Arantxa MANTEROLA
PARISEKO «ORAIN PRESOAK»&flexSpace;MANIFESTAZIOAREN OSTEAN

Parisek meza bat balio izan zuen...

LARUNBATEKO «ORAIN PRESOAK» MANIFESTAZIORA PARISERAINO JOAN ZIREN MILAKA EUSKAL HERRITARREK, BATEZ BESTE 900 BAT KILOMETRO EGIN ZITUZTEN JOATERAKOAN. ETA BEREN ETXEETARA ITZULTZEKO BESTE HORRENBESTE, JAKINA. BUELTAKO BIDAI HORRETAN, HAINBATEN INPRESIO, SENTSAZIO, ITXAROPEN ETA ANEKDOTAK BILDU DITUGU LERROOTAN.

Vauban plazako hitzartzeak amaituta, “Sarri, Sarri” abestiaren doinuek ekitaldiko tonu serioa leundu dute bat-batean, eta, bildutakoen artean, multzo handi bat –gazteak gehienbat– oholtza bilakatutako kamioi aurrera inguratu da berehala. Beste askok, berriz, laster ekin diote tripa zorrien dantza amatatzeari.

Han-hemenka motxiletatik ateratako patata tortilla, ogitarteko eta fianbreren inguruan jarrita, Ondarroako talde bat. Autobusez egin dute bidaia eta itzulerarako indarrak hartzen ari dira. Urtzak «ilusioz eta gogoz» bizi izan du mobilizazioa. «Gogo handiarekin etorri gara konponbidean, orain zehazki presoen auzian, urratsak bultzatzeko. Orain are eta ilusio eta gogo handiagoarekin itzultzen naiz etxera. (...) Gobernu frantsesak keinu batzuk egin ditu eta konbentzituta nago gauzak mugituko direla. Espainiarekin, aldiz, duda gehiago ditut...», dio.

Itsasuko Intzak ere ahalegina eraginkorra izango dela espero du. «Posible da, sinets dezagun». 21 urteko gazteak argi du «gauzak aitzinatzeko bidean etxetik urrunera jendea mugiarazten duen nahikeria badela».

Berdintsu ikusten ditu gauzak 31 urteko Eukenek. Azken autobusean etorri da. «Gure kuadrillan beldur ginen nahiko jende izango ote ginen, baina, azkenean, oso ondo. Giro polita eta oso pozik. Seguru nago Paris mugituko dela», nabarmendu du irmo andoaindarrak.

Ahurtitik etorri da, berriz, Arño Cachenaut, adinean aurrera doan laborari sindikalista. Harentzat ere une berezia izan da. «Biziki ongi bizi izan dut horren nonbre handian Euskal Herritik jindako jendea Parisen biltzea. Momentu indartsua izan da (...) Bake prozesuan ari direnek eta Ministerioarekin solastatzen direnek sostengua behar dute».

Hotzak bultzatuta

Latz jotzen duen haize hotza medio, eta lehen autobusen irteerako ordua hurbiltzen ari denez, gehienek agudo egin dute hanka Invalides eremuko plazatik. Montparnasseko tren-geltokirako bidea hartu eta lepoan bakegileen zapi urdina daraman taldetxo batetik Iruñeko Ramon lasai asko doa, ostiraletik baitaude Parisen eta bihar arte ez baitira etxeratuko: «Oso hunkigarria izan da, bukaera batez ere. Hotza pasatzea merezi zuen; gehiago pasatzen dute erbestean eta kartzelan ditugun neska-mutilek. Gobernu frantsesak gure oihua entzun duelakoan nago, baina jaramon egiteko gehiago egin beharko dugu. Eta zer esanik ez espainolarekin!» ziurtatu du, Ipar Euskal Herritik egiten ari den lana goraipatu aitzin.

Agurainetik joandako Immari ere «inpresio izugarria» eragin dio mobilizazioak. «Parisen erdian horrelakoa egitea sekulakoa da. Hemengoek behintzat ikus dezaten Euskal Herrian zerbait gertatzen ari dela eta presoak etxera eraman behar ditugula behin betiko».

Geltokiko dezibelioak gorantz

Montparnasseko geltoki handian, ohi moduan, jendetza. Tartean, zapi urdina lepoan daraman jende multzo handi bat, geltokiko zaratari dezibelio pare bat gehiago erantsiz. Denak adi-adi pantailetan TGV bereziaren nasaren zenbakia noiz agertuko. Halako batean, irteerarako ordu laurden eskas falta dela, azaldu da eta jende uholdeak trumilka eta urduri hartu du nasa. Trena luzea da oso, eta igotzeko unea nahasia izan da, baina azkenean abiatu da, ustez, bidaiari guztiak hartuta. Bagoiz bagoi eserleku bila ibili direnak lekua hartu dutenean, eta behin Paris atzean utzita, giroa baretu da.

Han galdetu diogu Azpeitiko Joxeri zer moduz joan den eguna. Arnasa berreskuratu du nasan egindako korrikaldiaren ondoren. Gobernu frantsesak presoen aldeko eskaerak entzungo dituen esperantzarekin etorri da, «baina… Eusko Jaurlaritzakoei entzunda, ez dakit ba, ikusiko dugu», dio ironia puntuarekin. Konfiantza gehiago gu bake artisauengan: «Zerbait egitekotan argi dut horiek egingo dutela, ez haiek. Gu guztion laguntzarekin, noski». Prest agertu da «bidaia luzea berriro egin behar bada» egiteko: «Pentsa, 13 urteko mutil kozkorra nintzenean etorri nintzen abesbatza batekin hona, eta, orain, 62 urte igarota, etorri naiz bigarren aldiz Parisera».

Mañuk berriz ez du Joxeren nekerik. Gazteago ere bada. Umoretsu etorri da «Ferminen kantuekin» dantzan aritu ostean. «Pozik naiz baina, aldi berean, pixka bat penatuta ere bai. Johnnyren [zendu berri den Hallyday abeslari ezaguna] omenaldiarekin, telebista eta hedabideetan ez dute biziki aipatuko gure manifestazioa». Gobernu frantsesa «pausotxo batzuk» egiten hasi dela uste du: «Ongi litzateke orain pausu handi bat egitea».

Mañuk, sinbolikoki bada ere, egin du urrats handi bat eta ez nolanahikoa, alajaina! Hamar bat preso etxera daramatza. «Hor daude» dio behatzarekin bagoi sarrerako izkina bihurrikeriaz seinalatuz. Han hamar bat globo zuri ikusi ditugu, manifestazioan musikariekin joan den kamioian zeuden ehunka globoetako batzuk. Bukaerako hitzartze eta abeslarien emanaldia amaitutakoan «erreskatatu» egin ditu. «Gazte zuberotar batzuk, maskaradan zirelakoan-edo, jokoan hasi dira zanpatzen eta leherrarazten eta eskuetatik kendu dizkiet; ‘ei, hauek gure 305 presoak irudikatzen dituzte!’ esanez. Zur eta lur geratu dira eta hogei bat ‘salbatu’ ditut, baina trenean sartzerakoan izandako nahaste-borrastearekin erdiak galdu ditu…» dio, hiski, emakume senpertarrak.

Pixkanaka, Euskal Herrira iritsi da itzulerako bigarren trena. Baionan jaitsi da jende multzo handia, gehienak Ipar Euskal Herriko bazter guztietatik etorritako 250 bat lagun. Handik Hendaiarako tartea luze egin da. 22.15ak dira. Txingurri ilara luze-luzeak hartu du geltokiko nasa. Kanpoan, autobus mordoa zain beren herrietara hurbiltzeko.

Batik bat helburuaren eta bidaiarien aldetik begiratuta, bidaia berezia bukatu da haientzat, edadeko emakume baten komentarioak ederki asko laburbildu duena Frantziako errege bilakatzeko Enrike IV.a esandako hitzen haritik: «Harentzat Parisek meza bat balio izan bazuen, gure presoengatik zer gutxiago? Parisera eta behar den lekura joango gara berriro ere denak etxeratu arte!».