J.L.
PILOTA

Final laurdenetarako txartelak jokoan

Berezkoen Superprestige torneoko lehen bi kanporaketetako irabazleak elkarren aurka arituko dira gaur Donibane Garaziko Garat trinketean. Lehen bi jardunaldietan jaialdiak 15.00etan hasi dira, baina gaur 16.00etan hasiko dira partidak, horrela betiko ordutegira itzuliz. Ordua aurreratzeko probak badirudi ez duela nahi bezalako emaitzarik izan, eta, ondorioz, betikora pasatzea erabaki dute.

Lehen kanporaketan, Ximun Lanbert eta Gixandut izango dira aurrez aurre final laurdenetarako txartela lortzea helburu. Azken hori izango da garaipena lortzeko faboritoa. Lehen kanporaketan ez zion inongo aukerarik eman Migeltorenari (40-17), eta gaurkoan bide beretik jarraitu nahi du.

Ximun Lanbertek ere ez du atzera geratu nahiko, nahiz eta jakin dirua bere aurka aterako dela, eta saiatuko da ezustea ematen. Lehen kanporaketan 40-32 irabazi zion Monzeri. Kanporaketa honetako irabazleak Gonzalezen aurka aritu beharko du datorren astelehenean.

Beste kanporaketan, Etxegarai eta Bilbao izango dira aurrez aurre, hau izango da, gainera, jaialdiko bigarren partida. Hemen, Bilbao izango da irabazteko faborito nagusia. Lehen kanporaketan Darmendrail gaztea hartu zuen mendean, 49 eta 28, baina uste baino gehiago sufrituta, ordea.

Etxegarai galtzeko ezer gutxirekin plazaratuko da, eta horrekin jokatu nahiko du, jakin baitaki dirua bere aurka egongo dela, eta Bilbao dela faborito garbia. Aurreneko kanporaketan Amulet menderatu zuen, baina azken horrek ezin izan zuen partida amaitu, min hartu zuelako. Ordurako, baina, Etxegarai alde nabarmenarekin ari zen irabazten. Kanporaketa hau gainditzen duen pilotariak datorren astelehenean Ospitalen aurka jokatu beharko du.