Maider Iantzi Goienetxe
ZERBITZUAK, ESKURA?

Bizi baldintzen argazkian, desorekak ageri dira gure lurraldeen artean

Eskolak, osasun zentroak, zerbitzu sozialak... Oinarrizko baliabideetara iristeko egin beharreko distantziak neurtu ditu Gaindegiak udalerriz udalerri, Euskal Herriko 685 udalerrietara iritsi arte. Bitan banatzen da mapa: batetik, kostaldea, zerbitzuak eskuragarri dituena, eta, bertzetik, barnealdeko ardatza, baliabideak urrunago dituena.

Gaindegiak “Ongizate azpiegituren irisgarritasuna euskal udalerrietan” azterlana kaleratu berri du, Udalbiltzarentzat osatua. Udalerriz udalerri, Euskal Herriko 685 udalerrietara iritsi arte, herritarrek osasun zentro, ikastetxe eta gizarte baliabideetara, hau da, oinarri-oinarrizko zerbitzuetara duten distantzia neurtu du. Gabezia eta desorekak markatu ditu mapan, lurralde antolamendu orekatu baten aldeko jarrerak elikatzeko balio izango duelakoan.

Txostenaren lehendabiziko ondorioa da euskal geografia bi espaziotan banatzen dela: alde batetik zerbitzuak eskuragarri dituen kostaldea, Bizkaitik Lapurdiraino, hegoaldeko hirigune nagusiak barrenean hartuz, Gasteiz, Iruñea eta Tutera; bertzetik, nabarmen irisgarritasun gaitzagoa duen barnealdeko ardatza, Ebro ibarretik ekialderaino doana.

Bigarren puntu aipagarria da administrazio eremuen arabera hagitz desberdinak direla zerbitzuen antolaketa eta ezarpena. Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behatokiak dioenez, horrek agerian jartzen du gainbehera demografikoa ez dela berez datorren gertaera, baizik eta politika publikoen araberakoa.

Biziaren termometroa

Erreportaje honetan, datuak jasotzeaz gain, lekukotasunak bildu ditugu, lurraldeak giza geografia behar duelako, eta, Gaindegiak azaldu bezala, euskal lurraldea, historian aldatuz joan dena gaur egun dena izatera ailegatu arte, pertsonak, komunitateak eta jarduerak barne hartzen dituen espazioa delako. «Hor dago, inon egotekotan, euskal lurraldetasunari eusteko etorkizuneko bermea».

Bizitasuna neurtzeko termometroa da zerbitzuen eskuragarritasuna, eta euskal geografian desberdintasun nabarmenak ageri dira. «Oinarrizko baliabideetara iristeko egin beharreko distantziak aztertuz lur eremu bakoitzaren bizi baldintzen argazkia osatzen da, lurralde funtzionalen artean dauden desorekak azaleratuz».

Imanol Esnaola Gaindegiko koordinatzaileak defendatu duenez, herritarrek zerbitzu hauek jasotzeko eskubidea dute eta azterlan honetan administrazioek eskualdeetan eskubide horiek bermatzen dituzten ala ez behatu dute.

2008an krisi ekonomikoa lehertu zenetik murrizketak egin dituzte, adibidez Nafarroa Garaian Gobernuak osasun arretarako hainbat baliabide ixtea erabaki zuen, eta horren eragina sumatzen da.

Hezkuntza, osasuna eta babes soziala, larrialdiak, eta bestelako azpiegitura eta zerbitzuak kontuan hartuz osatu dituzte fitxak udalerriz udalerri. Nafarroa Garaia eta Araba dira herrialderik kaltetuenak, bereziki Erronkari-Zaraitzu eskualdea Nafarroa Garaian eta Arabako Mendialdea Araban. Eskiulak ere, Oloroealdeko herri elkargoa osatzen duen udalerri bakarrak, zerbitzuetarako distantzia hagitz handiak ditu. Horrek erran nahi du bertako jendeak ahalegin handiagoa egin behar duela bertan biziari eusteko. Jaso ditugun testigantzen arabera, grinarik ez zaie falta.

Honi guztiari neurria ongi hartzeko, Euskal Herriko biztanleria non kokatzen den jakitea komeni da. Herritarren banaketaren maparen gainean, errepide sare nagusiak eta trenbide ardatzak jarri dituzte ikerketan, banaketa horren bizkarrezurra direla erakutsiz. Orokorrean, konektibitaterik onena duten eskualdeak dira jendetsuenak, Lapurdiko kostaldetik hasi, eta A-8 zein N-I ardatzak jarraituz Bizkaiko eta Arabako hiriburuetara arte. Iruñerriak eta Tuteraldeak ere biztanleria metaketa altua dute. Dentsitate baxueneko zonaldeak, aldiz, Ipar Euskal Herriko, Arabako eta Nafarroa Garaiko zenbait eskualde dira.

Hobekien konektatuta dauden eskualdeetan garraio publikoa hobetu egiten da eta mugikortasun sarea ez da autoetara hainbertze mugatzen. Konexio okerrena duten eskualdeetan, berriz, biztanleko autoen ratioak gora egiten du nabarmen. Horren adibide dira Arabako eta Nafarroa Garaiko eskualdeak, bereziki Trebiñu eta Arabako Ibarrak.

Joan den urtarrilaren 6an GARAn kaleratu genuen bertze lan batean (naiz.eus/eu/actualidad/noticia/20170107/zuhaitz-itxurako-piramidea-orekatzeko-erronka) esplikatzen genuen bezala, hau dena estu lotuta dago ekonomiarekin. Enplegu gehien dagoen lekuetan bizi da jende gehien eta konexio eta zerbitzuak ere hobeak dira. Ehun ekonomiko ahulagoko guneetan, zerbitzuen eskuragarritasuna txikiagoa da.

Euskara, 20 kilometrotara

Hezkuntza zentroen eskuragarritasunaren azterketan, Arabako Ibarrak eta Mendialdea ageri dira kaltetuenen artean, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroa Garaiko mendebaldearekin batera. Bidaxuneko, Salbaterraldeko, Iholdi-Oztibarreko eta Oloroealdeko herri elkargoetan, Erronkari-Zaraitzun, Irunberrialdean, Zangozerrian eta Estellerriko Mendebaldean, Arabako Mendialdean eta Arabako Ibarrean, batez beste 7,5 kilometrotik gora behar dira eskolara heltzeko.

Txostenean jasotzen denez, zonalde hauetako herritarrak are kaltetuagoak dira euskal identitatea gordetzea eta seme-alabak euskaraz eskolaratzea erabakitzen badute. Familia eta haurrek desplazamenduetan egiten duten ahalegina gainerakoena baino nabarmen handiagoa da. Ipar Euskal Herrian nozitzen dituzte, alde horretatik, distantziarik handienak. Aturri Errobiko, Bidaxuneko, Hazparneko Lurraldeko, Amikuzeko, Salbaterraldeko eta Oloroealdeko herri elkargoetan, eta Arga-Aragoiko Erriberan, 20 kilometro baino gehiago egin behar dira euskaraz ikasi ahal izateko.

Osasuna, 10,9 kilometrotara

Osasunaren alorrean aztertzen diren azpiegiturak ospitale publikoak, administrazio zerbitzudun osasun zentroak, adinekoen egoitzak eta laguntza sozialeko zentroak dira. Herrialde bereko azpiegitura hurbilenera neurtu dituzte distantziak, hauen eskumena orokorrean herrialdekakoa izan ohi baita. Hain zuzen arrazoi horregatik, eskaintza ez delako udalerrikakoa, azpiegitura hauetarako distantziak aurreko ataletan neurtutakoak baino luzeagoak dira. Euskal Herri osoko batez bestekoa 10,9 kilometrotakoa da.

Orokorrean, Nafarroa Garaia ageri da kaltetuen, are gehiago Iruñerritik eta Tuteraldetik aldendu ahala. Baztanaldea, Erronkari-Zaraitzu eta Aralar Iparraldea dira zerbitzuak urrunen dituztenak.

Imanol Esnaolak azaldu duenez, lurraldea estuki lotuta dago giza aktibitatearekin eta komunitatearekin. Modu orekatuan biziberritu behar da lurraldea eta horrek eskatzen du XXI. mendeko ongizate azpiegiturak eskuragarri izatea. Osasun eskubidea kasu batzuetan auzitan dago hagitz. Heziketa euskaraz jasotzeko eskubidea ere ez da bermatzen eskualde guztietan.

Zaharren egoitzen faltak norbere bizilekuaren inguruan zahartzeko eskubidea jartzen du kolokan. Eta gizarte zerbitzuen gabeziak zaurgarritasun egoeretan, hau da, egoerarik ahulenean dauden lagunak kaltetzen ditu (tratu txarrak jasaten dituztenak, pobrezia sufritzen ari direnak…). Oinarri-oinarrizko eskubideez ari garela nabarmendu du Gaindegiko koordinatzaileak.

Lehen mailako auzia

Ondorio gisa, azpimarratu du oinarrizko zerbitzuen diseinuan lurraldea biziberritzeko xedea aplikatzen ez bada, murrizketa politikek desoreka demografiko eta sozioekonomikoak ekartzen dituztela.

Horrek guztiak hurrengo urteei begira Euskal Herrian lurralde antolamenduaren auzia lehen mailan jartzea eskatuko duela aldarrikatu du, estrategia eraginkorrak bilatzeko demografian bezala zerbitzuetan ere desoreka gainditu eta lurralde osoa biziberritzeko.

Patrick Queheille «Kanpo». Barkoxeko herritarra

«Ez gara geroaren beldur izan behar. Bada herri ttipietan bizitzeko nahia»

Zuberoako udalerri nagusietakoa da Barkoxe. Basabürüan kokatuta dago eta 740 biztanle inguru ditu. Patrick Queheille bertako Herriko Etxeko langilea da, Kanpo ezizenaz ezaguna (familiaren etxearen izena da). Etxahun kultur elkarteko burua, dantzaria, dantza erakaslea eta pastoral idazlea da.

Kontatu digunez, kasik zerbitzu guztiak dituzte herrian momentuan: eskola, mediku bat, botika, denda eta ostatuak. «Baina ohartu behar gara komertzio horien atxikitzaileak zahartzen ari direla. Horrek arrangura eta kezkak sortzen ditu, eta Herriko Etxea lanean ari da horri buruz». Zehazki, herri elkargoaren bidez artatze etxe bat sortu dute herri zentroan.

«Ospitalera urrunago joan behar dugu. Oloroen dugu bat, 15-20 kilometrotara, eta beste bat Donapaleun, 40 kilometrotara. Beste zerbitzu batzuk Maulen ditugu, 15 kilometrotara».

Eskolari dagokionez, gela bakarreko ikastetxe ttipi bat dute Barkoxen, hogei ikasle ingururekin. Hezkuntza elebiduna eskaintzen da bertan, euskaraz eta frantsesez. Badira umeak Sohütako Eperra ikastolara eramaten dituzten familiak ere. Berau 13 kilometrotara dago eta bada garraio publikoa, departamentuak bere gain hartzen duena.

Zahar etxe eta gizarte zerbitzurik ez da herrian eta Maulera jo behar dute.

Jende gehiena laborantzatik bizi dela dio Kanpok. Laborantza ttipiak dira. Enpresetan lan egiten dutenak ere badira, Maulen eta Atharratzen.

«Dauden zerbitzuei eusteko entseatzen gara. Jendea zahartzen ari da eta sortze gutxi dira. Hori da gure kezkarik handiena. Azken bost urteetan lauzpabost sortze izanen ziren urtean. Zubero osoan lan bat egiten ari da jakiteko gazteek zein nahi dituzten herri txikietara etortzeko. Lagundu behar ditugu, proposatu eta esplikatu behar diegu posible dela herri txikietan bizitzea handietan bezain ontsa. Gazteek badute nahia. Kontzientziatze pixka bat bada horri buruz. Herri handietan ere badira nekeziak. Lana atzematea da giltza eta hemen langabezia gutxi da».

Itxaropentsu mintzo da Patrick. «Ez dugu beldurrik izan behar etorkizunari buruz. Bada herri ttipietan bizitzeko nahia. Ez da duela 15-20 urte bezala. Orduan jendeak joan egin nahi zuen».

Irriak eskapo egiten dio denek kostaldea nahi dutela erratean. «Han ere badira nekeziak», dio. Barnealdea egokia izaten ahal da lasai erretiratzeko edo familia bat eraikitzeko. «Esperantza badut demografiaren gabeziak konpondu eta populazioa atxikitzeko», adierazi du.

Sabin Kortabitarte. Lea Ibarreko herritarra

«Gazteen %90 kanpora joaten ziren lehen; orain %90 bertan gelditzen dira»

Sabin Kortabitarte Aulestin bizi da. Industria ingeniari teknikoa da, urtetan irakasle izana Markinako eskolan. Eskualdean lana topatzea nekeza zen garaian, duela 40 bat urte, bertan gelditzea, eta, hainbat lagunekin batera, Lea ibarreko garapena bultzatzea aukeratu zuen. Epe luzera begira, poliki-poliki, bertatik bertara eta behetik gora egindako lan horrek eman dituen fruituekin kontent ageri da orain, baina erne dago, egindakoari eusteko eta gaurkotzeko erronkarekin, badakielako urte luzetako ahaleginarekin kostata lortutakoa lo uzten bada bat-batean galtzen ahal dela.

Oroitu du 1970eko hamarkadaren erdialdean Lea ibarra (Oiz menditik Lekeitiora doana, Munitibarren barna) biziberritzeko hazia ereiten hasi zirenean ez zegoela itxaropenik bertan eta lehendabiziko lana hori aldatzen hastea izan zutela.

Epe luzera begirako lana

«Lea erabat husten ari zen. Ez zegoen industriarik. Lekeition arrantza desagertzen zihoan. Bestela nekazaritza zegoen, baina baserri eta herri txikiak gainbehera zihoazen. Orduan mugimendu garrantzitsu bat sortu genuen gazteen artean. Okamikako industrialdea ere, Gizaburuagan kokatua dagoena baina eskualde osoarena dena, hortik jaio zen, eta horrekin batera berreskuratu genituen herrietan galdutako eskolak. Ez genuen multinazionalik xede; epe luzera begiratu, eta dibertsifikazioa bultzatu genuen. Hala, industrialdeko enpresa gehienak txikiak eta ertainak dira».

Inurrien lorpenak begi bistakoak dira gaur egun. Kortabitartek azaldu duenez, duela 30 urte gazteen %90 kanpora joaten ziren lanera. Orain, aldiz, alderantziz gertatzen da, gazteen %90 herrietan gelditzen dira. Horretan zerikusi handia dute aipatutako industrialdeak eta udalek aitzinera eramaten dituzten politikek, jendeak etxebizitza eta eskola izateko adibidez.

Markinan maila handiko ikastetxe profesional bat izatea ere lagungarria izan da. Jendea prestatuta ateratzeaz gain, enpresa pila sortu da bertatik.

Zerbitzuekin segituz, Lekeition zahar egoitza bat dago aspalditik, eta bertze berri bat dago Munitibarren. Eguneko zentroa ere badu Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoak.

Osasunari dagokienez, lehen ez bezala orain herri guztiek dute zentro txiki bat medikuarekin. Lekeition anbulatorio txiki bat dago eta larrialdiren bat bada hara bideratzen dute jendea. Gernikako ospitalera ere bai. Maila altuagoko kirurgietarako, Galdakaoko ospitalea dute.

Bertze baliabideei dagokienez, 800 biztanletik hurbil dagoen Aulestin kirol zerbitzu pila dago, ikastaroak antolatzen dira, haur eta nagusientzako ekintzak… «Udalek lan handia egiten dute. Leako udal denak elkarrekin ari dira, Mankomunazgoak koordinatuta. Elkarteek ere paper garrantzitsua jokatzen dute. Horrek egiten ditu herri biziak».

Lan hau guztia gazteei transmititzen saiatzen ari dira orain, toki denetan bezala, arriskua dagoelako pentsatzeko eskola edo industrialdea beti egon direla hor. Kortabitartek berretsi duenez, dena lotuta doa; kontua ez da enplegua sortzea soilik, kultur kontzientzia piztu behar da, eskolak sustatu, udal berrietarako jendea prestatu… Horixe da Lea ibarrean aspalditik martxan den abentura.

Izaskun Abaigar Garcia de Azilu. Kanpezuko herritarra

«Zerbitzuak oso erraz erabiltzen ditut. Arazo nagusia lan esparruan dago»

Santikurutze Kanpezu izen bereko Arabako Kuadrillako herri nagusia da, udal propioa du eta inguruko populatuena da. Nafarroarekin egiten du muga; 4 kilometro baino gutxiagora ditu Genevilla eta Zuñiga.

Ikuspuntu subjektiboago batetik, Izaskunek erranen luke berezko bizitza duen herria dela: «Komertzioa badugu (supermerkatu txiki bat, janari denda txiki bat...), hainbat taberna daude, aholkularitza enpresa bat, tailer mekanikoak, gasolindegia, hainbat banketxe eta kutxazain, ile-apaindegiak, dentista, baita arrain-haztegi bat ere. Udaran, gainera, aukera aparta izaten da udal igerilekuak erabiltzeko, bertako tabernan freskagarriren bat hartzeko, Fresnedoko ibaiko igerileku naturalez gozatzeko».

Kanpezuk eskola eta institutu publikoa ditu (0-2 urteko haur eskolatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailara), kultur etxea (kirol eta kultur ekintzak egiteko, ludoteka eta liburutegia erabiltzeko...), udal frontoi estalia, kiroldegi erdi-estalia eta futbol zelai handia. Osasun zentroa, botika eta zaharren egoitza ere baditu. «Hala, esan daiteke badituela oinarrizko zerbitzuak, eta aisialdirako zenbait aukera ere bai».

Jaiotzez gasteiztarra da Izaskun baina txikitatik ibili izan da Kanpezun, familia osoa hemengoa duelako. «Jada hiru urte daramatzat bertan bizitzen, erroldatuta, eta ez dut gertueneko herri eta hiri handietara jotzeko beharrik: Gasteizera, Lizarrara edo Logroñora (denak 40 kilometrotik beherako distantziara), ez bada, noski, ospitalera, larrialdietara edota bestelako tramite administratibo eta erosketak egitera. Herriko zerbitzuak erraztasun handiz erabiltzen ditut: familia medikua, kirol ekintzak, botika, tabernak, gasolindegia, tailerra… Arazo nagusia lan esparruan kokatzen dut. Kanpezun erroldatutako 16 urtetik gorako biztanleen %64k herritik kanpo egiten dute lan, eta horrek gastu handia eta egunero batez beste 55 minutuko bidea egitea dakar. Horrek esan nahi du 16 urte baino gehiagoko biztanleen erdia baino gehiago doala kanpora lanera edo ikastera egunero-egunero, horren suposatzen duen gastu, arrisku eta ahaleginarekin».

Etxebizitzari erreparatuz, dio ez dela erraza izaten alokairuko etxeak aurkitzea, salgai badago baten bat gehiago, baina denboraldi batez alokairuan eta merke bizitzea nekeza da (400 eurotik beherako alokairurik topatzea oso zaila da). Horretarako eraikita eta bete gabe dauden hainbat etxe eta etxe bloke eskaintza publiko batean ematea ikusten du komenigarriena.

Rebeka Gonzalez de Alaiza

«Herriak bizia izatea nahi dut, eta ez soilik lanerako»

Arabako herririk altuena da Erroeta 956 metrorekin. Zortzi etxebizitza eta hogei biztanle ditu, tartean Rebeka. “Zerbitzu” bakarrak eliza eta hilerria dira, orain itxita dagoen gizarte zentro batekin batera.

Emakume alargun ugari bizi dira herrian. Emakumeok etxea mantentzen dute eta semeek (hala izaten dira, mutilak) abeltzaintzan eta nekazaritzan lan egiten dute. «Batzuk Erroetara etortzen dira lanera, bertan erroldatuta daude, baina bikotekide eta umeak Agurainen eta Gasteizen dituzte eta han bizi dira. Horrek kezkatzen nau».

Bakarrik bizi da Rebeka, gurasoen etxea izandakoan. 29 eta 20 urteko seme-alabak ditu. Gazteena Donostian ikasten ari da eta gutxi bisitatzen du Erroeta. Zaharrena Gasteizen du. Rebeka ere bertan bizi izan da, baina Erroetakoa da eta herrira itzuli zen duela hiruzpalau urte. «Nahiago dut herri batean bizi, pozik nago». Hori bai, autoa bai ala bai behar du. Hainbat talde dituzte eskualdean: Lamingorriak emakume taldea, bertso eskola, euskara taldeak... Lagunak elkartu eta Kanpezura edo Maeztura joaten dira, taberna duten herrietara.

70 urtetik gorako emakume batzuk eta gizon bat bizi dira Erroetan, eta 40-50 urte bueltako gizon batzuk eta emakume bat. Rebeka Agurainera joaten da egunero lanera. 15 kilometrotara dago, baina Opakuan barna joan behar da; hala, elurra egiten duenean, Gasteizen gelditzen da, bizpahiru egunez inkomunikatuta egoten baita herria.

Orain ez da haurrik Erroetan, baina Rebekak Maeztuko eskolan ikasi zuen eta inguruko herri txikietako umeak ere bertara joaten dira autobusez. Han bazkaldu eta arratsaldean bueltatzen dira etxera. Erroetatik ez da errepide nagusirik pasatzen eta ez dago lineako autobusik. Taxi gidariari bezperan deitu behar zaio Maeztura medikura edo eguneko zentrora joateko. Beharrezkoa bada medikua joaten da etxera eta gizarte laguntzaile bat ere ibiltzen da herriz herri.

«Oso inguru ederra da eta esnatu eta leihotik begiratzean dena berdea ikusten dut, txakurra poz-pozik... Beste bizimodu bat da. Gasteizen, jendez inguratuta egon arren, bakarrago sentitzen nintzen. Hemen beti badut zerbait egiteko, oiloak direla, egurra, ortua... Naturarekin lotura hau izateko beharra dut, eta maite ditudanekin elkartzen naiz. Gauza asko egiten dira hemen: txorizoa, kontserbak, xaboi eta kremak...». Herriak bizia izatea nahi du, ez soilik lanerako, baizik eta konpartitzeko, harremanak izateko... «Batzuek ez dute ulertzen nire aukera, baina pribilegiatua naiz».