Oihana Llorente Arretxea
Interview
Markel Ormazabal
Sailkatu ezin

«Justizia ala legea, horixe da dikotomia eta hor dago askatu beharreko korapiloa»

Erlojuaren hormak erausten temati, musikari sartu eta soziologo eta idazle irten da espetxetik. Huntaz eta hartaz solasean herdoildutako mundua edertu du.

Barroteen artekoaz mintzo da Markel Ormazabal (Donostia, 1982) “Hemen naiz, ez gelditzeko baina” bere lehendabiziko liburuan. Kartzelaldiaren kronika begien pare eduki dugu elkarrizketa osoan. Hizkera argi eta zehatzarekin, kartzelari, soziologiari, migrazioari, musikari eta egoera politikoari atera die punta. Denbora, eta beraz bizitza, lapurtzeko eraikitako espetxeari partida irabazi dion ziurtasunarekin, gainera.

 

Kartzelaldia baliatu zenuen zure lehen liburua idazteko.

Bai, espetxean idatzitako testuak dira eta kartzelari buruzkoak gainera. Beti eduki dut nagoen tokia ondo ulertzeko premia, baita kartzelan ere. Idazketa bera ariketa bat izan zen.

 

Ikasketei ere eutsi zenien.

Argi nuen kartzelan eman beharreko denborari etekina atera behar niola eta etekin horren parte ikasketek izan behar zutela. Kartzela zigorraren neurria denbora da, eta denbora hori neurtu egiten da, eta, Joseba Sarrionandiak esan zuen bezala, denboraz singularrean mintzo bagara ere, denbora asko eta askotarikoak dira eta nork bere denbora du. Presoaren borroka handienetakoa da kartzelak ezarri nahi dizun denbora-diziplinari zuk beste denbora-diziplina batekin erantzutea, zurearekin. 

 

Soziologian lizentziatu eta Aztiker jendarte-ikerketan espezializatutako enpresan aurkitu duzu lana.

Bai, sekulako sorpresa izan zen ikasten ari nintzen horretan lana aurkitzea. Bertigoa ere izan nuen, lanean hasteko azkarregi zelakoan, baina inguruko panorama ikusita animatu egin nintzen. Ikasten ari naiz lanean ere. Ikaskuntza etengabekoa da, zentzu horretan oso eroso sentitzen naiz: esperimentatzeko aukera handia dago.

 

Parte hartzea sustatzea da zure egiteko nagusia.

Bi lan lerro ditu Aztikerrek: bata azterketa edo ikerketa soziologiko ohikoena-edo, eta, bestea, partaidetza herritarra. Azken horretan nabil, eta herri partaidetzarako proiektuak diseinatu eta dinamizazio lanak egiten ditugu. Askotariko gaien inguruan ari gara, baina, komunitatea proiektuaren erdian kokatzen saiatzen gara beti, prozesuaren amaieran komunitatearen ahalduntze bat bilatzen dugulako. Beti ez da lortzen; proiektuaren iraupenari lotuta egoten da maiz helburua erdiestea edo ez.

 

Lasarte-Orian Anitzen Sarea osatzen ipini dituzu ahaleginak azkenaldian.

Udalak ikerketa egin zuen eta mahai gainean jarri zituen datuek harridura eragin zuten, izan ere, herritarren %56,2 da soilik Lasarte-Orian jaiotakoa. Orotara 70 jatorri eta kultura baino gehiago daude 18.000 biztanleko herri txiki honetan; hizkuntzak, gainera, are eta gehiago dira.

 

Gizarte egituraren argazki erreala ateratzeaz gain, aniztasuna beste modu batean lantzeko beharra sentitu zuen Udalak eta horretan dihardugu. Aniztasuna aberasgarria izan daiteke, betiere lanketa egokia egiten bada. Lanketa hori, gainera, ezin du erakunde batek bakarrik egin, komunitate askotarikoen artean “aniztasuna”, “migrazioa” edota “jatorria” bezalako kontzeptuen inguruko diskurtso eta ulerkera ahalik eta bateratuena bultzatu behar da. Eta horretarako osatu genuen Anitzen Sarea: komunitate, elkarte edo norbanako horien bilgune izateko.

 

Elkar ezagutza da lehendabiziko pausoa, ezta?

Oinarria hori da. Elkar ezagutzarik gabe ez dago elkarlanik, eta elkarlanik gabe nekez lortuko dugu kultur arteko harremanik. Ordura arte elkar ezagutzen ez zuten bizilagunek elkar ezagutzea ahalbidetuz, sinergia oso politak sortu dira eta modu autonomoan ari dira dagoeneko lanean. Nik esango nuke kultur aldaketa ematen ari dela Lasarte-Orian. Mundu ikuskera eta bizi eremu oso desberdinak izanik, naturaltasunez ari dira aldatzen komunitateen arteko harreman eta mugak. Bertatik bertara ikustekoa izaten ari da.

 

Zuk zeuk ere asko ikasiko zenuen, ezta?

Komunitate berean bizi behar badugu, hori elkar errespetutik eta elkar ezagutzatik pasatzen da, eta, ondoren, sinergia horiek edo espazio komun horiek bilatzetik.  Beti pentsatzen dugu gure kulturara ekarri behar ditugula eta ez da horrela, espazio komunak sortu behar dira. Zurea errespetatzen eta zuk besteena errespetatzen duzun heinean, batzuetan haiek etorriko dira gurera eta beste batzuetan gu joango gara haienera, baina eraginkorrena biona edo askotarikoa izango den espazioa sortzea da. Anitzen Sarea erdibideko aukera hori da, interakzio bide hori aurkitzeko tresna. Betiere ahaztu gabe euskal herritarrak zein egoeran aurkitzen garen gure kulturari dagokionean, eta, ondorioz, euskal kultura eta euskara prozesu hauen erdigunean kokatuz.

 

Hernanin, aldiz, gazteekin ari zara lanean.

Udalak gazteriaren inguruko azterketa egin nahi zuen eta ikerketa modu desberdinak erabiltzen ari gara azterketa hori egiteko. Prozesua gazteena eurena izan dela esan dezakegu gainera, Hernaniko askotariko gazteak daude-eta dinamizazio taldean.

 

Askatasuna berreskuratu eta berehala musikari eutsi diozu berriz.

Bai, sortu, hala ere, musika gutxi sortu dugu aspaldian. Kartzelara sartu aurretik Adikune taldean egiten genuena gogoratzen saiatzen ari gara oraindik. Eta hau ez da bizikletan ibiltzea bezala [barreak], gitarra jotzen eta kantuak nolakoak ziren ahaztu egiten da, batik bat guk bezala musika inoiz idazten ez baduzu! Grabazioak jarri eta belarritik tiraka saiatzen ari gara. Itxi gabeko fase baten zurrunbiloan gaudela sentitzen dugu. Kartzelan sartu aurretik bizpahiru kantu grabatu genituen, baina oraindik orduan idatzitako batzuk esku artean ditugu; horiek ehundu eta grabatu nahian gabiltza orain. Fase hori ixtean ikusiko dugu zer egin.

 

Musikak lagundu al dizu espetxealdian?

Bai, noski. Musikarik gabe ez dakit zer izango zen kartzelaldia, ezta bizitzako beste edozein espazio, momentu edo dena delako... CDekin funtzionatzen genuen, baina baita kaseteekin ere. Kideek urteetan zehar metatutako ondasun apurrak hor geratzen dira eta maiz musika da ondasun bakarrenetakoa. Oxfordeko ingeleseko hiztegiak “cassette” hitza orain bizpahiru urte kendu zuenean, guk egunero egunero-egunero erabiltzen genituen. Kirola egiteko walkmana soinean ibiltzen ginen, milaka buelta emandako zintekin. Egunero-egunero entzuten nuen nik musika. Ez dut ulertzen bizitza musikarik gabe, eta, ondorioz, ezta kartzela ere. Ihesaldi momentu bat zen niretzat, ninduten tokitik kantura egiten nuen salto.

 

Idazten ere jarraitu al duzu?

Idazten jarraitzen dut orain ere, kartzela ahaztuta, hori bai. Beste idazketa mota bat da: zutabegintzan, testu soziologikoak idazten... aritzen naiz. Esku artean badut beste proiekturen bat, baina oso biluzik dut oraindik, eta egunerokotasunaren zurrunbilotik irten behar dut horri behar bezala eusteko.

 

Kartzelak asko eman dizu?

Gehiago kendu dit, baina ez naiz barruan egin dudanaz damu. Nik uste hori badela beste beldur bat, kartzelatik irtendakoan atzera begiratzea, alegia. Kalean zaudela berriro, atzera begiratu eta preso izan zaituzten aldiaz «nik denbora ondo baliatu dut» esatea asko da. Bestela hutsunea eta zulo beltza aurkituko nituen. Kartzelak bertuterik balu, bakarra esango nuke: norbera ulertzeko, norberaren muga eta ezintasunak ulertzeko leku aproposa da. Dena den, argi gera dadila kartzela kentzeko egina dagoela, ez emateko.

 

Oso gazte ezagutu zenuen kartzela.

Aita kartzelan bisitatzea egokitu izan zait, eta, gerora, 19 urterekin, Alcala Mecoko gazte modulua ezagutu nuen. 24 urterekin, berriz eraman nindutenean, sorpresaz hartu ninduen kartzelak. Enegarrenez itzulita ere, sorpresaz hartzen duzu. Izu, kezka eta urduritasun berdinekin.

 

Jarrai-Haika-Segi sumarioaren harira sei urteko espetxe zigorra konplitu duzu Segi gazte erakundeko kide izateagatik. Orain gutxi akusazio berdinaren pean epaitutako 40 gazte absolbitu egin dituzte. Beste 28 epaitzen ari dira une honetan. Zer espero duzu?

Esperantzarik ez dut behintzat. Kartzelan beti pentsatzen nuen: «Beno, nik sei urte egin ditut baina ea gu garen egoera honetan aurkitzen garen azkenak». Sekulako tristezia sentsazioa izan nuen, ordea, kartzelatik atera nintzenean. Astebetera Errenteriako hiru gazte atxilotu zituzten eta bi hilabetera Donostiako “herri harresia” eratu zen; kartzelatu behar zituztenen artean kuadrillako lagunak nituela eta dejà-vu bat izan zen.

Gerora, 40en absoluzioarekin sentsazio horrekin hautsi zuen aldi batez. Ez ginen nahi bezain azkar iritsi, baina iritsi ginela uste genuen. Oraingoekin, baina, esperantza gutxi daukat berriz ere. Audientzia Nazionalaren logika politikoa ulertezina da maiz, eta nire ustean absoluzioak ez zion erantzun erabaki politiko bati, epaimahaiak une horretan zituen behar juridikoei baizik. Zein tribunal egokitu zaien ikusita, are esperantza gutxiago daukat. Eta are eta gutxiago herri honetako hainbat alderdik halako epaiketen aurrean duten jarrerarekin. Lotsagarria eta bere puntuan beldurgarria iruditu zitzaidan Ertzaintza hain azkar bidaltzea Loiolara. Hortxe dugu herri honetan gainditu beharreko langa handiena. Mundu zabalean ez da egon gurea bezalako egoera batean izanik unean-unean ezarrita zegoen legea errespetatuz eraldaketarik aurrera eraman duen herrialderik. Ohartuko al gara?

 

Eta etorkizuna?

Espazio soziopolitiko zabala ohartarazi eta planto egiten behar dugu. Justizia ala legea, horixe da dikotomia eta hor dago askatu beharreko korapiloa. Desobedientzia eta “herri harresien” dinamika oso eraginkorra da horretarako, oso agerian uzten baititu kontraesanak. Oraindik ez diogu neurria hartu sortzen duten lurrikara politikoari. Donostian 800 geunden, baina hurrengoan 3.000 bagaude zer gertatuko da? Ezinezkoa al da Euskal Herria bezalako herri batean 3.000 lagun biltzea halako injustizia bat salatu eta halako jarrera bat defendatzeko? Nik uste egingarria dela, eta gustatuko zait ikustea une horretan Ertzaintzak zer egiten duen jendetza horren aurrean.

«Ninduten lekua ondo ulertzea ahalbidetu dit liburua idazteak»

Liburu itxura hartuko zutelakoan idatzi zenituen «Hemen naiz, ez gelditzeko baina» lanean jasotako testuak?

Ez, inolaz ere ez. Kide batek inbutuaren metafora erabiltzen zuen espetxeaz hitz egiteko. Janariarekin lotzen zuen berak, sartzen zarenean edozer emango zenuke sagardotegi menu bat jatearren. Denbora pasa ahala, baina, inbutuaren zati meharrean aurkitzen gara eta bi arrautza frijiturekin ere konformatuko ginateke. Sormenarekin ere halako zerbait gertatu zait niri. Iritsi nintzenean hau, hori eta bestea egin nahi nituen, baina inbutua estutuz joan eta hauxe da egin dudana. Ziega kartzelari buruzko liburu eta paperez beteta nuen. Kalera irteteko urte eta erdi falta zenean, informazio horri guztiari aterabide bat eman behar niola erabaki eta testuak idazten hasi nintzen, formatu argirik gabe.

Bada, hala ere, zure kartzelako egonaldiaren nolabaiteko kronika.

Nik collagea dela esango nuke, baita azalak justizia handia egiten diola barruko edukiari ere. Ez nuke esango nire kartzela denboraren kronika denik. Ez dago apenas lehen pertsonan idatzita, baina, noski, baditu bizitako pasarteak. Finean, ikuspuntu kolektibo batetik egindako ariketa pertsonala da, ninduten lekua ondo ulertzea ahalbidetu didana. Espazioak beraien artean nola lotzen ziren ulertu ahal izateko ariketa.

Musika izan duzu bidelagun etengabea.

Melomano hutsa naiz eta kartzela mila modutan defini daitekeen arren, niretzako kartzela izugarrizko ezintasuna da. Senide eta lagunen hutsuneaz gain, musikari lotuta sentitzen nuen nik ezintasun hori bereziki; gogoko nuen musika lortzeko zailtasun handiak izan ditut, eta zer esanik ez musika tresnak lortzeko. Gure inguruan beste presoek bazituzten gitarrak, baina euskal presoek beti izan dugu aukera hori ukatuta. Sei urtez hamaika eskari egin arren, ez dut gitarra bakar bat ere izan. Ocaña I espetxean zorte apur bat eduki genuen musika lortzeko garaian, kartzelak zerbitzu minimo bat eskaintzen zuelako, eta, noski, presoek beste bide batzuk ere arakatzen dituzte, baina ez inoiz zuk nahi zenukeen bezainbeste. Liburuan, testu bakoitzari abesti baten zatia edo titulua jarri diot izenburu gisa. Musika, beraz, collage hori itsasteko erabili dut. Oroimen ariketa bat izan da, izan ere, bost urte eman ditut hautatutako abesti gehienak entzuteko aukerarik gabe. Keinu oso kontzientea da.

“Hemen naiz, ez gelditzeko baina”. Izenburua bera ere Lisabö taldearen abesti batena da.

Lisabören kantu horren izenburuan ezin hobe adierazten da kartzelan sentitzen nuen hori; bertan ninduten, baina bertan geratzeko asmorik ez nuen. Era berean, zeharka bada ere, Joseba Sarrionaindiaren “Ni ez naiz hemengoa” liburuari halako keinu bat egiten diolakoan nago; izan ere, liburu horri asko zor dio nireak.

Liburua idazteko asko irakurri duzu, beti baina, espetxeen inguruan. Ez zenuen errealitate horretatik ihes egiteko beharrik?

Kideek maiz esaten zidaten hori, arraro ere begiratzen ninduten [barreak]. Haien ustez, zama gehiago jartzen nuen bizkar gainean. Hasiera batean zertarako jakin gabe bazen ere, espetxeen inguruko bibliografia pilatzen joan nintzen. Testu batek bestera eramaten ninduen, aipatzen ziren erreferentziak jarraituz, eta, noski, kanpoko senide eta lagunak mareatuz. Kanpoko aliatu edo laguntzarik gabe ezinezkoa da horrelako lan bat espetxean egitea. Ez da erabateko kronika eta ezta espetxearen gaineko azalpen soziopolitikoa ere. Espetxea ulertu ahal izateko elementu desberdinak jarri ditut orrien gainean eta norberak tiraka sakon dezake bere definizioan eta ulerkeran.

Durango iristear da eta liburuaren aurkezpenarekin buru-belarri ariko zara, ezta?

Testuek musikarekin lotzeko aitzakia ematen dutenez, ihes egin nahi diet ohiko aurkezpen konbentzionalei eta beste eredu batzuk bilatu ditut. Beran, adibidez, Borrokan taldearekin, ikaragarri gogoko dudan talde batekin, aurkezpen performatiboa egin genuen Kaxerna gaztetxean. Aste honetan bertan, berriz, kartzelan idatziak genituen testu zenbaitzuetan oinarriturik “Burdin-hariak eta plastikozko goilarak (eta maitasun lubrikatua)” gogoeta saio musikatua abiatu dugu Oier Gonzalez lagunak eta biok.