GARA
DURANGO

Sistiagaren margoaz jantziko da aurten Durangoko Azoka

Jose Antonio Sistiaga margolariarena da 52. Durangoko Azokaren kartela. Pelikula esperimental bateko diapositiba du oinarri, eskuz margotutako zeluloidea. Irudiak «unibertsoaren sorrerara egindako bidaia» iradokitzen du. Aurtengo edizioa abenduaren 6tik 10era egingo da, bost egun denera, «Sormenaren lurraldea DA!» lelopean.

Bost eguneko Azoka izango da hirugarren urtez: abenduaren 6tik 10era. Ikasle Eguna bigarren egunean ospatuko da. Halaxe iragarri zuten atzo Gerediaga elkarteko kideek. Azokako guneetako ordezkariak eta babesle publikoetako ordezkariak izan zituzten alboan ekitaldian.

Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak aurkeztu zuen edizio honetako lelo nagusia: “Sormenaren lurraldea DA!”. «Gure lurraldea ez da ohiko lurralde bat. Ez du mugarik, sormena iristen den lekuraino zabaltzen da. Lurralde honen oinarria kultura da, eta euskara da bere ardatza», adierazi zuen.

Bost dira lurralde honek dituen elementu nagusiak: sortzaileak, hartzaileak, azpiegiturak, sareak eta kultur politikak. «Bost elementuek bizia hartzen dutenean gertatzen dena zoragarria da: sortzaileak hartzaileak dituela, entzuleak plazera aurkitzen duela eta plazerak plazer berritua sortzea dakarrela». Izan ere, sormenaren lurraldeak duela hamar urte hartzaile zena gaur sortzaile izatea ahalbidetzen du.

«Durangoko Azokan gauza asko gertatuko dira: jendea eta jendea, liburuak eta diskoak, istorioak, abenturak, doinu berriak, ikuskizun harrigarriak, emozioa, pasioa, gogoeta...». «52 egun falta dira 52. ediziorako –nabarmendu zuen atzo Mujikak–. Gonbidapena egin zien bisitariei Durangora gerturatzeko: «Bost egun eta 50 ordu dituzu errutinatik atera eta sormenaren lurraldea bizitzeko. Bidaiatu sormenaren lurraldera!».

Kartelaren aurkezpena izan zen gaurko prentsaurrekoaren bigarren osagai nagusia. Jose Antonio Sistiaga margolaria izan da «sormenaren lurraldeari» irudia jarri diona. “Impresiones en la alta atmosfera” pelikula esperimentalaren diapositiba batean oinarritutakoa da. 1989. urtean egin zuen, diapositiba guztiak eskuz margotuz, kamera gabe. Lanak zazpi minutuko iraupena du, 10.000 diapositibaz osatuta dago eta ikusleak «munduaren sorrerara bidaia» egiten du. Bidaia luze horretatik, zeluloidean margoturiko milaka izar eta planetetatik bakarra berreskuratu dugu sormenaren lurraldea islatzeko», azaldu zuen Gerediagako kide Txelu Angoitiak. Sistiagak 1968. urtean erabili zuen lehen aldiz zeluloidean margotzeko teknika hau, “Era erera baleibu izik subua aruaren” pelikula esperimentalean. Teknika berritzailea izan zen, diapositiba guztiak eskuz margotutako lehenengo pelikula izan zelako, eta gaur egun eskuz margotutako film luze bakartzat hartzen da. 100.000 diapositiba baino gehiago margotu zituen, 17 hilabetez.

«Aurreko urteetan bezalaxe, aurten ere ikaslez lepo izango dugu Ikasle Eguna», nabarmendu dute Gerediagako arduradunek. Bigarren egunean ospatuko da, abenduaren 7an, eta goizean Euskal Herriko ikastetxe ezberdinetako ikasleek hainbat tailer izango dituzte eskura. Irailean ireki zen izen ematea, eta jada Ikasle Eguneko tailerretako leku guztiak bete dira. Egun honetan, ikasleak hurbiltzeaz gain, publiko orokorrak ere Azokako ateak zabalik izango ditu. Iaz lehenengo aldiz, Durangoko Azokak helduentzako tailerrak antolatu zituen Ikasle Egunerako, batik bat berbalagun eta euskaltegietako ikasleei begira. Aurten bigarren aldiz helduentzako tailerrak antolatuko ditu Azokak. Izena emateko epea (www.durangokoazoka.eus webgunean) zabalik dago urriaren 31ra arte.

Tailer guztiak abenduaren 7an izango dira, arratsaldez, hainbat gunetan. Batetik, rap tailerra iragarri dute. Helburu nagusia rapera hurbiltzea da euskal rapero baten eskutik. Bestetik, “Durangoko bonbardaketako aztarnak” bisita gidatua. 80 urte dira Durango bonbardatua izan zela. Gaur egun, oraindik, erasoa izan zela agerian uzten duten aztarnak daude. Durangoko kaleetan zehar egingo den bisitan, aztarnak ikusi eta bonbardaketa nola gertatu zen jakiteko aukera izango da.

Bikoizketa tailerra ere antolatu dute. Telebistan ohikoak diren telesail eta filmetako pasarteak nola bikoizten diren ikasiko dute parte hartzaileek, bikoizle profesionalen eskutik. Azkenik, “Autodefentsa digitalaren hastapenak” tailerrak mundu digitalak pribatutasunaren inguruan jartzen digun erronkez hausnartzea du helburu.