Maider IANTZI
ANDOAIN

Desorekak eta bertako eredu baten premia utzi ditu agerian udalerriei egindako eskanerrak

Gaindegiaren arabera, udalerri batek iraun dezan bertako biztanleei bizi kalitatea eta bizi proiektua bermatu behar die, ingurumena errespetatuz. Hamabost herriri eskanerra egin, eta desorekak plazaratu ditu. Eredu propio bat sortu behar dela aldarrikatu du, tokian tokikoa.

Euskal Herrian askotariko udalerriak daude: landa eremukoak, kostalde turistikokoak, hiriburuak, metropoliak, industrializazio prozesu nabarmen bat bizi ostean orain desindustrializazioan edo postindustrializazioan dauden herriak... Azken horiexek aztertu ditu Gaindegiak.

Aitzineko hamarkadan industria galdu duten hamabost udalerri aukeratu ditu, 10.000 biztanletik gorakoak. Horien artean ere berehala ikusten dira desberdintasunak. Tolosa, Zornotza eta Mungiak biztanleria aunitz irabazi dute 2009 eta 2016 artean; Eibar, Erandio eta Laudiok, berriz, galdu. Galera hau lotuta dago zahartze indize altuarekin.

Julen Landa Gizlaneko ingeniariak zuzendu du lana. Esplikatu digunez, eskuragarri dauden datuekin eta kalkulatzeko gai direnekin adierazle batzuk sortu dituzte. Horien artean daude zerbitzuen eskuragarritasuna; energia kontsumoa eta honi modu berriztagarrian aurre egiteko gaitasuna; eta mugikortasun iraunkorraren bermea. Jarduera ekonomikoa ere bai: zer aniztasun dagoen establezimenduen artean, lan merkatua nolakoa den, zein formakuntza maila dagoen, zein genero desoreka, zenbat etorkin...

Ondorioak

Landak azaldu duenez, orain arte hartutako bideek ondorio batzuk izan dituzte. Horiek, gainera, bata bertzearekin hagitz lotuta daude. Etxebizitza politikak eta jarduera ekonomikoak biztanleriak alde egiten edo bertan metatzen lagun dezakete, adibidez.

Hala, 1960-70eko hamarkadetan industrializazio prozesu bortitza izan zuten udalerriak egoera demografiko okerragoan daude orain, zahartze indize altuagoak dituztelako eta gaurko egitura ekonomikoak ez dielako erantzuten belaunaldi berrien beharrei. Bizi proiektua garatu ahal izateko kanpora jo behar dute gazteek. Establezimendu eta jarduera motetan aniztasun handiena dutenek eutsi diote hobekien ehun ekonomikoari. Horren adibide dira Zornotza, Amurrio, Leioa eta Mungia, enplegu kopurua mantendu edo handitu duten bakarrak aztertutako hamabosten artean.

Bertzetik, udalerriaren trinkotasunak, bereziki nukleoarenak, oinarrizko zerbitzuak eskuragarriago egiten ditu. Eibar da horren eredu. Aldiz, Mungian hirigintza prozesu berriak gertatu dira nukleo historikotik kanpo eta gune horietan ibilgailu pribatuarekiko mendekotasun handia dute. Udalerri guztiek dituzte ezaugarri positibo eta negatiboak.

Azterketaren emaitzak ikusita, honako baieztapena egin du Gaindegiak: «Udalerrien artean alde handiak daude beren iraunkortasunari eragiten dioten arloetan. Are gehiago, egoera horiek diktadura garaian erein ziren eta geroztik ondorioak nozitzen ditugu. Etorkizunean ere eragiten jarraituko dute».

Gizlaneko ingeniariak dioenez, herri gisa burujabetza gauzatzeko zailtasunak izan ditugu hainbat esparrutan. Hala, politika industrial konkretu batek demografiaren bilakaera bat eragin zuen. Gaur egun ere garapen ekonomiko zehatz batek biztanleriaren bilakaera modu batekoa izatea ekartzen du. Zerbitzu eta lanpostuak nukleo handietan kontzentratu, eta udalerri txikietako bizi kalitatea kaltetzen da sarri. Fluxu bat gertatu da landa eremuetatik nukleoetara.

Etxebizitza politikak biztanleria gaztea toki batean ala bertzean kokatzea du ondorio eta segregazioa ekar dezake. Energia krisi betean, arlo honetako erabakiak ere hagitz garrantzitsuak dira. Udalerriek eskumenak dituzte beraien energia kontsumoa murriztu eta energia berriztagarrien alde egiteko. Biztanleko kontsumitzen duten energian alde handia dago batetik bertzera. Etxebizitza motak, zerbitzuen eskaintzak eta kaleen egiturak energia elektrikoaren kontsumo maila baldintza dezakete.

Energia berriztagarria

Hipotesi ariketa bat planteatu du Gaindegiak: udalerriek sortzen duten energia berriztagarria herrian bertan kontsumitzen dela pentsatzea. Hori baliatuta, bakoitzak energia berriztagarria sortzeko instalatuta duen potentziaren arabera, kontsumitzen den energia elektrikotik zenbat den berriztagarria neurtu du. Emaitzak erakusten du oraindik bide luzea dagoela egiteko: Oñatik soilik sor lezake modu berriztagarrian kontsumitzen duen energiaren %100; gainerakoek hagitz ehuneko ttikia dute.

Hortaz, politikek, iraganekoek zein gaur egungoek, aunitz baldintzatzen dute gure herrien iraunkortasuna.

Galdera bat ere bota du Gaindegiak, jendeak kontzientzia hartzeko: «Ez al da beharrezkoa, bizi ditugun aldaketa postindustrialen garaian, udalerrien iraunkortasunaren eredu propioa garatzea eta lanean hastea lurralde desoreka gehiago sor ez daitezen? (enplegu asko dutenak vs ez dutenak/ errenta altuko herritarrak dituztenak vs errenta baxukoak dituztenak/ eraginkortasun ekonomiko handiko industria dutenak vs industria zaharkitua dutenak…)».

«Bizi proiektua bere udalerrian egin nahi duenak hausnar dezala ea ahal duen eta ezin badu, diagnostiko bat egin eta aldaketak proposa ditzagun», planteatu du Landak. Iraunkortasun eredu berri batean ezinbertzeko ikusten du desoreka horiei aurre egitea. Esparru guztietan burujabe (zentzu zabalean) izatea da bidea, bere iritziz. «Problematika bakoitzak bere eskala du eta horri erantzun behar diogu. Gai batzuek Euskal Herri osoa hartzen dute, besteek eskualde edo udalerri bat».

Eragileen arteko elkarlana

Ikerketaren arduradunaren ustez, iraunkortasun eredu propio hori –tokian tokikoa– eragileen artean adostu eta landu behar da. «Errealitate oso konplexuak ditugu, oso desberdinak, eta inork ez ditu denak ezagutzen. Problematika konkretu batzuei hainbat eragileren artean erantzuteko gaitasuna jarri nahi dugu martxan. Diagnostikorako neurketa eta azterlan hauen hurrengo pausoa da nola hasi lanean egoerei aurre egiteko».

Kontzeptu hagitz zabala eta erabilia denez, balioa galtzeko arriskua ere badu iraunkortasunak. «Baina, oinarrian, elkarri lotuta dauden faktore batzuek osatzen dute. Etxebizitza hutsekin dagoen arazoa ez da horiek beteta soilik konponduko; nola betetzen diren begiratu beharko da, kohesio sozialean, hizkuntzaren erabileran… eragin dezakeelako. Lan merkatura sarbide bat izatea ere beharko da».

Iraunkortasuna garapen ekonomikoari jartzen zaion etiketa berdea da. «Buruan duguna da garapen hori nola sustatu. Biztanleriaren bilakaeran pentsatzen dugu lan merkatuan egongo den beharrari begira, edo gure pentsioak ordaindu ahal izateari begira. Agian, ikusi behar dugu beste konponbide batzuk egon daitezkeela. Goazen balioa ematera egiten dugun lanari eta aztertzera zergatik ari den udalerri bat gazterik gabe gelditzen beste udalerri batean bertako enpresek nahikoa langile eduki dezaten».

 

«Ez baditugu gure herriak ezagutzen, ez gara etorkizuna definitzeko gai izango»

Udalbizi Gaindegiaren proiektu bat da, udalerrien ezagutza bildu, eragileak saretu, eta jakintza horrekin herrien iraunkortasuna bermatzeko bidea zehaztea helburu duena. «Ez baditugu gure udalerriak ezagutzen, ez badugu geure burua ezagutzen, ez gara etorkizuna definitzeko gai izango», adierazi du Julen Landa Gizlaneko ingeniariak.

Ezinbestekoa da berarentzat diagnostikoa egiteari begira adierazle batzuk definitu eta aztertzea. Baina, ohartarazi duenez, ezin dira adierazle horiek unibertsalizatu eta horien arabera udalerri guztiak konparatu. Herri tipologia desberdin pila bat dugunez, ezin dugu guztietan neurgailu baten balore bera edo neurgailu bera aplikatu. Tokian toki ikusi behar da zein neurgailu erabili eta zein diagnostiko egin, dituen behar zehatzei erantzuteko.

Zer gertatu den ikusteko balio dute azterketa hauek, baita eredu horiek errepikatzen badira zein arrisku egon daitezkeen abisatzeko ere. Prospektibak egin daitezke. Zein biztanleria dugun ikusteaz gain, oraingo parametroek segitzen badute, zein bilakaera espero dugun ere iragar daiteke. Etorkizuneko agertokiak ere plantea daitezke, halako planteamenduak egiteko: «Daukagun testuinguruak etorkizunean agertoki jakin batera eramango bagaitu eta ez badugu hori gertatzerik nahi, zein ildo jorratuko ditugu joera aldatzeko?».M.I.