Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
hendaia
Interview
TXOMIN LOPEZ MANTEROLA
BODYBOARD LEHIAKIDEA

«Bodyboard zaletasuna ez dut Hendaian hartu, inguruko hondartzetara joaten baizik»

Agian ez da oso ezaguna Euskal Herrian, baina Euskal Herriak munduan duen kirol enbaxadoreetako bat da. Berriki, Munduko Bodyboard Txapelketako proba bat irabazi du Portugalen junior kategorian, eta datorren urtean goi mailako txapelketetan parte hartzeko gogor entrenatzen ari da. Txomin Lopez Manterola bodyboarder hendaiarrarekin egon gara zertan dabilen eta zer asmo dituen konta diezagun.

Ondarraitz hondartzaren erdigunean elkartu gara, Hendaian, hangoa baita Txomin Lopez Manterola. Irribarre lotsati batekin agurtu gaitu, baina, elkarrizketak aurrera egin ahala, lasaitu egin da. Lehenik argazkiak atera ditugu, aise, gero eta famatuagoa denak argazkilarien aurrean pausatzen ere ikasi behar izaten baitu. Jarraian, kafetegi batera abiatu gara solasean aritzera.

Txominek egun babesle ugari ditu, hala nola, Bodyboard Center, Ride Bodyboard edo Donibane Lohizuneko Katxiklosing arropa marka, baina babesle nagusiak gonbidatu gaitu freskagarri bat hartzera, alegia, Edurne Manterola bere amak. Izan ere, «gehien laguntzen nautenak gurasoak dira», aitortu du eskertuta Txominek.

 

Lehiaketan oso gaztetatik

Txominek 6 urte baino ez zituen Ione arreba bikiarekin batera lehen aldiz surf taula baten gainean jarri eta olatuak hartzen hasi zenean. Hastapenetan surflaria zen, baina zenbait urteren buruan surf taula utzi eta bodyboard egiteari ekin zion. Ivon Martinez bodyboarder eta entrenatzaile ezagunari esker eman zuen jauzia; «berak sortu dit bodyboarda egiteko zaletasuna, berari esker egiten dut bodya», kontatu du Txominek.

Lehiaketetan pate hartzen 8 urterekin hasi zen, eta, modalitatez aldatu zuenean ere, lehian jarraitu zuen. Hastapeneko urte haiek gogoan ditu hendaiarrak: «Body egiten hasi eta urtebetera jada lehiatzen hasi nintzen. Lehen urtean ez nuen ezer lortu, baina, bigarren urtean, 12 urte nituela, Frantziako Kopa irabazi nuen Bretainian».

Euskal Herriko Surf Federazioak antolatzen duen euskal zirkuituan ere parte hartu du aurten Txominek. Irailean Sopelan egin zen zirkuituko lehen proban bigarren postua eskuratu zuen junior kategorian. Pasa den astean Zumaian izan zen txapelketan, ostera, bosgarren postua eskuratu zuen eta egun bosgarren postuan da euskal zirkuituko rankingean.

Asko dira Txominek eskuratutako emaitza onak, eta pixkanaka-pixkanaka, lorpen gero eta garrantzitsuagoak lortzen joan da gainera. 16 eta eta 14 urte bitarteko kategorietan, bi bider lortu du bigarren postua Frantziako Txapelketan, eta Akitania Berriko txapela ere birritan eskuratu du. Hala ere, orain arteko emaitza onena hilabete honen hasieran lortu zuen Portugalen, Nazaren izan zen Munduko Bodyboard Txapelketako proba irabazi baitzuen junior kategorian.

Lagunen sorbalden gainean zeharkatu zuen Nazareko hondartza Txominek munduko txapela eskuratu ostean, ikurrina esku artean, eta besoak pozarren jasota irribarre batek zeharkatzen zuen bere bisaia. Txapelketaren irudiak Internet bidez mundu osoan igortzen ari ziren kameren aurrean hitz egin behar izan zuen Txominek, eta euskaraz ere mintzatu zen senideei agurra luzatzeko. «Ingelesez hitz egingo nuen galdegin zidatenean baietz esan nuen, baina, gero, estresarekin, ez nintzen ausartu, beraz, frantsesez hitz egiteko esan zidaten, eta horrela egin nuen, lehenik frantsesez egin nuen, haiek ulertzeko, baina gero euskaraz», esplikatu du Txominek.

Duela bi urte hasi zen Munduko Txapelketako probetan parte hartzen Portugalen. Sintra Pro lehiaketan bi aldiz parte hartu zuen, baina ez zuen emaitza esanguratsurik lortu. Aurten Portugalen izan da berriz ere, eta mundu mailako hiru txapelketa jokatu ditu. Sintran bederatzigarren postua eskuratu zuen, Vianan bosgarren geratu zen eta Nazaren txapela irabazi zuen.

Olatu indartsuen zale

Portugalen, olatu indartsuak menderatzeko duen talentua erakutsi zuen Txominek. Aurten Sintran ez dira olatu oso onak izan, baina Vianan eta Nazaren bi metroko olatu indartsu eta borobilak izan dira, oso olatu onak, eta kontuan hartzekoa da Txominek halako baldintzetan lortu izana emaitza onenak.

Beldurtia al den galdetuta ezetz erantzun du; «olatu indartsuak maite ditut, baina nahiago dut hondarra harria baino», zehaztu du Txominek. Jarraian, honakoa gaineratu du: «Hondoan haitza den lekuetan beldur gehiago ematen dit, baina hondartzetan olatu lodiak maite ditut. Fronton bezalako urautsi batean, adibidez, beldur pixka bat ematen dit, baina Nazare edo Hossegor bezalako lekuetan lasai aritzen naiz».

Hendaia ez da batere leku ona bodyboard egiteko, bertako olatuak oso etzanak baitira; hastapenetan diren surflari eta bodyboarderrentzat egokiak dira, baina gutxieneko maila duteentzat eskas bihurtzen dira, ez baitute indar handirik eta ezta tuborik ere. Ondorioz, bodyboard zaletasuna ez du herrian hartu, «Hendaian ez baita olatu onik. Aldiz, Ivon entrenatzailearekin leku anitz ezagutu ditut. Gipuzkoara sarri joaten gara, Orio eta Zumaiara, baita Landetara ere, Hossegor eta antzeko lekuetara. Hori bai, Hendaian bizi naizenez, gehienetan hemen ibiltzen naiz», argitu digu Txominek.

Munduko edozein lekutara bidaia bat egiteko aukera izanez gero, Txominek Australia aukeratuko luke, azaldu digunez, «Australia osoan bodya egiteko leku oso onak baitaude». Zentzu berean, munduko bodyboarder onenak hautatzerako orduan ere, ez du zalantzarik; «nire ustez, onenak Mitch Rawlins eta Ben Player australiarrak dira», ziurtatu du hendaiarrak, eta haien estiloa zergatik maite duen gogoeta egin du: «Rawlinsen estiloa da munduko hoberena, olatuetan nola ibiltzen den, nola marrazten duen olatua, olatua nola irakurtzen duen... Zinez maite dut».

Gustuko dituen bodyboard zaleen bideo anitz ikusten dituela kontatu digu Txominek, «ikusten asko ikasten baita». Eta gertuagoko bodyboardzaleei ere begiratzen die, noski. Ivon Martinez hendaiarra eta Alex Uranga zumaiarra dira gustukoen dituen euskal kostaldeko bodyboarderrak.

 

Ezker-eskuin, lanean

Txominek ez du beste kirolik egiten, baina nahiko balu ere ez luke astirik izango, astean zehar goi mailako entrenamendu fisikoak izaten baititu. Bi egun igerilekura joaten da, beste egun batean luzaketak egiten ditu eta horri guztiari itsasoan pasatzen dituen orduak gehitu behar zaizkio. Dudarik gabe, olatu artean igerilekuan baino gehiago gozatzen du.

Mota guztietako ariketak egiten ditu, baina gehien maite duena back flip ariketa da (aireko bat atzerantz, buruz bera itzulita), eta noski, «tuboak ere maite ditut, sentsazio hoberena da tuboa», azpimarratu du.

Lehiaketarako lagungarri zaion dohain bat ere badu Txominek: «Bodyboarder askok, soilik olatuaren alde bat menderatzen dute. Beraz, beti ezker olatuak hartzen dabilen norbait, ezker olatu batean jokatzen den proba batean ongi arituko da, baina, eskuin olatua tokatzean, arazoak izango ditu. Nik zortea izan dut, zeren Ivonek betidanik irakatsi digu bi aldeetara ibiltzen, eta hori txapelketan oso garrantzitsua da».

Gaur egun, ikasketak eta kirola uztartzea da Txominen eginbehar nagusia, baina euskaraz aritzeko arazoak ditu. Pôle spoir surflari eta bodyboarder hoberenak biltzen dituen Akitaniako departamenduko sekzio bat da, eta haien artean da Txomin, baina guztiak ikastetxe frantses batean bildu behar dira, ez da beste aukerarik. Horrenbestez, Txominek ikastetxe frantses batera joan behar izan du, berak honakoa aitortu badigu ere: «nik nahiago nuke euskaraz ikasten jarraitu».