joseangel.oria@gaur8.info
Palestina

Argindar eskasiak eragindako protestei eutsi ezinik ibili da Hamas Gazan

Gaza, hotzak akabatzen. Okupazioak eragindako energia-pobreziak dagoeneko 130 hildako utzi ditu Mediterraneoko lurraldean. Qatarrek eman duen hamabi milioi dolarreko laguntzak egoera zertxobait leundu du azken egunotan, baina Israelgo agintariek beren eskuetan giltza guztiak dituzten bitartean, arazoa ez da konponduko.

Negu gorri betean, Gazan bizi diren palestinarrak hotzez dardarka daude, argindarrik gabe egoten baitira egunean hogei orduz, egoera okertzen ez denean. Baldintza negargarri horiek salatzeko makina bat protestaldi egin dituzte herritarrek eta Gazako agintariek, Hamas mugimendu islamistakoek, errepresioarekin erantzun dute.

Bazter guztietan entzuten dira hotzez hildako umeei buruzko kontuak, baina berriak baieztatzea ia ezinezko da gaur egun Mediterraneo itsasoko lurraldean. Agintean Hamas dago eta Israelgo zein Egiptoko erregimenek lurraldeari blokeo zorrotza ezarri diote. Ondorioetako bat da, PCHR Giza Eskubideen Palestinako Zentroak egin dituen kalkuluen arabera, dagoeneko 130 herritar hil direla energia iturri alternatiboren bat bilatu nahian: baldintza kaskarretan dauden sorgailuen eta kandelen erabilerak eragin ditu istripu gehienak.

Hamasen aurkako protesta

Hilaren 12an Hamasek zuzentzen dituen segurtasun indarrek borrak erabili zituzten Jabaliako errefuxiatu eremuan elkartu ziren 1.000 manifestarien protestaldia zapuzteko. Herritarrak beldurtu nahian tiro ere egin zuten agenteek, airera.

Argindarra exijitzen zuten manifestariek. France Presse agentziako argazkilari bat egurtu zuten segurtasun indarrek, bere lana egin zezan oztopatuz. Associated Press AEBetako berri agentziako kazetari bati bere telefonoak kendu zizkioten zibilez jantzitako agenteek, armak erakutsita, Atzerriko Prentsaren Elkarteak salatu duenez.

Gaza Hirian bizi direnek gainerako herritarrek baino egoera hobea dute, baina joan den asteartea bitartean egunean hiruzpalau orduz baino ez dute izan argindar zerbitzua, nahiz eta zortzi ordukoa agindu zitzaien.

Kontuan hartu behar da bestela ere nahikoa arazo badituela Gazako populazioak, 2008 eta 2014 artean Israelgo indar okupatzaileen hiru erasoaldi militar bortitz jasan behar izan baitzituen. Gaur egun krisi ekonomiko eta humanitario ezin larriagoa jasaten dute herritarrek, Israelen, Egiptoren eta Mediterraneo itsasoaren artean kokatutako lurraldean.

Egoera horri aurre egin nahian batzuek gasolina erretzen duten sorgailuak erabiltzen dituzte, baina erregaiaren salneurriak gora egin du eta luxuzko produktu bihurtu da. Beste askok egurra erretzen dute berotu nahian, istripuei eta suteei atea zabalduz.

Gainera, milioi erdi ikaslek beren ikasketak kaltetuta ikusi dituzte. Horien sufrimendua areagotzen da azterketen garaia iristen denean.

Osasun egoera

Osasun efektuak kezkatzeko modukoak dira, bestela ere egoera larria jasaten zuen lurraldean. Hamas bera ere oso kezkatuta dago, arazoa konpontzerik ez baitu, eta herritarren haserreari eutsi beharrean dagoelako.

Medikuarengana joan edo osasun zerbitzuren bat behar zuten herritar asko (elbarriak eta adinekoak batez ere) zerbitzu hori jaso ezinik geratu izan dira, puntu batetik bestera joateko aukerarik ez zutelako.

Gazako jarduera industriala bera ere erabat kaltetu du elektrizitaterik ez izateak. Denda eta establezimendu askok murriztu egiten dituzte beren ordutegiak, egoera negargarri horretara egokitu nahian.

Agintarien ezintasuna agerian utzi zuen hilaren 11n Adel Meshuji abeslari eta umoristaren atxiloketak. Argindar faltari buruzko bideo bat egin eta sarera igo zuen Meshujik eta berehala 150.000 lagunek ikusia zuten. «Hamas, nahikoa da» zioen umoristak bere lanean, eta atxilotu egin zuten.

Nikolay Mladenov NBEk palestinarren eta israeldarren arteko bake prozesua koordinatzeko bidalitako ordezkariak berak ere bere «ezinegon sakona» adierazi du atxiloketaren inguruan. Manifestazio eskubidea erabat errespetatu behar dela esan zuen, eta argindarraren krisiari berehalako erantzuna eman behar zaiola.

Atxilotuak, kalean

Gazako segurtasun indarrek 280 manifestari atxilotu dituzte azken asteotan, Hamaseko agintariei egungo egoera tristearen erantzukizuna leporatzeagatik. Eyad al Bozzom Barne Ministerioko eledunak joan den asteartean esan zuen manifestari guztiak aske utzi dituztela, beste alderdietako ordezkariekin bilera bat egin ondoren.

«Argindar faltak eragindako haserrea eta erremina ikaragarriak dira Gazako kaleetan», esan du Ahmad al Shawwa gobernuz kanpoko erakunde sare baten zuzendariak.

Ahmad al Soarka 24 urteko gazteak kazetariei esan dienez, bere hamabi hilabeteko semea «muturreko hotzak hil zuen, erietxean esan zigutenez». Familiaren etxea Israelgo Armadak suntsitu zuen 2014ko erasoaldi militarrean eta geroztik etxe aurrefabrikatu batean bizi dira: «Hozkailu baten tankerakoa da». Gazako agintariek ez dituzte baieztatu umearen heriotzaren arrazoiak.

Gazako lurraldean bizi diren ia bi milioi lagunek gutxienez egunean 600 megawatt behar dituzte aurrera atera ahal izateko, betiko jarduerari eusteko, baina kopuru horren erdia ere ez dute izaten normalean. Ez da harritzekoa, Gaza osoan dagoen zentral elektriko bakarra kaltetu egin baitzuten okupatzaileen erasoaldiek, eta energia sortzeko gaitasuna oso murriztuta dauka.

Bestalde, lurraldeko etxeen %70ak ez ditu argindar fakturak ordaintzen, pobreegiak direlako edo fakturak kobratzeko sistema oso txarra delako, Nazio Batuen arabera. Diru hori kobratzerik izanez gero, Gazako bertako argindar hornikuntzak ere hobera egingo lukeelakoan daude zerbitzuaren arduradunak (erregairik falta ez denean, 100 megawatt inguru ematen ditu). Lurraldean kontsumitzen den gainerako argindarra Egiptotik (20 megawatt) eta, batez ere, Israeldik (120 megawatt) jasotzen dute Gazako herritarrek.

Politikariak arazo

Egoera konpontzeko ahaleginean ez du batere laguntzen palestinarren arteko zatiketak. Teorian batasun gobernu bat osatzeko urratsak eginak badaude ere, Zisjordanian PAN Palestinar Aginte Nazionala da nagusi eta Gazan Hamas mugimendu islamista. PANek erosten dio argindarra Egiptori eta Israeli, baina arazo «finantzarioak» medio (arrazoiak «politikoak» direla nabarmentzen dute begirale batzuek, hau da, Al Fatah eta Hamas ados jartzeko gauza ez izateak eragindakoak), Gazari ez zaio iristen behar duen guztia. Hamasek eta PANek elkarri leporatzen diote arazoa sortu izana, eta Israelek palestinarren arteko liskarrei egozten die arazoa. Indar okupatzailea pozik, okupatuak elkarri mokoka nola ari diren ikusita.

PCHR zentroak PANen nagusi diren Al Fatah alderdiko kideei zein Hamasekoei leporatzen die ardura. Indar politiko horiek elkarri leporatu diote egoeraren erantzukizuna hedabideetan, Gazako herritarrek jasan behar izan dituzten baldintzei jaramon egin gabe.

Azken boladako arazoak urtarrilaren 7an hasi ziren, Gazako Argindar Banaketarako Korporazioak jakinarazi zuenean zentral elektrikoko bigarren sorgailuak matxura izan zuela.

Energiaren %73 falta

Egun hartan plazaratutako agiriaren arabera, Gazak 147 megawatt baino ez zituen, betiko jarduerari eusteko 600en bat behar dituenean. Beraz, behar dutenaren %27 baino ez dute izan egunik txarrenetan. Gainera, jasotzen duten energia apurra oso garesti ateratzen zaie: alderdi politikoen arteko liskarrak hasi zirenean ordaintzen zuten kopurua hirukoiztuta pagatu behar dute orain, baina garai bateko zerbitzuaren laurdena baino ez dute izaten.

Aste honetan bertan arazoa konpontzeko ahalegin bat egin da, Qatarreko agintariek ordainduta. Gazako zentral elektrikoak hamabi ordutik zortzitan zerbitzua eskaintzeko modua izan du, nahikoa erregai iritsi delako. Horri esker, plantako hirugarren turbina lanean jarri ahal izan dute, eta krisia hasi aurretik zuten egoerara itzuli dira.

Lasaitu ederra hartu zuen Ismail Haniyah Gazako lehen ministro islamistak. Agintariak berak jakinarazi zuen joan den igandean Qatarrek dirua jarri duela mahaiaren gainean eta argindarraren arazoa konpontzeko bidean dagoela.

Rami Hamdala PANeko lehen ministroak Zisjordaniako Ramallah hirian prentsaurrekoa eskaini zuen asteartean energia krisia konpontzeko gaiari buruzko ardura batasun Gobernuaren eskuetan utzi behar dela esateko. Jakina, Hamasek egin beharko luke urrats hori.

Hamdalak emandako datuen arabera, Gazako zentral elektrikoa lanean edukitzeko bi milioi dolar inguru ordaintzen dituzte hilean. Tankerako kopuru bat (1,8 milioi) ordaintzen zaio Egiptori bidaltzen duen energiaren truke.

Mohammed Al-Talouli Jabaliako 25 urteko gaztea joan den ostegunean itzuli zen etxera. Ezkutuan egin ditu egun batzuk, Hamaseko segurtasun indarrak bere bila ari zirelako. Izan ere, Guevara goitizeneko mutila argindar faltaren aurkako mobilizazioak antolatzen ibili zen eta etxean ez geratzea erabaki zuen. Ostegunean heroi moduan hartu zuten auzokoek.

Gazako agintariek lortu dute herritarren protestaldiak isilaraztea, kalean manifestaririk ez ikustea, baina egoerak eragindako haserrea eta sufrimendua ez dira oraindik amaitu.