Amagoia Mujika Telleria
ELAY ENPRESA

Duela hogeita bost urte euskara plana abiatzetik, erabat euskaraz lan egitera

Antzuolako Elay enpresan erabaki garrantzitsua hartu zuten orain hogeita bost urte, langileen asanbladak majo babestuta: euskaraz lan egingo dugu. Bidea ez da samurra izan, baina asmatu dute pausoak egoki ematen eta badira hiru urte eta erdi euskara planik ez dutela. Ez dute behar, erabat euskaraz lan egiten dutelako.

Antzuolako Elay enpresan euskaraz lan egin nahi zutela erabaki zuten duela hogeita bost urte. Apustu garrantzitsua egin zuten eta pauso sendoz egin dute bidea. 2013ko uztailean ospatu zuten euskara planak helburuak bete dituela, egunerokoan euskaraz lan egitea lortu dutelako. Dagoeneko ez dute euskara planik behar.

Arrakastaren gakoetako batzuk ulertu nahian elkartu ditugu mahaiaren bueltan duela hogeita bost urte euskara planaren metxa piztu zutenetako batzuk eta geroztik bidaide izan diren beste batzuk.

Elayk 1990eko hamarkada hasieran jarri zuen martxan euskara plana, baina ardagaia dezente lehenagokoa da. «Historia kontatzen hasita, 70eko hamarkadan hasi behar da ezinbestean. Garai hartan euskaldunok euskara familian, lagunartean, herritarrekin... erabiltzen genuen, baina inolaz ere ez bestelako egoeretan, ez eskolan ez beste inon. Hasieran euskaldunok gure burua prestatu behar genuen eskolatik-eta genekizkien gauzak euskaraz esateko. Bigarren arazoa izan zen hori transmititzea. Baina, nori? Aurreneko alfabetatze teknikoko ikastaroak irakasleentzat izan ziren. Hurrengo pausoa lantegi batzuekin hastea izan zen, batez ere kutxekin. Filosofia hauxe zen: jendeari euskara irakatsiko diogu, eta, baldin badaki, erabiliko du. Bistan da horrek ez duela funtzionatzen. Konturatu ginen enpresetan berariaz egindako plangintzak behar zirela euskara lanean txertatzeko», hasi da bidea errepasatzen Andoni Sagarna. Duela hogeita bost urte Euskararen Aholku Batzordeko kide zen Sagarna eta indar handia egin zuen enpresetan euskara planak abiatzeko.

Aholku Batzordearen aldetik bazen gogo bat, gogoeta bat eta nahi bat. Eta, Elay enpresan, zer esanik ez. «1987aren bueltan ikusten genuen gure tailerrean bazirela euskaraz bakarrik egiten zuten langileak, baina ikusten genuen hori galtzera zihoala. Eskoletan erdaraz jaso genuen formakuntza osoa eta euskara arriskuan ikusten genuen. Zeozer egin nahi genuen, baina ez genekien zer. Etxetik ibiltzeko moduko plan bat geneukan, baina nora gindoazen oso ondo jakin gabe. Une hartan Aholku Batzordean zegoen nahia eta gurea elkartu egin ziren nolabait, eta martxan jarri ginen. Aholku Batzordeak esperimentu bat jarri nahi zuen martxan, norbait behar zuen esperimentatzeko, eta gu azaldu ginen», azaldu du Anaje Narbaizak, Elayko langile eta bertako euskara planaren arduradunak.

Euskararen Aholku Batzordeak garbi zeukan enpresetan euskara planak martxan jartzen hasi beharra zegoela. «Oso garbi geneukan: lehen enpresan huts egiten badugu, akabo. Eta aurretik bageneuzkan esperientzia txarrak, plangintza handirik gabe eta borondate hutsez abiatutako bideak. Esperientzia horiek ez ziren ondo atera eta horrek gure bidea zapuztu zuen urte batzuetan. Horregatik garbi geneukan oso ondo aukeratu behar genuela enpresa, arrakasta segurua nahi genuelako. Batetik, euskaldunen kopuru garrantzitsua zuen enpresa bat behar genuen, eta, bestetik, enpresaren jabeak jarrera ona izan behar zuen euskararekiko. Ez dakit nondik nora, baina norbaitek Elay aipatu zuen. Eta Elay aukeratu zen arrakasta segurua nahi zelako», segitu du Sagarnak.

«Euskaraz lan egin nahi genuen»

Jose Luis Elkorok, Elayko sortzaile eta jabeak, parte handia dauka bere enpresak egin duen bidean. «Enpresa euskaldundu nahi genuen, euskaraz lan egin nahi genuen. Eta horretan ari ginela, bidean, Eusko Jaurlaritza, Elhuyar eta besteak agertu ziren. Baina asmoa, gogoa eta ekimena Elayn bertan sortu ziren. Ezinbestekoa izan zen enpresan bertan sortu zen gogoeta; enpresa eta langileak ados jarri ziren Elay euskaldundu egin behar zela erabakitzerakoan. Bide bat ibiltzeko nahia hor zegoen eta horretarako artzain bat behar zen. Anajek egin du artzain lana. Eta bidea elikatu ere egin behar zen, eta hor egon dira Eusko Jaurlaritza eta Elhuyar, bidea elikatzen».

Jose Luis Elkoro Bergarako alkate zen 1976. urteaz geroztik eta asko sufritzen zuen euskarak bizi zuen egoerarekin. «Idazkaria bidali ziguten Burgostik eta udaletxean inork ez zuen euskaraz egiten. Pentsa, irakasle bat kontratatu nuen aktak euskaratzen laguntzeko. Sekulako ardura neukan euskararekin eta baita sekulako sufrimendua ere, bizi zuen egoera ikusita. Euskararekiko ardura hori beti neraman soinean». Horregatik, Elay martxan jarri zutenean, oso garbi izan zuten hasieratik euskarari bere tokia eman behar ziotela lantegian.

Enpresa eta langileak bat etorri ziren erronka horretan. «Hori izan da proiektuaren bihotza, hain bide luzea eta oparoa egiteko motorra», iritzi dio Anaje Narbaizak. Eta Elayn bertan zegoen giro horri batu zitzaizkion Euskararen Aholku Batzordearen erronka eta Elhuyarren laguntza, gidaritza. «Dena parean tokatu zen».

Borondatea bazegoen, baina borondate hori bideratzeko plangintza behar zen, bidea egiteko zegoen. «Elhuyar etorri zen gure etxera eta forma eman zion gure nahiari. Gu hasiak ginen mugitzen, baina seguru ez genekien nora gindoazen. Eta Elhuyarrek bidean gidatu gintuen».

Maddi Etxebarria Elhuyar Aholkularitzako arduradunaren ustez, garai hartan oso salto garrantzitsu bat eman zen. «Ordura arte pentsatu izan zen euskara jakinda, berez etorriko zela erabilera. Baina ordurako konturatuak hasiak ziren ezagutzarekin ez zela nahikoa, gehiago egin beharra zegoela erabilera bultzatzeko. Eta hori modu antolatu baten bidez egin zitekeela ikusten zen: eratu dezagun sistema bat, sor dezagun metodologia bat. Horretarako esperientzia pilotu bat martxan jartzea erabaki zen eta Elay aukeratu zen, arrakastatsua izateko baldintza batzuk ematen zirelako. Gaur egungo euskara planen hazia, oinarria, orduan finkatu zen: ezagutzak eta erabilerak eskutik joan behar dute, antolatu egin behar da, enpresaren jardunean txertatu behar da, alde sozialak eta jabetzak bat egin behar dute, akordioak bilatu behar dira, jendeak bere sentitu behar du... Euskara planak arrakasta izan dezaten osagaiak garai hartan zehaztu ziren. Hogeita bost urtean gauzak asko aldatu dira, baita lan egiteko moduak ere, baina oinarri haiek garrantzitsuak izaten jarraitzen dute».

Andoni Sagarnak gogoratu du garai hartan beste zenbait enpresa ere gerturatu zirela Aholku Batzordera, euskara planak martxan jarri nahi zituztela-eta. Eta askori ezetza eman zietela, baldintza egokiak ez zirelako ematen. «Batzuk haserretu ere egin ziren gurekin. Baina garai hartan ez genuen akatsik egin nahi, ez genuen hanka sartu nahi, eta kontu handiz ibili ginen. Oso garrantzitsua zen ondo ateratzea. Jokoan zegoen aurrera segitzea edo bertan geratzea».

«Lan egiteko hizkuntza aldatu daiteke». Hori zen, Etxebarriaren ustez, duela hogeita bost urte euskara planek demostratu behar zutena.

Euskara plana martxan jarri aurretik zeuden Elayn kalitate zirkuluak, enpresaren funtzionamendurako espresuki sorturiko tresna. «Arazo baten aurrean, jendea elkartu, arazoa aztertu eta denon artean irtenbideak bilatzea zen kalitate zirkuluen helburua. Tresna hori bazegoen enpresan eta hori bera baliatu genuen euskara plana martxan jartzeko ere. Ez ginen Finlandiara joan eredu bila, tailerrean bertan genuen tresna baliatu genuen», agertu du Anaje Narbaizak. Izan ere, hasieratik garbi samar izan zuten euskara klaseak eskaintzea ez zela nahikoa izango. «Klaseak eskaintzeaz gain, egunerokoan sortzen ziren arazoak kalitate zirkuluetan konpontzen genituen. Helburua ez zen bakarrik langile guztiek euskara ikastea; helburua zen ikastea lanean erabiltzeko. Eta erabileran sortzen ziren arazoak, etengabe gainera», segitu du.

Maddi Etxebarriak nabarmendu duenez, «gaur egun parte hartzeaz asko hitz egiten da eta formula desberdinak erabiltzen dira. Baina garai hartan Elayn erabili zituzten parte hartze moduak, kalitate zirkuluak, denen iritzia eta sentipenak partekatzeko erak, oso berritzaileak izan ziren eta horiek ere parte handia izan dute arrakastan».

Langileen tratu pertsonalizatua

Anaje Narbaizak Elhuyarren ekarpena gogorarazi du. «Elhuyarrek ekarpen garrantzitsua egin zuen. Alde batetik, Marije Jauregik eta Tere Barrenetxeak tratu pertsonalizatua bultzatu zuten. Hasieran egin zen diagnosian banaka-banaka hitz egin zen langile guztiekin, denengana heldu ginen eta hori ezinbestekoa izan zen. Planaren beste puntu garrantzitsu bat enpresako kide guztiak –goi-agintariak, agintari ertainak eta langileak– klaseetara joan izana izan zen. Horrek euskara planaren garrantzia nabarmendu zuen, enpresako kide guztien indarra behar zuela nabarmendu zen, denon ardura zela. Beti pertsonak erdigunean jarri ziren eta garai hartan sekulako perspektiba izan zen hori. Ikuspegi berri bat izan zen, berritzailea garai hartarako».

Langileen asanbladak erabakia

Euskara planaren lehen urratsa diagnostiko bat egitea izan zen. Garai hartan Elayk 150 langile zituen eta %35ek ez zekiten euskaraz. Euskaraz alfabetatuak %10 baino gutxiago ziren eta laneko kontuez euskaraz idazteko eta irakurtzeko gai zirenak %2 baino gutxiago ziren.

«Klabea enpresaren jabeen eta langileen artean eman zen uztarketa izan zen. Asanblada bat egin genuen euskara plana martxan jarri edo ez erabakitzeko eta langileen %90etik gorak baiezkoa eman zuen. Hori oinarrizkoa izan zen. Sekulako apustua izan zen gaia asanbladara eramatea. Pentsa, kontrakoa atera izan balitz... Baina aurretik sukaldeko lana ondo egina zegoen; horregatik eman zuen langileen asanbladak baiezkoa. Horrez gain, Anaje bezalako pertsona bat egotea ere oinarrizkoa izan da, ezinbestekoa. Hori garbi esan behar da», nabarmendu du Jose Luis Elkorok.

«Asanbladaren aurretik egin zen lana eta langile bakoitzari eman zitzaion tratu pertsonalizatua oso garrantzitsuak izan ziren. Asanblada egiterako, jendeak bazekien zeri buruz ari ginen hizketan eta norberak bazekien ez zela baztertuta geratuko, bere egoera pertsonala kontuan hartuko zela. Langileak bazekien ez ginela bere eskubide pertsonalen gainetik pasatuko, etorkizuna ari ginela eraikitzen. Jendea oso lasai joan zen asanbladara, oso garbi zuen zer egin nahi genuen, eta hori izan zen euskara planaren tranpolina», jarraitu du Narbaizak.

Eta helburua ez zen euskaraz ikastea, euskaraz lan egitea baizik. Ikasitakoa lantokira ekartzea. Maddi Etxebarriaren ustez, arrakastaren klabea izan da ezagutzatik erabilerara pasatzen asmatu dutela. «Askotan pentsatu izan da berez etorriko zela erabilera, ikasi ahala. Baina ohitura batzuk oso errotuta daude eta zailak dira aldatzen. Askok esan izan dute ‘lasai, belaunaldi berriek euskaraz ikasi dute eta horiek etortzean euskaldunduko da enpresa’. Baina hori ez da gertatzen, belaunaldi berri horiek etortzerako lan ohiturak oso errotuta daudelako, gehienetan gazteleraz lan egiten delako eta hori aldatzea oso zaila delako. Baina Elayn asmatu zuten erabilera sustatzen. Horretan gakoa da erabakiak hartzea eta enpresak eta langileek bat egitea erabaki horietan».

«Giro oso ederra sortu zen, oso baikorra. Batak bestea animatzen zuen langileen artean, klasean ikasitakoa lanean erabiltzeko. Dinamika ederra sortu zen. Klasera denok joaten ginen, ni barne. Denok sentitzen ginen proiektu horren parte», gogoratu du Jose Luis Elkorok.

Nola lortu zuten ikastetik lanean erabiltzera salto egitea? «Inguruko langileen bitartez sustatu genuen erabilera. Lanean zaudela aldamenekoarekin partekatu behar duzu lan hori, beti sortzen dira harremanak. Hasieran oso zaila zen, ordura arte dena gazteleraz egiten baitzen. Horregatik kalitate zirkuluak oso garrantzitsuak izan ziren, euskaraz ulertzen ez zutenen arazoa konpontzeko bideak sortu zirelako. Baina behin lehenengo saltoa eginda, jendeak bidea ikusi zuen eta bide horretan aurrerago joatea bihurtu zen helburua. Baina egia da hasiera nekeza egin zitzaigula. Lehenengoan ez zen lortu agian, baina bigarrenean bai. Jendeak ikusten zuenean gero eta gehiago ulertzen zuela, gero eta gehiago motibatzen zen», azaldu du Anaje Narbaizak.

Langilearen ilusioa, etekin onena

Hasiera hartako 150 langiletik gaur egungo 200 langilera pasatu da Elay urterik urte. Eta bide horretan atzerapausorik egon ez zedin beste erabaki garrantzitsu bat hartu zuen enpresak: kontratatzen diren langileek euskaldunak izan behar dute eta euskaraz lan egiteko konpromisoa hartu behar dute. «Ez da nahikoa pertsona euskalduna kontratatzea. Euskaraz lan egingo duen pertsona kontratatzea da gakoa, lana euskaraz eskatzea alegia», esan du Narbaizak.

Elkorok ere garbi dauka hori erabaki oso garrantzitsua izan dela. «Guk beti exijitzen dugu euskaraz lan egiteko baldintza. Behin pertsona bat kontratatu nahi genuen, bere curriculumagatik. Baina ez zekien euskaraz. Urtebete egon zen liberatua euskara ikasteko, soldatarekin. Eta ikasi zuenean hasi zen gurekin lanean. Gure konpromisoa sendoa izan da eta apustu garrantzitsuak egin ditugu».

Elkorok, enpresa gizona den aldetik, garbi dauka euskarak etekin oso aberatsak eskaintzen dituela. «Langilea aberasten du eta ilusioa ematen dio. Ilusioa duen langile bat da enpresa batek izan dezakeen etekinik handiena. Horrek enpresa asko aberasten du».

Euskara planaren ibilbidean, gainera, taldeko lana sortzen da, elkar animatzen duten lankideak sortzen dira, erronka bati taldean aurre egiteko dinamika bultzatzen da. «Dinamika hori izugarria da eta enpresaren mesedetan da zalantzarik gabe. Langilea gero eta ilusionatuago eta gusturago egon, hobe doa enpresa», segitu du Elkorok.

Enpresan ez ezik, Antzuolako herrian ere izan du eragina aipatu enpresako euskara planak. «Antzuolako kaleetan lehen baino askoz gehiago erabiltzen da euskara. Hiru enpresa gaude Antzuolan eta hirurak euskara bultzatzen ari gara, maila onean gainera. Eta herrian igarri egiten da. Langileak eguneko denbora gehiena lanean ematen du eta bere laneko hizkuntza euskara baldin bada, kalera ere eramango du euskara», nabarmendu du Jose Luis Elkorok.

Andoni Sagarnak gogorarazi du duela hogeita bost urte enpresetan euskara planak bultzatzeko berak zerabilen argudio indartsuenetakoa horixe zela. «Aholku Batzordearen aurrean fikziozko ariketa bat proposatzen nuen. Demagun badaukagula satelite bat Euskal Herriaren gainetik pasatzen dena. Norbait euskaraz ari bada, argi bat pizten da. Egunean zehar nola ikusiko luke satelite horrek Euskal Herria? Gauez, argi ia denak itzalita. Goizeko zortziak aldean segur aski etxe giroko argiak piztuko dira; haurrak eskolara eramateko garaia... Eta zortzietatik aurrera, segur aski, argi horiek itzali egingo dira. Eguna pasa eta gero, berriz piztuko dira arratsean, afal ordua inguratzen denean, berriro etxe giroan edo poteo giroan. Horrek esan nahi du eguneko ia ordu guztietan itzalita egongo direla argi horiek eta laneko orduetatik kanpo bakarrik piztuko direla. Zortzi ordu lotan eta zortzi ordu lanean, ez zaigu geratzen euskaraz egiteko denborarik. Hori esaten nuen nik duela 25 urte behin eta berriz».

Hartara, enpresak euskalduntzeak asko lagun dezake jendarte euskaldunago bat eraikitzerako orduan. «Alferrik gabiltza eskoletan euskara ikasten, unibertsitateetan euskara ikasten, doktoretzak euskaraz egiten, gero lan mundura iritsi eta ez badu ezertarako balio. Ikasketa guztiak euskaraz egin dituen gaztea ‘errealitatera’, lan mundura, iristen denean konturatzen baldin bada ezin duela euskaraz lan egin, zertan ibili da ordura arte? Horrek desmotibazioa ekar dezake», segitu du Sagarnak.

Funtzionamenduan txertatuta

Andoni Sagarnaren ustez, kasuan-kasuan garrantzitsua da enpresaren funtzionamenduaren neurriko metodologia jostea. «Euskara ez da aparteko gauza bat. Batzuetan badirudi ez duela zerikusirik enpresaren eguneroko funtzionamenduarekin. Hori, gainera, ez da euskararekin bakarrik gertatzen, orokorrean hizkuntzekin gertatzen da. Erosi edozein hizkuntzetan eros daiteke, baina saldu bezeroaren hizkuntzan egin behar da. Alegia, hizkuntzak ez dira aparteko gauza bat, enpresaren funtzionamenduan txertatu behar duzu hizkuntzen arazoa; dokumentazioa prestatzerakoan, barneko komunikazioan, bezeroarekin harremanetan, beste enpresekin komunikatu behar duzunean... Enpresen bizimoduan sartu behar da hizkuntzen arazoa, kudeaketaren barruan. Hizkuntza guztiena, gainera. Erraza da esatea ‘internazionalizatu egingo naiz’. Oso ondo. Kalkulatu al duzu zenbat hizkuntzatan aritu beharko duzun? Euskarazko plangintzetan lan egiten duten enpresek abantaila handi bat daukate, hori irentsita daukatelako, hizkuntzen kontua enpresaren antolaketan txertatuta daukatelako».

Elayn, adibidez, makinek ere euskaraz egiten dute. «Makina gehienak Suitzakoak ditugu, eta, besteak, alemaniarrak. Ba makina horiek ekartzen duten informazio guztia euskaraz dago. Hemendik bidaltzen dizkiegu datu guztiak eta haiek makinak prestatzen dituzte euskaraz funtziona dezaten», agertu du Elkorok.

Euskara planari esker asko ikasi dute Antzuolako lantegian. «Guri lagundu egin digu pausoak ematen norabide guzti-guztietan. Euskara ezustekoz betetako ate bat da. Zabaldu eta beti ematen ditu ezusteko onak. Gure ibilbidean eman dugun azken urratsa, duela lauzpabost urte, euskaratik ikasitakoak beste hizkuntzetara eramateko saiakera izan da, eta horretan ere bidelagun izan dugu Elhuyar. Gaur egun Mexikon eta Txinan ere ari gara lanean. Gure filosofiatik abiatuta herrialde horiekin nola harremandu zehazten duen proiektua egin dugu eta oso garbi izan dugu tokian tokiko hizkuntza errespetatu behar dugula. Hau da, ez ditugu txinatarrak euskara ikasten jarriko, ezta mexikarrak ere; bertakoei bertako hizkuntzan egiteko ahalegina egingo dugu. Antzuolan euskaraz egingo dugu eta toki bakoitzean bertako hizkuntza erabiltzen saiatuko gara, erdiko hizkuntza bat inposatu gabe. Tokian tokiko hizkuntza errespetatzea da gure lehentasuna, hori erakutsi digu egindako ibilbideak. Eta horretarako tresna batzuk garatu ditugu», azaldu Narbaizak.

«Mexikarrekin ez daukagu arazorik eta txinatarrekin, oraingoz, ingelesa baliatzen dugu. Baina gure erronka da gure jendeak txinera ikastea haiei beraien hizkuntzan egiteko. Oraintxe hasi gara Txinarekin lanean, baina buruan daukagu hizkuntzarena», gaineratu du Jose Luis Elkorok.

Txinara edo Mexikora joan gabe, Euskal Herriko beste enpresa batzuekin dituzten harremanetan euskara lehenesten saiatzen dira beti. «Ahozkoan dezente ematen da. Egin ditugun neurketen arabera, beste enpresekin ditugun ahozko harremanen %60 euskaraz dira. Azken urteotan goraka egin du datu horrek eta hori da, oraingoz, lortu duguna. Pentsatzen dugu hortik gorako zenbakiak lortzeko gizartean aldaketa batzuk eman behar direla euskararen erabilerari dagokionez», azaldu du Narbaizak.

Eta leherketa hori gertatzeko dago oraindik. Enpresak euskarari lotzea eta lotura horretatik leherketa jendarte osora zabaltzea, gertatzeko dago. Baina, gertatuz gero, sekulakoa litzatekeela oso garbi dauka Narbaizak, «enpresetan euskaraz egiten bada, Euskal Herrian askoz gehiago erabiliko da euskara».

Antzuolako Elayn 1992an abiatu zuten euskara plana. Bost urteren buruan, 1997an, asanblada orokor batean emandako pausoen balorazio bikaina egin zuten, «euskarak lortutako sendotasuna eta sinesgarritasuna» nabarmenduz. Baina jada garai hartan, duela hogei urte, garbi jasotzen zen asanbladako aktan: «Aurrerapausoak emateko ezinbestekoa da beste enpresak bide honetara batzea, bestela nekez egingo dugu aurrera. Guztiok daukagu guztion premia. Jakina da proiektu hau ondo ateratzea beste batzuek ere ibilbide berdina hartzea litzatekeela, enpresa euskaldunen arteko harremana sendotzeko. Zergatik ez euskara erabili? Emaitzak harritu egingo gaitu, orain arteko emaitzak harritu gaituen bezala».

Esanguratsua da duela hogei urteko gogoetak oraindik daukan zentzua. «Enpresatik kanpora egin behar da, leherketa bat gertatu behar da. Enpresetako euskara planek benetan funtzionatuko dute gizartera zabaltzea lortzen baldin badugu», iritzi dio Narbaizak.

Elhuyarko Maddi Etxebarriak egunero egiten du lan enpresekin eta badaki ez dela batere erraza enpresak euskararen norabidean mugitzea. «Azken urteotan saiakerak egin dira, baina azken hogeita bost urtean euskararen inguruan mugitu diren enpresak beti berdinak dira. ‘Internazionalizazioa’ hitzetik hortzera dabilen honetan, euskara planetan aritu diren enpresek abantaila dezente dituzte hizkuntzen kudeaketari dagokionez. Hizkuntzak nola landu hausnartuta eta pentsatuta daukate eta badakite hizkuntza bat baino gehiago kudeatzen. Gainera, euskara ikasteko erabili dituzten tresnak beste hizkuntza batzuk ikasteko erabil ditzakete. Euskaratik ekarritako praktika on horiek beste hizkuntzetara ekar ditzakete».

Lehen begiratuan ikusten ez diren gauza asko ere ekartzen ditu euskarak enpresaren egunerokora: kohesioa, indarra, ilusioa. «Azkenean pozik eta gustura dagoen pertsona batek hobeto lan egingo du, beste giro bat sortuko da...», nabarmendu du Etxebarriak.

Administrazioaren bultzadaz

Aipatu azken hogeita bost urtean, 500 bat enpresa ibili dira joan-etorrian euskara planen bueltan. «Garrantzitsua da enpresak nahi bat izatea. Eta, hain juxtu, nahi hori izan duten enpresak dira aurrera egin dutenak. Azken urteetan, baina, gehiago dira bestelako arrazoiak tarteko gerturatzen diren enpresak. Batez ere administraziotik etorri diren hizkuntza betekizunak direla-eta gerturatzen dira gugana. Administrazioaren lehiaketa publikoetan euskarak puntuak ematen dituelako gerturatu dira asko. Bestelako zerbitzu enpresa batzuk ere hurbildu dira, haurrekin dabiltzanak, nerabeekin, adinekoekin, Osakidetzaren inguruan dabiltzanak... Asko gerturatu dira administrazioak baldintza hori jarri duelako. Eta egia da gero eta gutxiago direla langileen eta enpresaren borondateagatik gerturatzen direnak guregana», kontatu du Elhuyarko arduradunak.

Administrazioaren bultzada garrantzitsua izan daiteke, baina horrekin bakarrik zaila izango du euskarak aurrera egitea. «Administrazioaren eskakizunez gain, borondatea ere beharko da. Enpresa bakoitzak bere erritmora eta bere ezaugarrien arabera, baina bidea egin behar du. Aldaketa bat eman daiteke eta laneko hizkuntza ohiturak alda daitezke. Euskaraz lan egin daiteke», garbi dauka Etxebarriak.

Jose Luis Elkororen azken gogoetak, berriz, zer pentsa asko ematen du. «Nik duela hogeita bost urte pentsatzen nuen euskara gaur egun askoz egoera hobean egongo zela. Baina ikusten dut asko galdu dela bidean. Ni konbentzituta nengoen gaur egun administrazio osoan euskaraz egingo zela, eta begira non gauden. Uste dut aukera asko galdu ditugula bidean. Tristura handia ematen dit euskararen kontrako jarrerak ikusten ditudanean. Euskararen kontrako eraso asko ikusi ditut urteetan barna, baina, hala ere, mina egiten didate oraindik ere».