Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Surfa

Euskal Herriko zirkuituek Mundakan eman diote amaiera 2017. urteari

Ainara Aymat eta Andy Criere izan ziren Mundakako txapeldunak surfean, eta Andoni Izaga bodyboard kategorian. Hodei Collazo, Garazi Sanchez eta Aritz Larrinaga dira 2017ko Euskal Herriko txapeldunak.

Euskal Herriko surf eta bodyboard zirkuituak amaitu dira, ondorioz 2017ko txapeldunen izenak badakizkigu: Hodei Collazo zarauztarra mutilen Open kategorian, Garazi Sanchez algortarra neskenean, eta Aritz Larrinaga sopelarrak hamargarren aldiz irabazi zuen Euskal Herriko bodyboard titulua.

Pasa den asteburuan egin zituzten Mundakan kategoria irekiko surf eta bodyboard zirkuituko azken txapelketak. Andy Criere hendaiarra, Ainara Aymat zarauztarra eta Andoni Izaga zumaiarra izan ziren Euskal Zirkuituko azken txapelketako irabazleak.

«Goofy»-ak nagusi

Mutilen zein nesken kategoria irekian (Open) ezker surflariak nagusitu ziren Mundakan; izan ere, bai Andy Criere eta bai Ainara Aymat ezker surflariak dira. Agian aurpegiz surf egiteko baldintza egokiagoak izan ziren, baina alderantzizkoa ere gerta zitekeen, Mundaka bere onenean dagoenean bizkarka aritzen diren surflariak nagusitzen baitira sarri.

Olatuen kalitatea ez zen izan izan zitekeena bezain ona, alegia, Mundaka famatu egin duten tubo luze eta perfekturik ez zen izan pasa den asteburuan, baina txapelketa eder bat egiteko adinakoak bai. Hori bai, itsasoan zein lurrean, hotza izan zen nagusi.

Kontuan hartu behar da Mundakan surf egiteko momenturik onena itsasbehera izaten dela eta marea biziak badira hobe, tuboak izateko aukera gehiago izaten baita, horregatik egin zuten txapelketa goizez bakarrik.

Larunbatean hiru metroko olatuak izan ziren eta egunaren hasieran tuboak egin ahal izateko baldintzak ere bazeuden, baina egunak aurrera egin ahala ipar haizea nagusitu zen eta olatuak narrastu egin ziren.

Tuborik ezean, lehiakideek ahalik eta ariketa indartsuenak egiteari ekin zioten eta maila handiko surfa ikusi ahal izan zen. Roberto Letamendia zarauztarrak esaterako, olatu azkarretako sekzioak gainditzeko floater luzeak egin zituen eta ikusleen txaloak jaso zituen.

Larunbatean soilik mutilen Open kategoriako txandak itsasoratu ziren. Guztira, 24 parte-hartzaile ziren. Hau da, urte hasieran zegoen lehiakide kopuruaren herena, izan ere, Mundakan parte hartzeko pasea eskuratzeko gutxieneko puntuak lortu behar dira aurreko txapelketetan. Gainerako kategorietan ere gauza bera gertatzen da, soilik hastapeneko lehiakide kopuruaren herenek lortzen dute Mundakan lehiatu ahal izatea.

Aymat, Izaga eta Criere

Igandean olatuen tamainak behera egin zuen, baina haizea ere apur bat baretu zen, beraz olatuek gutxieneko kalitatea eskaintzen zuten. Finalak egiteko azken eguna izan zen, eta aldi berean, aurtengo Euskal Surf zirkuituko azken eguna ere bai.

Itsasbeherarekin bodyboard zaleei egokitu zitzaien momenturik onena. Tuboak formatu ziren eta finalean ziren bost lehiakideek etekina atera zieten. Andoni Izaga izan zen olatuen indarra bere egiten hobekien asmatu zuen lehiakidea eta Mundakako txapela Zumaiara eraman zuen.

Nesken kategorian ere lehia bizia izan zen. Gipuzkoarrak baino ez zeuden finalean, lau zarauztar eta zumaiar bat. Ainara Aymatek eskuratu zuen lehen postua. Janire Gonzalez gazte zumaiarrarentzat izan zen bigarren postua, Elisabeth Thomasentzat hirugarrena eta aspaldi Kataluniatik etorri eta Zarautzen bizi den Mireia Molinirentzat izan zen laugarren postua.

Mutilen kategoria irekian hiru lehiakide izan ziren finalean. Bi goofy (ezker surflari) eta regular bat (eskuin surflaria). Andy Criere bikain aritu zen eta horri esker lortu zuen Mundakako txapela. Bigarren postua Karlos Gomez zarauztarrarentzat izan zen. Roberto Letemendiak ez zuen larunbatean erakutsitako indarra berriz erakusteko aukerarik izan eta hirugarren postuan geratu zen.