Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Xede politiko eta pertsonalak ikusten ditu EH Bilduk GHK-n

Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin hondakinen partzuergoko aurreko arduradunei kalte-ordainak eskatzea «gaia urrats bat harago» eramatea da, koalizioaren iritziz. Herritarrei agindutakoa betetzeagatik hala jokatzea ez dela zilegi berretsi dute.

«Mendeku politikoa eta pertsonala» ikusten du EH Bilduk Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak astelehenean iragarritako erabakiaren atzean. Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin GHK-ko aurreko arduradunen aurka Madrilgo Kontu Auzitegian salaketa aurkeztuko duela baieztatu eta biharamunean egin zuen egoeraren irakurketa koalizioak, Donostian. «Erabakia oso larria» dela adierazi zuen Ainhoa Beolak.

Gogorarazi zutenez, «legitimitate osoz eta legea %100 betez» hartu zen Zubietako erraustegia bertan behera uzteko erabakia, «zuzena eta gardena» izan zen, «interes publikoa eta gipuzkoarron osasuna» babestuz gainera. «Gipuzkoak dirua aurreztu zuen, bere lana ondo egin zuten. Auziak ez du ez hanka ez bururik», erantsi zuen Rebeka Uberak, bi auzipetuei babes osoa publikoki agertuz.

«Asensioren proposamenari bidea emanez» bozkatua eta onartua izanik, PSEren jarrerak ez dituela harritu adierazi zuten ordezkariek; hala, EAJri deia egin zioten akordioak erdiesteko, kontsentsu guneak sustatzeko. Hiri hondakinen gaian desadostasunak daudela onartuta, partekatzen diren ikuspuntuak lantzea proposatu zuten koalizio abertzaletik. «Gure prestutasun osoa agertu genuen puntu komunak bilatzeko saiakera egiteko. Baina adostasuna bilatzea baino nahiago izan dute konfrontazioaren bidean sakondu», adierazi zuen Beolak. Oraingoan, gainera, urrats bat harago joan izana leporatu zioten EAJri eta PSEri: maila pertsonalera eraman izana, 41 milioi euroko kalte-ordainak eskatuz.

Zinismo politikoa

Prozesuan bertan azpimarra jarri zuen Xabier Olano Batzar Nagusietan EH Bilduren bozeramaileak. Oso deigarria egiten zaio Madrilgo Kontu Auzitegira jo izana, auzia EAEko Auzitegi Gorenak mahai gainean duenean. «Zinismo politikoa da. Epaia itxoin aurretik Madrilera joan dira». Gogorarazi zuenez, ez zen ezkutuan erabakirik hartu eta «programa politikoa betez egin zen, gainera». «EH Bildu programa horrekin aurkeztu zen eta hauteskundeak irabazi zituen», defendatu zuen Olanok.

PP ere gaiaz mintzatu zen atzo. GHKren erabakia babesteaz gain, Batzar Nagusietan ikertzea eskatu du.