Xabier Izaga
ARABA, PUNTUA JARRITA

Arabako bertsolaritzaren historia txikiak badu bertsolaritzaren historian lekua

Arabako lehen bertso eskolak 35 urte bete ditu. Gaur ospatuko dute Aretan urteurren hori, herrialdeko Bertsolari Txapelketa aurkeztuko duten leku berean. Gaur egun Araba osoan zehar daude hedatuta bertso eskolak, bertso saioak eta bertsozaleak. GAUR8k 35 urteko ibilbide hori gainbegiratu eta balantzea egin du.

Araban euskararen ezagutza %25 ingurukoa da. Azterketa motaren arabera, handiagoa edo txikiagoa. Eta euskara ulertzeko gai direnak batuta, nabarmen gora egiten du ehuneko horrek. Edonola ere, azterketa guztiek azpimarratzen dute euskararen hazkunderik handiena Arabak izan duela. Pozik eta harro egoteko moduko egitatea da, zalantzarik ez, baina beste egitate ez hain positibo batetik abiatua: 80ko hamarkadaren hasieran, daturik baikorrenen arabera, Arabako bizilagunen %4 baino ez ziren euskal hiztunak, eta horietako ia erdiak udalerri txiki batekoak ziren, Aramaiokoak, hain zuzen.

Egoera kaskar hura izan zen herrialdean bertsolaritza piztu eta sustraitzeko ahalegin ikaragarriaren abiapuntua. Izan ere, Arabako bertsolaritza euskararen normalizaziotik ezin bananduzkoa da. Duela 35 urte, Aramaio-Legutio inguruan –eta beharbada Aiaran eta herrialdearen iparraldeko gainerako eskualdeetan– izan ezik, herritar gehienek ez zekiten zer zen bertsolari bat, edo, onenean, urruneko zerbait gisa sumatzen zuten. Gaur egun, berriz, inon ez da fenomeno arrotza, ezta ingurunerik erdaldunenetan ere, bertako kulturaren elementu bat gehiago baizik.

Egungo egoeraren erradiografia

Iritziak iritzi eta pertzepzioak pertzepzio, badira irakurketa ezkorrik egitea uzten ez duten hainbat datu esanguratsu. Hona, xehetasunetan luzatu gabe, Asier Lafuente Arabako Bertsozale Elkarteko sustapen eragileak emandako informazioa, herrialdearen erradiografia egiteko balio duelakoan:

• Arabako Errioxan bertso eskola bat dago, Oionen. Hiru bertsolari daude eta urtero 8-10 bertso saio inguru egiten dira.

• Mendialdean bertso eskola bat dago, Kanpezun, hamar kide dituena. Plazetan kantatzen duen bertsolari bat dago eta urtero 6-8 bertso saio antolatzen dira eskualdean.

• Añanan bertso eskolarik ez badago ere, bertsozaletasunak gora egin du, euskararen ezagutza eta erabileraren eskutik. Urtean zehar bertso tailerrak antolatzen dira bertako ikastetxeetan, Bertsoa Bizi Gazte egitasmoaren baitan. Urtero 2-3 bertso saio inguru antolatzen dira.

• Lautadan bi bertso eskola daude: Agurainen eta Zalduondon, hiru taldetan banatuta. Sei bertsolarik kantatzen dute plazetan, eta urtero 20 bertso saio inguru antolatzen dira.

• Gorbeialdean lau bertso-eskola daude: Legutio, Aramaio, Urkabustaiz eta Zuian, bederatzi taldetan banatuta. Plazetan kantatzen duten hamar bertsolari daude eta urtero 40 bertso saio inguru antolatzen dira.

• Trebiñun Gutxisolo Euskara Elkarteari eta Euskara Zerbitzuari esker abiatu da bertsolaritza. Urtero 2-3 bertso saio antolatzen dira, eta urtean zehar bertso tailerrak antolatzen dituzte.

• Gasteizen sei bertsogune daude. 78 lagun biltzen dituzte, 11 taldetan banatuta. Plazetan kantatzen duten 17 bertsolari daude eta urtero 55 bertso saio inguru antolatzen dira.

• Aiaraldean bertso eskola bat dago, Amurrion. Lau bertsolari daude eta urtero 18 bertso saio inguru antolatzen dira.

Bertso eskolek eta talde autonomoek, guztira, 160 ikasle biltzen dituzte, haietatik 96 gizonezkoak eta 64 emakumezkoak. 27 bertsolari edozein formatutan jarduteko gai dira, eta beste 22 formatuaren arabera plazaratzen dira. Iaz 152 bertso saio antolatu zituzten Araban, eskualde guztietan. Horrez gainera, zenbait gizarte etxetan ere ematen dituzte bertso eskolak, eta herrialdeko ikastetxe gehien-gehienetan bertsolaritza tailer edo ikastaroak egiten dituzte. Guztira, 2.000tik gora umek lantzen dute bertsolaritza Araban.

Hori guztia 35 urteko ahaleginaren ondorio da, inongo tradizioren arrastorik izan gabe, gaur egun ezagutzen dugun bertsolaritzaren arrastorik gabe, alegia, Aramaion egiten zituzten saioak edo Mairuelegorretako euskal jaian bertsoak zuen tartea salbu. Bestelako zantzurik ez; hala ere, antzinako euskal literaturak lekukotasun ugari ditu Araban, horietako asko bertso moldean. Haietako batzuk bildu zituen Ruben Sanchez Bakaikoa bertsolari gasteiztarrak 2006an Arabera argitaletxearen eskutik argitaratu zuen “Araba: bertso histori ezberdin bat” lanean: Josef Paulo Ulibarri okondoarrak (1775-1847) idatzitakoak; Joan Baptista Gamiz sabandoarraren (1696-1773) berso umoretsuak eta euskararen gainekoak; Pedro Ignazio Barrutia aramaioar ospetsuaren (11682-1759) “Gabonetako ikuskizuna” antzezlana; Urizaharreko Martin Portalen bertsoak, 1610ean Iruñean poesia lehiaketa bat irabazi zutenak; Juan Perez de Lazarraga larrearrak XVI. mendearen bigarren erdian idatzi zuen obra, euskal literaturaren eta filologiaren altxorra; eta Ozaetako Santxak 1464an, bere senarra hil zutenean, idatzi zuen balada.

Ruben Sanchezen liburua Arabako bertsolaritzaren historia txikia da, haren protagonisten bidez kontatua. Liburuaz gainera, protagonista horietako bat, Rikardo Gonzalez de Durana oreitiarra, izan dugu gidari lehen urteetako ibilbidean zehar.

Atzera begira

Burutik pasatu ere ez zitzaien egin gaur egungo egoera elkarri errima kaskar batez erantzutea nahikoa zuten gazte euskaldun ero haiei. Izan ere, bertsolaritza pizteko asmoa bazuten, baina haien helburua ez zen ez txapelketak irabaztea, ez beste herrialdeetako bertsolariekin lehiatzea, ezta bertsolari izatea ere. Areago, ez zutela bertsotan ikasiko uste zuten, oso zaila iruditzen zitzaien eta. Abian zegoen euskalduntze prozesua motel samarra begitantzen zitzaien, euskaldun giroa nahikoa eskasa, eta euskaraz mintzatzeko antolatzen zuten euskal poteoa ez zen nahikoa giro hari astindua emateko. Bertsozaleak ziren eta pentsatu zuten euskaraz bizi ahal izateko jarduera aproposa zela bertsolaritza. Horretan hasi eta berehala ikusi zuten jardun hark euskara aberasteko balio zuela. Eta euren ustearen aurka, batzuk bertsolari atera ziren.

Hartara, mintzatu ez ezik, euskara sustatu eta indartu ere egin nahi zuten. Baten batek bota omen zuen, pil-pilean zeuden bertso eskolak eta Xabier Amurizaren “iraultza” gogoan, Gasteizen ere bertso eskola bat sortzeko ideia. Eta 1982ko ekainean Txipi eta Txerren Ormaetxea anaiak, Xabi Riko, Amaia Otsoa, Rikardo Gonzalez de Durana eta Martin Mimentza Urkabustaizko Abornikano herrixkara joan ziren, Xabier Rikok 2000n “Argia”-n idatzi zuenez, Araban bertsolaritzaz gehien zekien eta egungo egoera posible egin duenarenera: Abel Enbeitarenera. Beren asmoa azaldu zioten eta hark pozez hartu zuen proposamena.

Ez zen hura Arabako lehen bertso eskola izan, ordea. 1981ean, Xabier Amurizak UEUn eman zuen bertsolaritza ikastaroan parte hartu zutenen artean hiru arabar ziren, Jon Gerrero laudiarra eta Serapio Lopez eta Iosu Aldama amurriarrak. Beste zenbait lagunekin batera, eta beren kabuz, Aiarako bertso eskola sortu zuten. Hurrengo urtean eurek ere Abel Enbeita izango zuten irakasle, eta Gasteizko eskolarekiko harremanetan hasi ziren, Serapio Lopez bien arteko zubia zela, bi eskoletako kide zenez gero.

Gaur ospatuko dute Aiarako Bertso Eskolaren 35. urteurrena hura sortu eta bilgune izan zuen tabernan, Aretako Tunelean, hain zuzen. Eta bertan aurkeztuko du Arabako Bertsozale Elkarteak 2017ko herrialdeko Bertsolari Txapelketa.

80ko hamarkadaren hasieran asmo xume hura, erronka gaitz hura, gauzatzeko ausardia izan zuten haietako asko bertsolari egin ziren, hainbat plaza egin zituzten, txapelketetan parte hartu eta inoiz gailendu ere egin ziren. Batzuek kantatzen segitzen dute. Rikardo eta Serapio, kasu, aurtengo Txapelketarako sailkatuta daudela.

Lehen bertso eskolak abian jarri eta hurrengo urteetan «oso giro polita» sortuko zen bertsolaritzaren inguruan, Rikardok gogoratzen duenez. Bertso taldeak ugaritzen joan ziren Gasteizkoaren itzalean, eta ondoren eskualdeetako bertso eskolak. Batzuek, Aramaiokoak kasu, beren kabuz jarraituko zuten luze gabe. Bertso eskolen arteko giroa, gaur egungo antolakuntza izan gabe ere, oso ona omen zen, bertsolari guztiek kantatzeko aukera zutela.

Arabako lehen Bertsolari Txapelketa 1984an izan zen. Abel Enbeitak bertsolariak animatu eta txapelketa antolatzeko babesa lortu zuen. Hamasei bertsolari aurkeztu ziren, tartean Amaia Otsoa, bertso txapelketa batera aurkeztutako lehen emakumeetakoa, lehena ez bada. Jon Isasi Txinotxu-k jantzi zuen lehen txapel hura. 2002 arte ez zen Arabako Txapelketa gehiago izango, Araba-Bizkaietakoa baizik. Hala ere, 1990ean Prudentzio Deuna Saria antolatzen hasi ziren, eta 2000-2002tik indarrean da Arabako Bertsolari Txapelketa, bi urtetik behin egiten dena. 2010etik aurrera, gainera, Arabako Kuadrilla Arteko Txapelketa egin ohi dute, azken edizioetan lehiaketa modura jokatu gabe.

Urteen joanean gero eta bertsolari gehiago eta prestatuagoak agertuko ziren, hala nola, bakan batzuk baino ez aipatzearren, Asier Otamendi, Asier Iriondo, Oihane Perea, Ruben Sanchez, Zigor Enbeita edo, geroago, Manex Agirre, Iñaki Viñaspre, Izar Mendiguren, Xabi Igoa eta aipatu ez arren merezimendu osoa duten beste asko.

Horrela gogoratzen du Ruben Sanchezek bertso mundura murgildu zeneko garaia: «Giro alaia bezain txoroa: barreak, poteoa, afariak eta batez ere, bertsoa, bertsoa eta bertsoa. (...) Ez ginen gu, ordea, horrela hasi ziren lehenengoak, bai zera! Gu baino lehenago egon zen zoroagorik, egon zen ausartagorik, egon zen utopikoagorik. Izan ere, guretzako bertsoa utopia eder bat baldin bazen 1998. urtearen bukaeran, pentsa ezazue zer izan ziren 80ko hamarkadaren hasieran Gasteizen eta Aiaraldean bertso munduan murgiltzen hasi ziren haiek, asko eta asko euskaldun berriak».

Aurrera begira

Euskalgintzak urrezko aroa bizi izan zuen; harekin batera, eta hura hauspotuz, bertsolaritza. Araban hutsetik abiatu eta etengabe gora egin zuen. Euskalgintzak gero motelaldia biziko zuen, ordea. Baina bertsolaritzak, ez. «Alderantziz», dio Rikardok. Transmisioa ere bermatuta sumatzen du, eta, gainera, belaunaldi arteko harremana ere badagoela nabarmendu du.

Bat dator Arabako Bertsolari Txapelketako azken irabazle Manex Agirre aramaioarra. Zalantzarik gabe dio Arabako bertsolaritzaren egoera ona dela: «Azken 15-20 urteotan gora eta gora joan da, etenik gabe, bai bertsolarien kopuruan, bai saioen kopuruan, bertsozaleek bertsolaritzarekiko duten ezagutzan…». Eta une honetan gorako joera nabarmenik ez dagoela badirudi ere, ez du uste hori kezkatzeko arrazoia denik, erronka berriei heltzeko aukera ematen duelako. Eta hausnarketa jakingarria eskaini digu: «Bertso mugimendua modu ‘estentsiboan’ indartzetik, ‘intentsiboan’ indartzera pasa garelakoan nago, eta gure alde dago hori. Adibidez: gero eta saio gehiago antolatzetik, antolatutako saioak gehiago zaintzera, zein helburu duten aztertzera… pasa gara. Edo bertso eskoletan gero eta gazte gehiago sartzetik, daudenek bertsolaritzarekin duten harremana, bertsoa bizitzeko duten modua, aztertzera pasa gara. Hori onuragarria dela uste dut». Edonola ere, bertsolari edo plaza kopuruetan gora jarraitzea ere garrantzitsua omen da. «Oraindik eremu asko daude Araban, bertsoa urruntxo sentitzen dutenak…», dio Manexek.

Arabako bertsolaritzan «eliterik» dagoen, eta izan ezean beharrezkoa den galdetuta, ez dirudi horri garrantzia handirik ematen diotenik. Rubenen iritziz, figurak sortzeko, edozein jardunetan, oinarri bat behar da, bertso eskolak, bertso zirkuitua, eta hortik sortu liteke gaur egun eliteko bertsolariren bat, baita Araban ere. Eta dagoeneko sortu ez izana bigarren mailako kezka dela uste du. «Bertsolaritza kultur adierazpidea den heinean, lehentasuna bizirik eta osasuntsu irautea da. Eta bertso mugimenduaren kezka Araban bertsolaritza birsortzea izan da. Hemen bertsolaritza beti ulertu dugu euskararen berreskurapen prozesuari lotua, ia-ia haren osagarria izan da. Beste leku batean aisialdirako jarduna izan liteke, baina hemen sekula ez da hori, edo hori bakarrik, izan».

Kezka handiagoa izan omen da bertsolaritza herrialde osoan zabaldu eta transmititzea. Ondo iruditzen zaio eliteko bertsolariak sortzeko helburua, baina Araban hori ez omen da helburua, nahiz helburu izan gabe ere elitekoren bat sor litekeela dioen, eta sortuko balitz, ona, hauspoa litzatekeela, Ipar Euskal Herrian gertatu den bezala. Baina garrantzitsuena egina omen dago. Dioenez, 80ko hamarkadaren hasieran jendea militantziagatik joaten zen bertsolaritzari lotutako ekitaldietara, nolabait lekua betetzera; gaur egun, berriz, nahi duena, bertsoa gustuko duena, joaten da saioetara. «Eta hori Arabako zaleekin eta Arabako bertsolariekin lortu da. Jakina, beste herrialdeetakoak ere badatoz eta oso gustura entzuten ditugu».

Halatsu erantzun du Manex Agirrek ere. «Nahi baino gutxiago gara, eta nahi genukeena baino publiko gutxiago daukagu. Hala ere, iruditzen zait publiko horren ezaugarrietan garapen bat egon dela, bertsozaleen profila aldatu egin dela –baita beste herrialdeetan ere, esango nuke–, eta horrekin asko irabazi dugula, bai guk, eta baita euskararen komunitateak ere», dio. Betiko hizkuntzaren eta kulturaren militanteen profilak bere horretan segitzen omen du, «eta eskerrak hor dagoen», baina bertso eskaintzaren aniztasuna handitu, saio kopurua igo, «eta bertsolaritzak kolore berria hartu» ondoren, zalegoa dibertsifikatu egin dela uste du, eta hori onuragarria dela. «Baditugu formatu tradizionaleko saioak gustuko dituzten zaleak, eta formatu hori gustatzen ez zaienak, eta bertsoa modu ez hain konbentzionalean bizi dutenak ere. Denentzat kantatzen dugu».

Elite baten komenigarritasunari dagokionez, bi arazo omen ditu baieztapen horrek: batetik, Arabako bertso mugimenduaren dinamika beste herrialdeetakoekin parekatzea, edo parekatu nahi izatea, eta, bestetik, eliteko bertsolari batek lurraldeko bertso mugimenduari onura ekarriko diola zalantzarik gabe onartzea. «Ni poztu egingo nintzateke gaur egungo arabar bertsolariren batek bere buruarengan apustu hori egingo balu, nahiz eta argi ez izan ‘elitera igotzea’ zer den: proiekzio nazionala izatea? Euskal Herriko Txapelketan aurrean geratzea? Urtean 200 saio egitea...? Ez dut argi, ordea, horrek zenbaterainoko onura ekarriko digun kolektiboki. Gazteentzako, euskaltzaleentzako… erreferente bat izango da pertsona hori, baina sakoneko lana egiteko, taldea lehenetsiko nuke beti».

Argi du norbaitek bertsolaritzan «gora» egin nahi badu, apustu pertsonala egin behar duela lehenik, bere buruarekin, eta ezin dela bertsozale elkartearen edo bertso eskolaren ardura izan halako zerbait abian jartzea: «Ez dakit nola egiten den ere. Inork bide hori egiteko konpromisoa hartzen badu, eta lortzen badu… Biba! Arabako bertsolaritzaren osasun onaren adierazle izango da».

Rubenen iritziz, bada bertsolaritzaren osasuna neurtzeko beste termometro bat, oso fidagarria: Xenpelar Dokumentazio Zentroaren datuen mapari begiratu –urtez urte eskualde bakoitzean zenbat saio egin diren, zenbat eskola dauden...– eta ondoren iraganera begiratzea. Arabako finalera zenbat jende joaten den ikusi –kontuan izanda entzule horien %90 arabarrak direla– eta duela 18 urte, Rubenek kantatu zuen lehenbiziko finalean, 80 lagun inguru zeudela gogoratzea. «Hortik gatoz. Harrotu gabe, baina harro».

Aramaion izan ezik, Arabako euskaldun askok ez dute Euskal Herriko beste eskualde askotan duten erraztasuna; ez dute, esaterako, aldartea adierazteko erregistro ugaritasuna, eta bertsolaritzan zailtasun nabarmen bat gehiago da hori. «Guk gauza asko demostratu behar genion geure buruari: bertsotan egiteko gai ginela, euskara ikasi eta bertsotan egiteko gai, eta entzuleari gozarazteko moduan», dio Rubenek, hasierako bertsolari gehienak eta ondorengo asko ere, bera bezala, euskaldun berriak baitira. Beste asko ikastolan euskaldundu ziren. Gaur, baina, asko dira Araban jaiotako euskaldun zaharrak. «Salto ikaragarria da hainbat jende lehen hizkuntza gaztelania izanda euskaraz ikasi eta bide artifizial samarra izatetik modu naturalean erabiltzera, eta bertsoak kantatu edo entzutera igarotzea». Manexek dioenez, horrek badu eragina bertsolaritzan, «baina askok uste dutena baino txikiagoa». Denborarekin lotura zuzena duela iruditzen zaio: «Garai batean hizkera informala oso estu lotuta zegoen –ia-ia identifikatzeraino– tokian tokiko euskalkiekin; beste era batera esanda, belaunaldiz belaunaldiko transmisioarekin. Gaur egun, homogeneizatu egin da hori. Hau da: Gasteizeko gazte batek, euskaraz bizi bada, Azpeitiko gazte batek beste erregistro ditu eskura, hizketarako edo bertsotarako. Egia da ahalegin bat egin behar duela horretarako, azpeitiarrak natural jasotzen duen bitartean, eta testuinguruaren arabera ere oztopoak izan ditzakeela horretarako. Baina baditu nahikoa baliabide eskura». Eta dioenaren gakoa azaldu du: «Hizkuntzaren ezagutza eta bertsolaritzan izan dezakezun aberastasuna lotuta daude, noski, baina tartean funtsezko maila bat dago, sarri ahazten duguna: erabilerarena. Euskaraz bizi denak, egunerokorako tresna duenak, izango ditu behar dituen baliabideak eskura».

Eskuarki bertso eskolak gune euskaldunetan sortu izan dira. Erdara nagusi den guneetan ere bai, baina salbuespena izan dira. Zirkuitua bera ere inguru euskaldunenetan dagoela erantsi du Rubenek. Arabako prozesua berezi-berezia omen da horri dagokionez. Duela hogei urte Gasteizen zegoen dena, eta zerbait Aiaran, baina Araba osora hedatzeko premia sumatu omen zuten. «Egokitzeko gaitasun hori izan da, hain zuzen ere, bertso mugimenduaren arrakastaren giltzarrietako bat», azaldu du Manexek, «oraindik bertsoa urruntxo sentitzen duten eremuak dauden arren». Argi du Rubenek Araban erdal munduan bertsolaritza eta euskara sustatzeko ahalegina aspalditik egin dela. «Guk bertso mundutik geure aletxoa jarri dugu».

«Kanpotik» begira

Arabatik kanpoko iritzi baten bila, Iñaki Murua eskarmentu luzeko bertsolari eta egungo Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariari iritzia eskatu diogu. Ezin adeitsuago erantzun digu. Euskarak presentzia eta indar handirik ez duen herrialde batean ahalegina egitea zailagoa dela dio, hizkuntza eta bertsolaritza eskutik baitoaz, eta Araban bertsolaritzan ahalegintzen direnek aldapa gora lan egiten dutela. «Horrexegatik are gehiago estimatzen dut egiten ari direna».

Gipuzkoatik edo Bizkaitik bertsolari arabar bat «beste maila bateko» gisa, alegia, maila apalagoko gisa, sumatzen al den galdetu diogu. «Iruditzen zait Amets eta Sustrai azaldu arte, beharbada Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako bertsolariez ere antzeko zerbait pentsa zezakeela jendeak. Salbuespena hor zegoen: Xalbador. Arabak ez du horrelako erreferenterik». Eta Txapelketa Nagusiaz diharduela, hauxe dio: «Ez dut uste txapelketak bertsolaritza egiten duenik, ezta bertsolaria ere; txapelketan ezer edo ezer askorik irabazi gabeko bertsolari handi asko ezagutu dugu. Eta Araban ere iruditzen zait badaudela zumitz bikainak behar bezalako bertsolaritzaren egitura eraikitzeko. Egia da txapelketen mailari begira jarrita, jende aldetik, bertsolaritzaren barruan sortzen den aztoramenaren aldetik, Arabakoa txikia dela Euskal Herrikoaren ondoan, baita Gipuzkoakoaren ondoan ere, baina gauza bat da ‘arrakasta’ jende pilak adieraztea, eta neurgailu bat da hori, eta beste bat da lehen esandako aldapan gora egindako ahaleginean lortzen den emaitza, eta emaitza hori urre bitxia dela esango nuke nik, nahiz jende pila handi hori erakartzea zaila izan. Azken hiru bat txapelketetan finalista ordezkaezin diren Amets eta Sustraik Xilabako saioetan jende kopuru bat erakartzen dute, eta Euskal Herrikoan BEC bete egiten da. Horrek ez du esan nahi Arabako arrakastak bertsolarien mailarekin lotura zuzena duenik, adibide horretan adierazi nahi izan dudan bezala. Nik uste dut Araban behar dugula morala eta indarra ekipoan lan egiteko, giro onean lan egiteko, bertso eskoletan indarra egiteko, hezkuntza arautuan jarduteko». Eta hezkuntza arautuak eta unibertsitateak bertsolaritzan tresna oso aberatsa daukaten kontzientzia hartu behar dutela dio. «Ez bertsolaritzan bakarrik, noski, baita ipuin kontaketan edo antzerkian ere tresna bikainak dituztela, behar bezala erabiliz gero, hizkuntzaren aberastasuna barneratzeko».

Ainhoa Aizpurua gasteiztarra da, baina ez da bertsolaria; ezta, berak dioenez, aditua. Ez omen da aditua, baina bertso epailea da. Eta, jakina, bertsozalea. Euskal Ikasketak egin zituen eta orain “Bertsolaritzaren prosodia” doktore tesia egiten ari da. Indartsu ikusten du Arabako bertsolaritza. «Bertsolari berriak datoz eta zaharrek ibilbide bat egin dute». Nabarmentzeko modukoa iruditzen zaio proiektu aniztasuna, txapelketaz gainera; esate baterako, kuadrilla artekoa edo tabernetan egiten diren saioak. Eta, «ikusten denetik harago», antolakuntza ona sumatzen du, Bertsozale Elkartearen eskutik.

Honezkero Araban bertsolaritza errotuta dagoela uste du, eta herrialdeko bertsolaritza sostengatzen duen mugimendu oso baten bultzada nabari dela dio. Euskara lehen hizkuntza ez duten gazte edo ez hain gazteentzat bertsolaritza euskarara bete-betean salto egiteko bide aproposa izan daitekeela uste du Ainhoak, eta funtzio hori oso onuragarria dela edozein lekutan, Araban bereziki. «Lehen hizkuntza euskara izan ez duten asko bertsolari izatea, batzuk ez nolanahikoak gainera, oso lorpen handia da, beste herrialdeetan beharbada hainbeste ikusten ez dena». Eta lorpen handia da, halaber, desberdintasunak desberdintasun, herrialde osora zabaldu izana ere, «bertsolariak eta zaleak».

Logikoa iruditzen zaio euskara nagusi den inguru batean bertsoetarako erraztasun handiagoa izatea, euskaraz egiteko erraztasun handiagoa baitute. «Hala ere, bertso mundura hurbiltzen denak giro euskalduna topatuko du, eta bai hitz egiteko bai bertsotarako erraztasunaren jabe egiten joango da».

Elite baten beharrari dagokionez, nahi gabe ere badagoela dio, txapelketen finaletara iristen direnak nolabait elitea osatzen dute eta. Beharrezkoa ote den ez daki; «hala ere, aurpegi ezagunak eta erreferentziak izatea positiboa da edozeri bultzada emateko». Nolanahi ere, helburuen arabera jokatu beharra dagoela uste du eta Araban beharbada helburua ez dela goren mailako bertsolaririk sortzea, baizik eta transmisio lana. Hau da, zer lehenetsi kontuan izan behar da, «baina puntako bertsolariak sortzen badira, hainbat hobe».

Hainbat datu eta iritzi pilatu ditugu Arabako bertsolaritzaren nondik norako nagusiez. Datuak datu eta iritziak iritzi, baina, gauza segurua da hastear den eta apirilaren 1ean amaituko den Arabako Bertsolari Txapelketan saio bikainak entzuteko aukera izango dela.

 

Abel enbeita, lehen eta ezinbesteko katebegia

Ostegunero bezala, Gasteizen da lagunekin hamaiketakoa egiteko. Sobera ezaguna da Abel, bere familia bezala, hainbat belaunalditatik bertsolaritzari eta oro har euskal kulturari estu lotua: Txotxo Jeuri, Urretxindorra, Balendin, Abel eta anaia-arrebak, euren seme-alabak. Arabako bertsolaritzan ez ezik, Euskal Herrikoan ere nor izan dela esan diogu. Berak, apal, ez dela horrenbesterainokoa izan dio, baina bai zorte handikoa, oso harro gogoratzen duenez, besteak beste Xalbador, Uztapide, Mattin, Basarri, Agirre edo Lizaso zaharrarekin kantatzeko aukera izan duelako. Garai batean plaza asko egiten zituen, eta apuntatuta dauzka: 300etik gora, horietako askotan behin baino gehiagotan kantatuta, zenbaitetan bost edo hamar aldiz. Abel autodidakta izan da. Orain bertsolariak asko prestatzen omen dira, bere garaian ez bezala. Plazara, edo txapelketara, entrenamendurik egin gabe joaten ziren. «Nik behintzat ez dut sekula ariketa berezirik egin. Eta gero hala ateratzen zen, batzuetan ondo eta beste batzuetan ez». Orain entrenamendu gogorra egiten dutela uste du, eta hori ondo dagoela. Abelek Arabako Prudentzio Deuna Sariko lehen txapela jantzi zuen, eta, Arabako Bertsolari Txapelketan, Zigor semeari jantzi zion.

Bertsoak kartzelara eraman zuen 1967an. Zuzenago esateko, errepresioak giltzapetu zuen. 25.000 pezetako isuna ezarri zioten, «aberriaren batasunaren aurka atentatua egiteagatik eta caudilloa iraintzeagatik. Berak ez zuela ordainduko esan eta halaxe egin zuen; ondorioz, hilabeteko kartzela ezarri zioten. 1969an Bizkaian bertsotan egitea debekatu zioten. Urte hartan joan zen Arabara bizitzera, Urkabustaizko Abornikano herrixkara, hain zuzen.

1981ean, berriro ere errepresioak morroilope sartu eta kartzelatik irtendakoan «zerbait» egiteko gogoz zebilen, bertsolaritza Arabara sartzeko, baina ez zuen ikusten norekin, ez zekien nork har zezakeen halako ardura. Egun batean, ustekabez, gazte talde bat joan zitzaion Abornikanora. Gasteizen bertso eskola bat sortu nahi zutela esan zioten, ea eskola hori irakasle gisa aurrera eramateko prest zegoen. «Bitan pentsatu barik» baietz esan zien Abelek. Gogoan du Aiarako bertso eskola artean sortu berria zela. «Talde polita zegoen», dio. Berehala hasiko zen haiekin ere lanean. Gasteizko Bertso Eskola Lantzale elkartean hasi zen, baina ez zen erraza lokala dantza talde batekin partekatzea eta Abelek proposatu zuen aspaldiko lagun bati galdetzea bere tabernan entseguak egiten utziko zien. Aspaldiko lagun hori Joxe Agustin Iriondo Txusta zen. Basoerdiak ez ezik, Carabanchelgo kartzela ere partekatutakoak ziren, 81ean. Txustari galdetu eta «irrikatan zegoen, poz-pozik, purua irentsi ezinik», dio Abelek. Eta hara joan ziren eskolak ematera. Orduz geroztik, Txusta «bertsolaritzaren epizentroa» izango zen, Abelen hitzetan; «eskolakoak ez ezik, bertsolari famatuenak eta ez hain famatuak pasatu ziren handik, bertso saioak, bertso afariak… denetarik egin genuen». Txustari behin baino gehiagotan eman zioten bertsolari xelebreenaren saria Prudentzio Deuna saioan. Egia da Txustak ez zuela bertsorik botatzen, baina gaur egun bezala orduan ere sekula ez zuen ateraldirik falta izango.

Abelek izandako ikasleak irakasle bihurtu ziren ondoren, kate bat osatuta. Eta egungo gazteak ikusita, harro dago kate horretako lehen maila. Harro egoteko modukoa da.