Ane URKIRI

HAZI ETA HAZI ARI DEN POPULAZIOA ITSAS JAKIEZ ASETZEKO TEKNIKA

Euskal Herriko akuikultura ikastetxe bakarra da Mutrikuko Kardala LHI. Imanol Garate zuzendariak nekazaritza edo abeltzaintzarekin alderatzen du arrain-produkzioa, beti ere modu etikoan garatuz. «Ehizarekin gizarte osoa hornitu ez daitekeen bezala, arrantzarekin ere gauza bera gertatzen da», nabarmendu du.

AEBetako Santa Barbara Unibertsitatearen ikerketa batek aurreikusten duenez, 2050erako 10.000 milioi biztanle izango ditu munduak, «eta ez da espero arrainaren eskaria gutxituko denik», zehaztu du Imanol Garatek, Kardala LHI akuikultura ikastetxe publikoko zuzendariak.

«Jada munduan kontsumitzen diren itsas produktuen erdiak akuikulturakoak dira», jakinarazi du, hori 2025erako gertatzea aurreikusten zela argituz eta Euskal Herrian produkzioa garatuta ez dagoela gaineratuz. Arlo honek fama txarra duela onartu du Garatek, baina formaziorik ezagatik gertatzen dela argitu du. «Nekazaritza eta abeltzaintza ondo ikusiak daude, eta jakina da modu ez etikoak ere erabiltzen dituztela», ohartarazi du, berak beti ere etikoki zuzena den akuikultura baten aldeko jarrera duela azalduta. Farmakologian oinarritutako akuikulturaren aurka dago, nekazaritzan transgenikoen erabileraren kontra dagoen legez. «Europan araudi zorrotza dago, izan behar den moduan. Guztiz debekatua dago hormona edo txertoen erabilera, esaterako».

AEBetako ikerketak nabarmentzen duenez, arrainen %90 inportazio bidez eskuratzen ditu Ipar Amerikako herrialdeak. Horrek 13.000 milioi dolarreko gastua suposatzen dio eta, horrenbestez, argudio ekonomikoa akuikultura babesteko argudio nagusietako bat da. «Euskal Herrian, adibidez, daukagun porturik handiena Foronda da; bertan deskargatzen da euskal portu guztietan deskargatzen dena baino arrain gehiago. Asko kanpoan ekoitziriko akuikulturakoak dira, beste batzuk gure arrantzaleek munduan zehar arrantzatutakoak». Adibidea etxera ekarri du Garatek eta beti erabiltzen omen duen konparaketa azaldu digu: «Ezinezkoa litzateke ehiza edo fruitu bilketarekin nahi adina jaki edukitzea; horregatik, bere garaian neolitikoa garatu zen, hau da, pixkana ehiztari eta biltzaile izateari utzi, eta nekazaritza eta abeltzaintza lantzen hasi zen gizakia; bada itsasoan gauza bera gertatzen da».

Biztanleria guztia asetzeko akuikultura edo arrain-hazkuntza ezinbestekoa izango dela uste du, arrain kontsumoa hazten baitoa, «osasunerako onura asko dituelako».

Arrantzaleen afera

Hezkuntza edo formakuntza bidez akuikulturari buruzko aurreiritziak ezabatzeaz mintzo da Garate: «Hemen akuikultura arrantzaren kontra dagoela pentsatzen da. Hori esaten dute zenbaitek, baina ez dauka fundamenturik. Hori defendatzen duten argudioen zain nago, nik arrantza eta akuikultura erabat osagarri ikusten baititut».

Dena den, gurean arrantzaleen eta akuikulturako adituen artean erlazio txarrik ez dagoela dio, «gure itsasoan ez delako akuikultura existitzen». Halere, ez omen legoke arazorik moluskuak edo ostrak ekoizteko; bai, ordea, lupia edo urraburuaren kasuan. «Orduan sortzen dira mesfidantzazko jarrerak, elkarri lana kentzen ariko bagina bezala, eta zenbait arlotan, nahitaez, lotuta daude», azaldu du patxadaz. Adibide legez, arraina hiltzen ez duten arrantza mota aipatu du, ondoren gizendu eta saltzeko erabiltzen dena. Eta akuikulturak espezieak birpopulatzeko duen gaitasuna gogorarazi du: «Ez da urrutira joan behar, Galizian gaur egun egiten da, teknika bat da».

Mendexa eta Lemoiz

Euskal Herrian teknika hau aurrera eramateko nolako ekoizpena egitea interesatzen zaigun hartu behar da kontuan, «eta herri bezala diseinatu beharko genuke, beharrezkoa baita. Erabaki dezakegu akuikultura ez garatzea, baina, nolanahi ere, akuikulturako produktuak jango ditugu, kanpoan ekoitzi eta hemen salduko dizkigutenak. Aurkitu behar dugu gure ezaugarrietara moldatzen dena. Hau da, espezie batzuk ur berotan hazten dira eta guk hori egitea ur berorik ez daukagunean...», hausnartu du.

Mendexa eta Lemoizko akuikultura proiektuak aurkeztu dira aste honetan– molusku eta ostren ikerketa eta garapenerako– eta Garatek, teknikariak hezten dituen ikastetxeko zuzendaria izanik –Euskal Herriko azpiegitura publiko bakarra–, lan eskaintzarako garrantzitsuak izango direla gaineratu zuen. «Leku egokia da, baina ikusi behar da nork egiten duen, zein motatakoa den eta zein baldintzatan egiten den».