GARA
BILBO

Basozainen aldeko epaia beteko duela hitzeman du Aldundiak

2015ean EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epaiak basozainek suteetan egiten duten lana aitortzera derrigortzen du Bizkaiko Foru Aldundia. Horren aurrean, zein jarrera izango duen argitzeko eskatu zioten Podemos taldeko batzarkideek atzoko Batzar Nagusian.

2015ean EAEko Auzitegi Nagusiak basozainen alde emandako epaia errespetatuko duela zin egin zuen atzo Bizkaiko Aldundiak, Batzar Nagusietako Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko Batzordean.

Aipaturiko epaian baso eragileek suteak itzaltzeko lanean duten parte-hartzea aitortzeko eskatzen zitzaion, 2009ko suteen plan estrategikoan aipatzen ez zen puntua.

Erabaki horren aurrean Aldundiak zein jarrera izango duen argitzeko eskatu zuten Podemos taldeko kideek, eta Elena Unzuetak, aipatu saileko ahaldunak, epaia guztiz errespetatuko dutela hitzeman zuen, eta horretarako eman behar diren pausoak emango dituztela; «ez dugu errekurtsorik jarriko». «Eskari honen muina zen argitzea zer egingo dugun epaia jaso dugun momentutik; bestelako gaiak jorratzeko eskumenik ez du sail honek –lan-baldintzak, kasu–», ohartarazi zuen Unzuetak, Jose Angel Elgezabalen zalantza batzuei erantzunez.

Gatazkaren muina da 2009ko planean basozainek suteetan zituzten eskumenak ez zirela aitortzen, nahiz eta errealitatean lan horiek gauzatu, eta hori dela-eta auzitara jo zuten langileek. Hain zuzen, borroka hori bururaino eraman eta aitortza lortu izanagatik basozainak zoriondu zituen EH Bilduko batzarkide David Lopategik. Horretaz gain, gatazka hau argitzeko epaitegietara iritsi beharra zegoen galdetu zuen, «negoziaketa mahaian konpondu zitekeenean», baina ez zuen erantzunik jaso, ez Aldundiaren partetik, ezta bere batzarkideen aldetik ere.

Maria Presa jeltzaleak, bestetik, azaldu zuen urriaren 20ko batzordean basozainen eskakizun bakarra sententzia hori benetan aplikatuko dela ziurtatzea zela. «2009ko planaren balorazio negatiborik ez zuten egin, nahiz eta badakigun beti hobetu daitekeela», onartu zuen.

Bitartean, talde sozialistako Marimar Rodriguezek zehaztu zuen aktibatze sistema bat dagoela, ohiko bidea jarraituko dela eta «lanpostuen balorazioa negoziazio mahaian egin beharko» dela. Bestetik, Eduardo Andresek, popularren taldekoak, ez zuen ezer berririk gaineratu, Aldundiaren jarrera argi dagoela argituz.

Baso autoktonoen eguna

Eztabaida hau guztia, kasualitatez, Baso Autoktonoen Egunaren inguruan gertatu da. Izan ere, atzo, azaroaren 23an, ospatu zen tokian tokiko basoen eguna.

Hitzordu horren harira, baso kudeaketaren berrorientatze ekologikoa egiteko eskatzen die Kolore Guztietako Basoak erakundeak Bizkaiko udalei zein Aldundiari: «Baso autoktonoen azalera handitu eta biodibertsitatea hobetzeko». Eta nabarmendu zuten Bizkaian eukaliptoek %76ko azalera duten bitartean, %24koa dutela haritzondo, pagadi eta artadiek.

Bestalde, gaur Base Gorria zerbitzuaren azpikontratazioaren afera eramango dute Batzar Nagusietara baso eragileek.