Mikel Zubimendi Berastegi
HISTORIAREN ERRIMAK

Kaligula-Trump, Ivan Izugarria-Stalin: nondik heldu josten dituen haria?

Historia ez bada errepikatzen, asonantziak, paralelismo txundigarriak dituela aitortu behar da, herri, garai eta pertsonak lotzen dituen hari moduko bat. Nola josi Trump, Kaligula eta Mussolini lotzen dituen haria? Eta Stalinentzat miresgarria zen Ivan Izugarriak loturarik ba al du «aingeru eroritzat» jo zuen Putinekin?

Historia errepikatzen dela maiz entzun da. Historiak errepikapen hori zuela bere-berezko akatsa zioen Darwinek. Sofoklesen arabera, berriz, historia bera errepikatzen da bakoitzak bere buruan baino ez duelako pentsatzen. Eduardo Galeanok historia entzuten ez dakitenentzat penitentzia bezala errepikatzen zela zioen. Nik neuk Robert Colombo poetak Mark Twaini egotzi zion aforismoa maite dut bereziki: “Historia ez da errepikatzen, baina errimatu egiten du”. Alegia, badaudela asonantziak, paralelismo txundigarriak, herri, garai eta pertsonaia historikoak lotzen dituen hari moduko bat.

Kaligulak eta Trumpek ba al dute inolako antzik? Eta Mussolinik eta Trumpek? Eta Ivan Izugarriak eta Stalinek? Edo Putinek? Erromako enperadoreen artean eroena, krudelena eta gaiztoena bezala pasa da historiara Kaligula. Haren izena botere absolutuaren gehiegikeriaren sinonimo da. Psikopata total bat. Ivan Izugarria, aldiz, nolabait, “aingeru erori” bezala pasa da historiara. Batzuentzat –Errusian azkenaldiotan gero eta gehiagorentzat– aingeruago eta, besteentzat, guztiz “eroria”, munstrokeria eta horroreen ikur. Botere osoa bereganatzeko eskubide dibinoa izatearekin erabat itsututa, jainkotasunera iristeko azken muga pasaezina dela ulertzeko ezgai.

Ezeren aurretik bihoa aitorpena: ez da batere samurra ebidentzia arkeologiko edo lekuko zuzenen kontakizunik gabeko pertsonaia historikoen inguruan idaztea. Eta, hala ere, sehaskatik hilobiraino, beren bizitzak imajinatuak, mitifikatuak izan dira oso. Ivan IV.a Errusiakoaren kasuan, Ivan Izugarria legez ezagunagoa dena, adibidez, ez dago erretratu egiazkorik; bizirik zela ez zuten tsarra sekula koadro batean pintatu eta liburuetako irudiak imajinarioak dira osoki.

“Badirudi”, “baliteke”, “beharbada”, “ia ziur”... tonu horretan idatzi beharko litzateke azterketa hau. Historiaren begietatik ikusita, subjektu ilunak dira aztertutakoak, haien inguruko informazio asko dudazkoak diren neurrian. Ez dagoelako haien idatzizko gutun edo agindurik gordeta. Ivan Izugarriaren inguruan, esaterako, dakigun guztia lau egileren eskutik dakigu, hiru mendebaldar –Schilichting, Taube eta Kruse–, eta, bestea, errusiarra –Ivanen agintaldian erbesteratu zen Kurbsky printzea–.

Aitorpena eginda, murgiltzen garen gaia irristakorra den eta hainbat hipotesi formulatzeak arrisku handiak dituen jakitun, historiaren errima ezberdinen puntak hartu eta apurka-apurka josiko dugu pieza hau.

Espektakuluaren maitale

Trumpek bezala, espektakulua maite zuen Kaligulak. Mozorroarekiko eta makillajearekiko gustu espeziala zuen. Eta Trump bezala, jendea mintzen eta umiliatzen dibertitzen zen osoki. Errendimendu politikoa ateratzen zuen.

Kaligulak ez zuen Erromako balore tradizionalekin interesik: bere aurreko Tiberius edo Augusto enperadoreen guztiz kontrakoa bidea hartu zuen. Trumpek, Kaligulak Erromako establishment-a mespretxatu zuen gisara mespretxatu du Washingtongoa. Kaligulak Erromako Senatuko elitearen duintasuna zauritu zuen zaborra zirela zabalduz, eta konturatu zen, ongi konturatu ere, Erromako populuak, masa sozialak, asko maite zuela hori. Ez al du berdin egin AEBetako populuak, masa sozial handi batek, Trump botoarekin saritu duenean? Trumpek hainbatetan erabili duen “rigged and crooked establishment” hori, hots, sistema iruzurgile ustela, ez al da Kaligulak Senatua tratatzeko erabiltzen zuen erretolikaren parekoa? Kaligularen eredua jarraituz, hasiera-hasieratik “politikoki zuzenaren” kontra eginez, tradizio politikoaren “estandar moralei” eraso eginez, bere helburua lortu du Trumpek: masek babestu egin dute, presidente egiteraino.

Trump ez zen hautagai “normal” bat eta orain ere ez da presidente “normala”. Mehatxu (zahar)berriak inkubatzen dituen fenomeno bat da. Erresumina eta erdeinua sortu eta horien gainean egiten du politika, jokatzen du politikoki. Bere diskurtso publikoetan “besteak”, askotariko “besteak” –musulmanak, mexikarrak, emakumeak, etorkinak, errefuxiatuak…–, erridikulizatu eta erasotzen ditu. Estatubatuarrek mehatxutzat har ditzaten edo barre egin dezaten iseka egiteko erabiltzen ditu, pasio baxuenak xaxatuz.

Milioika herritarrek leialtasuna erakutsi diote. Supremazista zuriak sartu ditu kabinetean. Kleptokrata autoritario bat da. Esajeratu gabe esan daiteke bere garaipenak bizi dugun garai historikoaren galera moralak eta mehatxu beldurgarriak erakusten dituela.

Nork egin diezaioke aurre, bere alde masa mugimendu sendo bat izateaz gain, poltsikoan dirutza itzela eta bere zerbitzura munduko potentzia handienaren bitartekoak dituenari? Armada boteretsuena haren aginduetara dago, CIA, FBI, bi ganbera legegileen kontrola, Auzitegi Gorena… dena du kontrolpean. Eta horren guztiaren kontrola duela, umilagoa, zentzuzkoagoa, eskuzabalagoa egingo al da Trump? Aurrerantzean ez dela hain mendekaria izango uste duenik ba al dago?

Trump-Mussolini, biak faxista?

Mussolini bezala, Trump ere faxista dela esan daiteke? Zaldiz ibiltzeko botekin eta besoa luzatuta agurtuz ez dabilen faxismo modernoago baten erakusgarria? Trumpen eskutik sartu dela faxismoa AEBetan? Bere agindupean AEBak disidenteen herri bilakatuko direla? Basakeria eta krudelkeria, normaltasun berri baten zeinu izango dira? Trump faxista dela esatea haren boto-emaileen izena belztea, iraintzea al da?

Kontu ibili behar da “faxismo” hitzaren erabilerekin. Zentzu politiko eta historiko zehatza du. XIX. mendeko Action Française kontsidera daiteke Europako lehen erakunde faxista, Mussolinik bihurtu zuen Italia Europako lehen herrialde faxista eta Hitlerren nazional-sozialismoak jarraipena eman zion. Hungariak, Espainiak, Kroaziak, Portugalek… iragan mendeko 30eko eta 40ko hamarkadetan faxismoa ezagutu zuten. Historikoki, XX. mendeko Europan izan ziren erregimen autoritario eta zinez biolentoak deskribatzen ditu “faxismo” hitzak. Baina bataila politikoetan aurkaria Mussolini edo Hitlerrekin berdintzeko erabili den eslogana ere bada. Faxistak ez ziren politikari askori faxista deitu zaiela egia galanta da, bai.

Zeintzuk dira, baina, Donald Trump eta Benito Mussolini lotzen dituen hariaren puntak? Historiaren beste errima tragiko baten aurrean al gaude? Ala kontu handiz ibiliz egin beharreko konparazio edo hipotesia ote da?

Estatubatuarrek gertu al dute odola Trumpen gloriaren eta AEBen patu hilezkorraren alde emateko? Hitlerrek eta Mussolinik ez zuten beraien benetako aurpegia erakutsi hasieran, berdinetan al dabil Trump ere? Laguntzen al du Trump faxista bat dela esateak haren garaipena ulertzeko? Demokraziaren perbertsioa bultzatzea eta faxismoa sinonimoak ote dira?

Eta, hala ere, badira zantzuak. Robert Paxtonen “The Anatomy of Fascism” liburu aski ezagunean, faxismoak bederatzi pasio mobilizatzen dituela defendatzen da. Horietako bostek Trumpen boto-emaileen aldartea ordezkatzen dutelakoan nago: baga, erabateko krisi baten sentipena; biga, taldearen gainbeheraren beldurra “globalizazio korrosiboaren, klase gatazkaren edo kanpo eraginen” ondorioz; higa, komunitate puruago baten beharra; laga, lider natural baten autoritatearen behar gorria; eta boga, liderraren nagusitasun erabatekoa arrazoi abstraktu edo unibertsalen gainetik.

Beste lau, ordea, ez dira horren argiak Trumpen kasuan: baga, norbanakoa diluitua, taldearen aurrean azpiratua izatea; biga, norberaren taldea biktima den ustearen gainean, edozein ekintza mota, lege edo moral mailako mugarik gabe, justifikatzea; higa, biolentziaren edertasuna; eta, azkenik, laga, “jainkoek aukeratutako herriak” besteak dominatzeko duen eskubidea, inolako lege gizatiar edo jainkotiarren oztoporik gabe.

Kaligula, Trumpen maisu?

Historiara ero megalomaniko bat bezala pasa zen Kaligula, hain ero ze “Incitatus” bere zaldirik gustukoenari jauregi bat eman zion, purpurazko jantziekin janzten zuen, zerbitzarien segizio bat ipini zion eta kontsul izendatzea ere pentsatu zuen –enperadorearen azpitik kargu politiko altuena–.

Bada animalien trataera bitxi hori txantxa hutsa izan zela dioenik. Horrela, Kaligulak Erromako aristokrazia satirizatu nahi izan zuela. Izan ere, luxuaren eta ohore hutsalen beren bilaketekin, zaldia bezain barregarri azaltzen ziren. Hizkuntza doblea, hipokresia eta zurikeriaren absurdua nagusi zelako Senatuan.

Kaligula lau urtez egon zen Erromako tronuan, K.a. 37. eta 41. urteen bitartean. Germanicus printze inperial ospetsuaren semea zen eta haur zenetik aitaren kanpaina militarretan parte hartu zuen. Hain zuzen, Kaligula ezizena (hots, “bota txikiak”) ipini zioten jantzi militar txikiak, botak barne, janzten zituelako. Askazi onekoa izanik, 24 urterekin igo zen tronura, aitaren famak eta ama, Agrippina, Augusto lehen enperadorearen ondorengoa izateak lagunduta.

Kaligularen agintaldiaren gaineko kontakizun gehienek bere krudelkeriaz, gehiegikeriez eta erokeria klinikoaz dihardute. Antsietate, insomnio eta haluzinazio nahasketa beldurgarria uzten digute.

Kontakizunok diotenez, bere burua Jainkotzat hartzen zuen, Jupiterrekin hitz egiten zuen eta Ilargiko Jainkosarekin egiten zuen lo. Suetonio historialari eta biografo erromatarrak, Kaligula hil eta ehun urtera idatziriko biografian, izugarrikeriak kontatzen ditu, sadismo kapritxoso baten erradiografia eginez. Haren arabera, Kaligulak semearen exekuzioa ikustera behartu zuen gizona berarekin jauregian afaltzera gonbidatu zuen egun berean. Zer demontre zela-eta joan zen gizona afaltzera? Sentzilloki, beste seme bat bizirik zuelako.

Beste behin, Kaligula gaixo zegoela, erromatar batek zin egin zuen bizirik ateratzen bazen bere bizia eskainiko ziola. Sendatzean, zina errespetatu egin behar zela agindu zuen Kaligulak. Hitza hitz eta betetzekoa zelako, jo eta bertan hil zuen. Kaligula zinemara eraman dutenean ere, gehiegikeriak izan dira protagonista pantailan; Kaligula eta Drusila bere arrebarekin arteko intzestua, “gore” estilo erabatekoa...

Kaligularen aginte modua autokratikoa zen. Bere estiloaren aztarnak ondo ezagunak dira: besteak barregarri uztea, umiliazioa, nabarmenkeria eta kapritxoa. Munstrokeria eta Kaligula eskuz esku doaz iraganeko nola egungo errelatoetan. Kaligularen heriotza ere bere izaeraren isla izan zen: bere guardia pretoriarraren buru bati, burlati, «neska bat bezala» hitz egiten zuela esan omen zion eta bizkartzainak labankadaz hil zuen.

Masazko terrorea, bide bakarra

Entziklopediek diotenez, Ivan Izugarriak Errusiari egin zizkion ekarpenak garrantzitsuak eta handiak dira oso. Besteak beste, bere “aitatasuna” dute Siberiaren konkistak, lege kode berri baten sorkuntzak, boterea hiriburuan zentralizatu izanak, Astrakahn eta Kazan khanerri tartariarren konkistek eta barne erreforma handiek, armadarena kasu.

Ivan Izugarriaren agintaldia ez da kabitzen klase borrokaren eskema marxista batean, baina Ivanen miresle porrokatua zen Stalin: tsarraren krudelkeria eta masazko terrorea justifikatzen zituen, kanpoko etsaien aurrean estatu batu eta egonkor bat lortzeko bide bakarra zelakoan.

Ivan tsar bezala koroatu zeneko esanahi erlijioso eta politikoa ez zen bere neurrian ulertu. Konstantinoplaren erorketaren ondoren, Erroma Ekialdeko inperioaren kristautasun ortodoxoaren zaindari papera bereganatu baitzuen. Izan ere, “tsar” hitza “zesar” hitzaren errusierazko itzulpena baino ez da; orduko Konstantinoplari ere “Tsargrad” deitzen zioten.

Ivan Izugarria hezur-muinetaraino zen erlijiosoa. Errusia “mongolen” atzaparretatik askatu zuen, kristautasunaren betebehar dibinoa gauzatuz: musulmanak garaitzea.

Hiru gertakarik areagotu zuten Ivan Izugarriaren paranoia eta krudelkeria. Lehena, 1547. urtean, milaka etxe eta herritar kiskaliz, Mosku erre zuen sute ikaragarria, zeinaren ondorioz haserre bizian ziren moskutar olde batek bere osaba hiltzeraino harrikatu zuen katedralean, eta, bere amona, sorgina zelakoan, hiltzea eskatu zuen. Bigarrena, 1553. urtean Ivanek gainditu zuen gaixotasun larria, bere heriotza aurreratuta konspiratu zutenak mendekatzera eraman zuena. Eta, hirugarrena, 1560. urtean, Anastasia emaztearen heriotza, Ivanentzat pozoituta hil zena. Ebidentziarik ez dagoen arren, orduz geroztik, inhibizio guztiak galdu eta bere onetik zeharo atera zen antza.

Bere izugarrikeria okerren lekuko eta lagungarri izan zena, 1564. urtean agindu zuen Errusiako banaketa izan zen. Bi zatitan partitu zuen herrialdea. Bata bere erabilera esklusiborako, “aparteko lurrak” edo oprichnina deitu zituenak eta, bestea, teorian, boiardoen (lurjabeen aristokrazia zaharra) esku geratuko zena. Zerga sistema zorrotza ezarri zuen, oprichniki indar armatua ezarriz oprichnina-ra batu beharreko lurren jabeak kanporatu edo hiltzeko. Bere paranoia legitimatu behar zela zioen, tirano bezala ofizialki onartu behar zela, hots, edonor zigortzeko eskubidea zuela.

Salatari kontsideratzen zituenen kontra purga latzak egin zituen. Publikoan exekutatu zituen printzeak, oprichnina-ren aurkako boiardoei burua moztu zien eta beren emazteak etxeetatik zintzilikatu zituen.

Behinola, boiardo handia zen Ivan Fyodorov tronura deitu eta tsar izan behar zuela agindu zion. Ivanen jantziak jarri, bere errege-makila hartu eta errege tronuan ezartzera behartu zuten. Ivan Izugarriak bere burua jaitsi zuen haren aurrean, belaunikatu egin zen eta uneaz gozatzeko esan zion, Fyodorov bihotzean emandako labankada batez hil baino lehen. Bere gorpua Moskuko kaleetan zehar ibili zuten, haren lurretan bizi ziren gizon, emakume eta haurrak masakratu zituen; asko, eskarmentu gisa, zutoinetan sartu eta zintzilikatu zituen.

Stalin, Ivan Izugarriaren miresle

Ezaguna da Stalinek Ivan Izugarriarekiko zuen miresmena. “Gidari handi eta jakintsutzat” zuen. Sergei Eisenstein zine zuzendariak tsarraren erretratua bi pelikuletan eman zuenean, Stalinek asko maitatu zuen lehena –Errusiaren handitasun eta aldaketaren aldeko gerlari legez azaltzen zuen– eta purrusta latzak bota zituen bigarrenarekin –Ivanek bere burua nola galtzen zuen erakusten zuena–.

Bai, nolabaiteko errima bat badago bi pertsonaion artean. Biek estimu propioaren eta ustez defendatzen zuten herrialdearen interesen arteko oreka bistatik galdu zuten. Biek atera zuten onura salaketa kultura itsu batetik, administrazioan postu bat eta ondasunak eskuratzeko lagunak eta etxekoak salatzeraino hedatu zena. Biek handitu zituzten beren “erreinuen” lurraldeak. Biek ahuldu zituzten beren armadak purga latzekin, eta, ondorioz, Stalinek Hitlerren inbasioa eta Ivan Izugarriak Krimeako tatariarrek Mosku nola arpilatu zuten ikusi zuten. Biek erantzun zioten garaiko erronka ekonomikoei esklabotza sistemak ezarriz: Stalinek esklaboen lan-sistema, Ivanek, morroiena. Biek, beren alorretako “autoritate” izateaz gain, bestelako alorretan ere berdin kontsideratuak izatea nahi izan zuten. Stalinek, arte mailan, literaturan bereziki. Ivan Izugarriak, erlijioan. Bere bizitzaren parte handi bat monasterioetan, erromesaldietan eta otoitzean pasa zituen, bere izugarrikeriak aurreratu edo atzeratzen zituzten gogo ariketetan. Kristautasun ortodoxoaren merituak goratu eta luteranoen eta erromatarren heresiak madarikatzen zituen.

Azken bitxikeria batzuk

Kuriosoa da Mendebaldeko komunikabideek historian Errusiako agintari izan direnak buruko gaixotasunekin lotzeko izan duten joera. Ivan Izugarria burutik erabat eginda zegoen; Pedro Handia epileptikoa omen zen; Lenin neurosifilis batek hil zuela idatzi da; Stalinek burmuineko arterosklerosia zuen eta osoki paranoikoa omen zen; eta, nola ez, Putin Asperger sindromearekin lotu dute, espektro autistaren barruko desordenarekin. Errima zinez maltzurra dirudi, errusofobiaren erakusle.

Bitxia da, halaber, gizakiak Jainkoa egin zuenean nahita eman zion anbiguotasuna. Alde batetik, botere gorenaren tronua lurreko gizon boteretsuenaren eskutik urrutiratu zuen, errege eta enperadoreak umil izatera behartuz. Bestetik, baina, gidari gorenak soilik Jainkoaren aurrean, haren eta ez beste inoren aurrean belaunikatu behar omen du, ez inongo lege edo erakunde lurtarren aurrean. Historian, finean, biolentzia dibinoa medio, bakoitzaren ekintzak okerrak purifikatzeko ziren uste izan da sarri. Norberaren sadismoak sorleku jainkotiarra zuela. Krudela izan behar dela herria “bekatutik” askatzeko. Horren adibide franko dira. Eta albistegietan, errima ozen dabil...

Anastasia tsarinari Aita santuaren opari zaputza

Duela 450 urte Ivan Izugarriaren garaiko Errusiaren eta Mendebaldeko Europaren artean zegoen ezjakintasuna, zalantzen lainoa, ez da ez gaur egun dagoenaren oso ezberdina. Hemen ere aurki dezakegu historia lotzen duen hari bat, nolabaiteko errima. Bada hori argi asko, eta umore puntu batekin, azaltzen duen pasarte historiko bat. University College London unibertsitatean Ekialdeko Europako eta Eslaviar Ikasketen Eskolan cum laude doktorea den Isabel de Madariagaren kontakizun batean irakurri daitekeenaren arabera, 1581. urtean Antonio Possevino aita santuaren mezulariari audientzia eman zion Ivan Izugarriak. Bada, Possevinok eraman zituen oparien artean, Ivanen lehen emazte eta lehen tsarina izandako Anastasia Romanovna Zakharyina-Yurievarentzat bat ere bazegoen. Kontua da, baina, eta zinez argigarria, Vatikanoan inortxok ere ez zekiela Anastasia 21 urte lehenago hil zenik. Pentsa, harentzat oparia helarazi nahi izan zuenerako, Ivan Izugarria berriz ere, beste behin, ezkondua zegoen: hori bai, bere zazpigarren emaztearekin!