GARA DONOSTIA

Donostiako 2016 Gunea herritarrentzat zabalik izango da asteburu osoan zehar

Easo kaleko 2016 Gunea Olatz Beobidek zuzendutako ikuskizun batekin inauguratu zen atzo. Igandera bitartean ekintza ugari antolatu dituzte eta Europako hiriburutzetako 30 ordezkari ere Donostian izango dira.

Bada denbora Donostia 2016 kultura hiriburutzaren egoitza Easo kalean kokatu zenetik baina atzo egin zuten 2016 Gunea deitu dioten espazio honen inaugurazio ofiziala. Olatz Beobideren zuzendaritza artistikoa izan zuen ikuskizunak eman zion hasiera ekitaldiz beteriko asteburuari. Ikusleak DSS2016ren kultur proiektuan eta oinarrian dituen hiru itsasargietan -bakea, bizitza, ahotsak- murgildu zituen Beobideren lanak.

Gaurtik igandera bitartean, hiriburutzaren egoitza zabalik izango da 11.00etatik 20.00etara bertaratu, instalazioak ezagutu eta egoitza ezberdinetan barrena ibilbidea egin nahi duen edonorentzat. Horrez gain, herritarrek hainbat mikroemanaldi artistikoz gozatzeko aukera izango dute hiru egunetan, ordu ezberdinetan, doako sarrerarekin -tokiak bete arte-.

Gaur arratsaldean, 16.00etatik 19.00etara, emanaldi hauek izango dira: Teresa Caloren mikroantzerki piezatxoa, Naiara Arnedo aktoreak interpretatua; Koldo Ameztoi ipuin kontalaria; Altzoko Handiaren tailerra, Marta Alvarez aktorearen presentziarekin; Hirikilabs herritarren laborategira bisita, Tabakalerak eta Donostia 2016k elkarren artean kudeatua; eta David Azurza, Altzoko Handia obraren konpositorea.

Larunbatean, eguerditik aurrera, berriz ere Teresa Calok zabalduko du emanaldi sorta, Naiara Arnedok interpretatutako mikroantzerki piezarekin; mikrodantza saioa eskainiko dute Asier Zabaleta dantzariak, Iñar Sastrek lagunduta pianoan; Altzoko Handiaren tailerra izango da gero, Itziar Recalde aktorearen presentziarekin; Hirikilabs herritarren laborategira bisita; eta, bukatzeko, Harkaitz Canok idatzitako mikroantzerkia, Olatz Beobidek antzeztua.

Arratsaldean, 16.00etatik 19.00etara, berriz ere goizean aurkeztutako emanaldiak izango dira, baina bukatzeko Koldo Ameztoi izango da ipuin kontalari. Igandean berriro errepikatuko dira aurreko egunetako emanaldiak, 12.00etan, 16.00etan eta 19.00etan.

Proiekzioak

Pase artistiko horietaz gain, zenbait proiekzio egingo dira 2016 Gunearen inagurazioa ospatzeko. Gaur, esaterako, 12.00etan eta 17.00etan, «(G)uneak» lana aurkeztuko da. Herritarrek Euskadiko Filmategiari lagatako irudi zaharrekin osatutako ikus-entzunezkoa da, Maialen Sarasuak eta Maider Oleagak muntatutakoa. Horrekin batera, Francisco Escudero Kontserbatorioko ikasleek musikaz jantziko dute emanaldia. Larunbatean (11.00, 17.00 eta 18.30) eta igandean (11.00 eta 17.00) ere errepikatuko da emanaldia.

Gaur 18.00etan, berriz, Nestor Basterretxearen bizitzari buruzko «Señales de vida» dokumentala ikusteko aukera izango da eta bihar 12.00etan eta 18.00etan, Koldo Almandozen «Hubert Leblonen azken hegaldia» film laburra, bi lanak azken Zinemaldian aurkeztuak. Bukatzeko, igandean 12.00etan eta 18.00etan, Javier de los Llanosek zuzendutako «Gente de mar» (1958) filmaren emanaldia egingo da.