Jon GARMENDIA
Idazlea

Noiz hil behar den jakitea

Il est préférable pour un écrivain de ne pas mourir en même temps qu’une vedette de la chanson, sous peine de voir sa disparition éclipsée» erran zuen Jean D’Ormesson idazle handiak, eskuindarra izanagatik ezkertiar askoren sinpatia eskuratua zeukanak, bere eztabaidatzeko manera goxo eta umoretsuagatik batez ere. Ezpainetan irribarrea zeukala erran zuen idazle batek kontuz ibili behar zuela bere heriotza egunarekin, kantari ezagun baten heriotzarekin kointzidituz gero eklipsatua geldituko zelako. Adibide gisa jartzen zuen Jean Cocteaurena, poeta distiratsu hura Edith Piaf zendu zen egun berean itzali baitzen, haren hurbileko laguna izanda gainera, non, batzuek, Piafen heriotzak sortu zion tristeziari egotzi ziotela Cocteauren heriotza. Baina argi guztiak Piafek eraman zituen, eta Cocteau ilunpean gelditu zen agurraren orduan. Eta destinuak Jean D’Ormessoni gauza bera gertatzea nahi izan du, bera hil eta ordu gutxira zendu baita Johnny Hallyday izar puska, Frantziako ikono bat, milaka emoziozko malkoren iturburua. Presidente historiko bati egiten zaion agur jendetsua izan du kantariak, ehunka mila zale bildu dira Parisen asteburuan, loreak eta kandela gorriak pilatu dira eliza atarietan, eta tristezia gailendu da nahinon. Dena Johnny Hallyday den hexagonoan Jean D’Ormessonekin norbait akordatu ote den da galdera, batentzat ahaztezina, errepikaezina edo gisako adjektiboak isurtzen diren artean, Richelieu kardinalak sortutako Frantses Akademian hamabigarren besaulkia zeukan D’Ormessonentzat ez baita askorik. Zortekoak gu, hiltzeko egun onik ez dugun jendeok, nagusiki, egun on bakarrak bizitzen ditugunak direlako.