Ane URKIRI ANSOLA
ONDARROA

Ondarroako ontzien salmentarekin arrantza baimenak ere galdu dira

«Urondo» eta «Urertza» alturako ontziak saldu dituzte, eta horiekin batera bi lizentzia galdu dira, Galiziak erosita. LAB sindikatuak elkarretaratzea egin zuen Ondarroako portuan baimenen pribatutasuna salatzeko. Arrantza politika egoki bat ezartzeko eskatu zioten Lakuari eta duela hiru urte aurkeztu zuen Plan Estrategikoa bete dezala.

Ondarroako portuko bi arrantza-ontzi saldu dituztela-eta, LAB sindikatuaren ekimenez udalerriko portuan mobilizatu ziren langile zein ordezkariak, “Urondo” eta “Urertza”-ren salmentekin batera lizentziak ere Galiziara joan baitira. Sindikatuko kide Leo Belaustegik GARAri adierazi zionez, kezkagarriena bi arrantza eskumen galdu izana da.

Atzoko elkarretaratzearekin, beraz, lizentzien pribatutasuna esku publikoetara pasatzeko eskatu zioten Lakuari. «Espainiar Estatua 1986an Europar Batasunean sartu eta baimenak pribatizatu egin ziren», azaldu zuen; beraz, armadoreak ontzia saltzea erabakiz gero, lizentziarengatik diru gehiago mugitzen da, «eta hori da Eusko Jaurlaritzari axola zaiona».

Horregatik eskatzen dute orain hiru urte Lakuak aurkeztu zuen Plan Estrategikoa aplikatzea eta, batez ere, errespetatzea. «Arrantza politika egoki bat nahi dugu, harrapaketa publiko baten aldeko jarrera bultzatzea estamentu publiko baten bitartez, Euskal Herrian historikoki indar handia duen jarduera ekonomikoa mantendu dadin –adierazi zuen Belaustegik–, EAJk ez dauka aurreikusita lanpostu batzuk zehazteko planik, ezta portuetako aberastasuna mantentzeko estrategiarik ere».

Bi itsasontzi hauek Galiziara saltzeak zuzenki 33 langileri eragiten die –itsasoan eta lehorrean ontziarekin lotura dutenak dira horiek–, baina zeharka beste hainbat lanpostutan igarriko dela ohartarazi zuen. Izan ere, bi arrantza-ontzi hauek urtean bederatzi hilabeteko jarduera izaten dute, «jarduera ekonomiko handiarekin», azaldu zuen, zenbaki zehatzak jakin ez arren.

Errentagarritasuna

Armadoreek errentagarritasunik ikusten ez dutelako heldu da egoera honetara, «baina ez dira saiatu ere egin», azpimarratu zuen. Arazoa, ordea, sakonagoa dela esan zuen, «portuan kontserberen interesei ongi datorkien prezioan egiten baita salmenta eta barrualdeko merkatuetan garesti saltzen da arraina». «Eta, orain bertan, saldu gabe geratu diren arrain kaxa asko daude Ondarroako portuan», kontatu zuen.

Urondo SA enpresaren aurrean egin zuten elkarretaratzea, Ondarroako portuan bertan. Oraindik arrantza-portu esanguratsuaren prestigioa mantentzen duen arren, Belaustegik adierazi du ez dela hobetzeko arrastorik ikusten. Horregatik, gaineratu du arrantza politika egoki bat behar dela, hain aberatsa eta indartsua izan den sektore ekonomikoaren erabateko gainbehera gerta ez dadin. Bere esanetan, kasua ez da beste edozein enpresaren itxierarekin alderagarria; «izan ere, behin itsasontzia salduta, eskumenak ere galdu dituzunez ezin duzu hemendik hamar urtera saiakera bat egin, ez dago atzera bueltarik».

 

Alturako 100 ontzi zituen Ondarroak 1970eko hamarkadan

LAB sindikatuko kide Leo Belaustegik adierazi zuen, 70eko urteetan alturako 100 itsasontzi zeudela Ondarroako portuan; «‘Urondo’ eta ‘Urertza’-ren salmentarekin 13 geratuko dira». Baxurakoak, aldiz, 4 geratzen dira.

«15.000 arrantzale inguru zebiltzan 70eko hamarkadan, eta gaur gaurkoz 1.300 besterik ez daude, eta egoera okertzen doa», ohartarazi zuen, garai haietan Pasaiako portuan zegoen mugimendua eta oraingo hutsunea ere gogora ekarriz. A.U.A.