Jon GARMENDIA
Urruña

Barakaldotik urrun ere finala hurbil bizi dute askok

«Gripeak harrapatu nau eta ez nauk zuekin izango –hala erran dit telefonoz Pakok–. Sentitzen diat, baina epelean geldituko nauk telebistatik begira, Eguberriak ate joka zeudek eta ez diat osasunaren faktura ordaindu nahi gero», azaldu dit. Agurtu aurretik sententzia bota dit, ordea: «Amets egin diat gauean, txapela Bizkaira zihoak, Igorrek jantziko dik. Nik hala nahi diat aspalditik». Goizeko hamarretan gelditua nengoen Pakorekin, autoan hartu, gero Alberto, eta Peio Gantxegiren etxean elkartzekotan ginen finala ikusteko, Urruñan. Bueno, idatzi bezain pronto ederra egin dudala ohartu naiz, Karmele Etxeberriaren etxea ere bada eta, eta nik Peiori eman, ai ama. Aranburu da Pako, mallabitarra, eta hau bosgarren finala du sortetxetik urrun. Albertoren abizena Plazaola da, oñatiarra, 24 urte pasatu zituen kartzelan, handik irten bezain laster atxilotzeko agindua ezarri zioten eta ez zuen etxera itzultzeko aukerarik izan. Orain Ziburun bizi da, Lapurdin, eta aspaldiko partez finala «askatasunean» bizi izan du. Amuriza oroitzen du txapelarekin, aitari eskaini zizkion bertso gogoangarri haiek.

Ez da biziki bertsozalea baina gustura egoten da entzuten, txapelketa gehienak egunkaritik jarraitu ditu gainera, kartzelatik; beraz, gaurkoa berezia da beretzat, lagunarteko giroagatik. Peio biziki bertsozalea da, aldiz, eta aukera duen bakoitzean bertsolaria, moda zaharrekoa. Aljerian deportatuta zegoenean kaseteetan entzuten zituen bertsoak, baita Santo Domingon ere. Karmele ez da batere bertsozale, baina gurekin jarraitzen du finala adi-adi. Bertsoaren egun handia ez baita soilik BECen jokatzen, munduan dabilen euskaldun bakoitzak bere erara bizi du. Donibane Azkarateri galdetu nion Agustin aitaren berri, nola bizi duen txapelketa Kuban, 1988tik baitago han: «Aitak jarraitu izan du bertso mundua, batez ere nik lagunartean kantatzen nituen bideotatik eta horrela. Niri gustatzen zaidala jakinik bera ere sartzen da bertso munduan. Han gaudenean, kotxean sarritan egin izan dugu bertsotan. Eta baten bat bukatzea lortzen genuen! –erantzun zidan–. Gure artean komunikatzeko balio izan digu, espresatzeko. Aireportuan, agurtzeko unea iristean, beti eskatzen dit azken bat, baldintza batekin: ‘Doni, oraingoan ona, e!’. Badakigu negarrez bukatuko dugula baina hor biltzen dira bertsoa eta ihesa, malkotan». Uruguain ere bada bertso jarraitzailerik, Josu Lariz iheslariari buruz galdetuta, «Pixka bat, baina Izarok bai», erantzun zidaten. Izaro Zinkunegi errezildarrak unibertsitateko mugikortasun programari esker ezagutu du Montevideo: «Azken bi Txapelketa Nagusiak hemendik jarraitu behar izan ditut. Saioak Internetez zuzenean ikusi ditut ahal izan dudanetan, ahizpa Nekaneren kronikek bertaratu naute. Txapelketa Nagusiko webgunean eta ‘Berria’-ren ‘Txapelpekoak’ saioan jarraitu ditut». Mikel Ortiz de Lataburuk finala Oakland-en (Kalifornian) segitu duela kontatu dit, Amets ere joan zela harantz Basque Cultural Centerrera eta hunkigarria izan zela. Guk eguna Urruñako Berttoli elkartean bukatu dugu, Etxepare Lizeokoek muntatutako festan, emaitzaz hizketan, Maialen ze ona den aipatzen, bakoitzak bere tokitik finala nola bizi izan duen partekatzen, eta preso dauden bertsozaleekin oroituz, maitasunez.