omniumeko presidenteen «lan infinitua» aitortzea, babesa ematea eta bidegabekeria salatzea.

Donostiako elkarretaratzean egon zen Anjel Oiarbide Gure Esku Dago mugimenduko bozeramailea eta hitza hartzean gogor salatu zuen Carmen Lamela epailearen agindua. Nabarmendu zuenez, Cuixart eta Sanchez baldintzarik gabe kartzelatu dituzte herritarren borondateari era baketsu eta demokratikoan bide emateko lan egite hutsagatik.

«Ideia politikoen eta adierazpen askatasunaren aurka egiten ari da zuzenean Espainiako estatua, botere judizialaren bidez eta etengabeko beldurraren kanpaina eginez. Urrutiegi iritsi da. Herritarren oinarrizko eskubideei bizkarra eman eta gizatasunaren muga gainditzeraino. Eta orain Kataluniako independentziaren aldeko mobilizazioak eta adierazpideak delitu bilakatu nahian dabil», salatu zuen.

Estatu espainolaren jarrera oso larritzat jo zuen Oiarbidek. «Demokrazia batean aukera guztiek beren tokia izan behar dute eta proiektu politiko guztiek modu baketsu eta demokratikoan defendatu eta gauzatzeko modua izan behar dute, salbuespenik gabe».

Ildo horretan, Kataluniako prozesuaren eredua txalotu zuen. «XXI. mendeko kultura politiko berriari atea zabaldu diote katalanek eta erakutsi dute herritarren gehiengoaren borondatea beste mugarik ez duela etorkizun justuago batek. Era baketsu eta zibikoan egin dute, ahoan irribarre batekin», nabarmendu zuen.

Elkarretaratzea agur mezu bero batekin amaitu zen, bi Jordiei elkartasuna adieraziz, baita katalanez ere. «Behin ere ez zaizue gure babesa faltako. Ez gara nekatuko esateaz zuekin gaudela. Estem amb vosaltres. Jaso ezazue besarkada bero bat. Força y coratge!».