Patxi GAZTELUMENDI
52. DURANGOKO AZOKA

GAZTETZEN ARI DA

POZIK AGERTU DIRA ARGITALETXE, MUSIKARI ETA EGILEAK. EGUNERO MODU OREKATUAN JOAN DIRA SALMENTAK, EKITALDIAK ARRAKASTATSUAK IZAN DIRA, PUBLIKO GAZTEAK LEKUKOTZA HARTU DU ETA JOERA BERRI BATZUK MARRAZTEN ARI DIRA EUSKAL KULTUR TRANSMISIOAREN PANORAMAN. 2017KO DURANGOKO AZOKAN IAZKO DATUAK HOBETU DIRELA ADIERAZI DIGUTE BISITATU DITUGUN GUZTIEK.

Aurrez aurre egon dira aurten Txalaparta eta Susa argitaletxea. Igandearekin neke aurpegia eta pozarena uztartu dira editore, idazle eta Azokan egunero lanean aritu direnen artean. Jon Jimenez eta Mikel Sotorengana hurbildu eta argi adierazi zuten biek. «Urte ona joan da, aurreko urtekoa baino hobea izango zela bagenekien larunbatetik», Jon Jimenezen hitzetan. Kezkati zetorren Mikel Soto, baina «orain arteko azoka homogeneoena» izan dela gaineratu du.

«Politikoki ikusita, ikusten da jendea apal dagoela, baina hemen ikusi duguna da badagoela errelatoaren inguruko hausnarketa bat egiteko gogoa», Jimenezen hitzetan. Iñaki Egañak idatzitako ETAren historia edo Alfonso Etxegarairen memoriak –otsailean Maiatz argitaletxeak euskaraz argitaratuko dituenak– izatea salduenak zer pentsatua eman die.

ETAren historiari buruzko liburua gehiago saldu dute euskaraz gazteleraz baino, eta batez ere jende gazteak erosi duela aipatu zuen Garazi Arrula idazleak. Bere narrazio bilduma ere oso ondo mugitu dela esan digu, baina garrantzia gehiago eman nahi izan dio Txalapartara hurbildu den jendearen gaztetasunari. Ondoko mahaian irakurtzen ari zen duela 30 urtetik Durangoko Azokara urtero etorri den Jose Mari Esparza. Harro dago. «Txalaparta, esperientzia eta lan askoren metaketaren ondorioz, inoizko ekipo onenarekin dago orain».

Susa argitaletxean aurten ere egunero izan dira idazleak liburuak sinatu eta irakurleekin harremanean. Uxue Alberdiren “Jenisjoplin” salduena izan bada ere, Eider Rodriguez eta Arantxa Iturberenak ere asko mugitu dira. Ia egunero ikusi ditugu liburuak sinatzen eta elkarrekin.

Gorka Arrese Susako editoreak, baina, begirada urrunago jarri du: «Azken hamar-hamabi urteak historia osoko urterik emankorrenak izan dira literatura eta musikarentzat. Ez dugu sekula horrelakorik ezagutu historia osoan. Eta horretan parte hartu dugu Azokara etorri garen guztiok: idazleak, musikariak, argitaletxeetako jendea.. eta igarri egin du Azokak». Lehen Azoka baino ez zena, orain «kultur ekitaldi bat ere» bihurtu da aurten editorea izateari utziko dion Gorka Arreseren ustez. Berezia izan da alde horretatik Azoka berarentzat. Ez soilik idazleak eta irakurleak agurtzeko parada izan duelako, baizik eta berarentzat berezia izan delako argitaratu dituen liburuen izaera bera ere. «Susak zortea eduki du bost hamarkada ezberdinetan jaiotako idazleen liburu berriak atera dituelako. Udazken honetan 90eko hamarkadan jaiotako Martin Bidaurren liburua, 80ko hamarkadako Uxue Alberdirena, 70eko hamarkadako Eider Rodriguezena, 60ko hamarkadako Arantxa Iturberena eta 50eko hamarkadako Xabier Montoiarena kaleratu ditugu».

Erein eta Elkar beste kale batean izan dira. Eta Eider Arzak eta Antxiñe Mendizabal ere pozik agertu dira. «Aurtengoa jendetsua izan da, uste genuen egun batzuk izango zirela flojoagoak, baina ez da horrela izan, eta oso pozik gaude», lehenik Ereingo langile Eider Arzakek. «Salmentak ondo joan dira, etorri diren egileak sinatzen egon dira gainera». Anjel Lertxundi eta Toti Martinez de Lezea ikusi ditugu egunotan, Nerea Arrien edo Alaine Agirreren stand berean.

Antzeko iritzia du Elkar argitaletxeko Antxiñe Mendizabalek ere. «Aurten egunero jendea ibili da, ez da pilaketarik egon eta orekatuagoa izan da dena, erosteko eta saltzeko ere erosotasuna eman digu horrek gainera». Kattalin Minerren “Nola heldu naiz ni honaino”, Alaine Agireren “Bi aldiz erditu zinen nitaz ama” eta “Elurra ikusi dut” Xabier Leteren poemekin Koldo Izagirrek apailatutako antologia izan dira irakurleek gehien eskuratu dituzten lanak.

Iaz Angela Davisekin bezala, aurten ere Silvia Federiciren bi liburu egon dira Azokan. Elkarrek “Caliban eta sorgina” ondo saldu du, eta Katakraken “Soldataren patriarkatua” izan da aurtengo liburu salduena. Nerea Fillat Katakrakeko kideak adierazi duenez, «publiko gaztea teoria feminista eta saiakerak irakurtzen ari da orain», eta harrituta daude iaz ateratako Angela Davisen liburua, orain ere beste nobedade guztiak baino eskatuagoa izan delako. Bigarren urtea du Katakrakek liburugintzan eta oso pozik itzuli dira Durangotik Iruñera.

Ilaren Azoka

Lasaiagoa izan zen igandeko jarduna, goizean bederen. Goizean ertzainak etorri ziren Ahotseneara, baina ez jotzera. Arratsalderako haize bolada oso handiak espero zirela aurreikusita, 18.00etatik aurrerako saioak bertan behera geratu ziren. Asteburu osoan musikazale gazte asko hurbildu da musikari eta diskoetxeen stand ezberdinetara. Eta aurtengo a«ilaren azoka» izan dela aipatu zuen Ritxi Aizpuru Baga Biga diskoetxeko kideak. «Ilara asko egon dira, salmenta onak egon dira, jendea artistekin eta idazleekin batera egon da, eta hori oso indartsua da». ETS taldeak 1.500 disko liburuak agortu ostean, bihar inprentara berriz joateko pozik zegoen Aizpuru. Handik gertu pozik zeuden Su Ta Gar taldeko Xabi Bastida eta Aitor Gorosabel ere. GARArekin plazaratu zuten diskoaren bira berezi bat egin dute aurten antzerki aretoetan, eta Donostian grabatutako zuzeneko emanaldia (bi disko) eta DVD bat ekarri dituzte azokara. Adin guztietako publikoak maite du Su Ta Gar. Eta jende gaztearen kutunak dira oraindik. Datu esanguratsu bat: Azokara ekarritako poltsa guztiak agortu dituzte aurten.

GARA egunkariko postuan ere “Bat, bi, hiru, hamar” disko-liburua izan da salduena. Ez dira gazteenak izan, ordea, berau eskuratu dutenak, izatekotan “Egin” egunkaria ezagutu zuten belaunaldikoak izan direla erosleak aipatu ziguten gure lankideek.

«Zoragarria izan da», Galder Izagirre Berri Txarrak taldeko kidearen berbetan. «Disko berria zen eta publiko bat badugu, baina guri ere gainezka egin digu», aitortu digu Gorka Urbizuk pentsakor jarrita. «Gainera, gure katalogoan biniloak ere baditugu eta ikusten dugu nola jende gaztea disko horiek erosten ari den. Aldaketa bat ematen ari da». Oso eskertuta eta hurbil sentitzen dira zaleekin. Eta Azokak Berri Txarrak taldearentzat duen gauzarik ederrena «artisautzaren izpiritua» da Urbizurentzat. «Guk eskuz egiten ditugu gure kantak, eta gero grabatu eta guk saldu… eta jendeak zuzenean erosten dizkigu eta bere iritzia ematen digu. Horrek ez du preziorik».

Pozik zeuden Musika Zuzenean standean ari ziren musikari gazteenak, musikagintzan esperientzia handia duen Koldo Otamendiren aldamenean. 50 disko berri baino gehiago ekarri dituzte taldeek Durangora. Aukera aparta izan da beraientzat, stand batean ezin dutelako egon bestela. MICE taldearena izan da salduenetako bat eta pozik agertu da Miren Narbaiza abeslaria. «Oraindik bost kontzertu baino ez ditugu eman, baina oso pozik nago. Hasi berri dugun etapa honetan oso harrera ona eduki dugu gure txikitasunean».