Bhuvan BAGGA (Afp)
DROGA ETA DEMOKRAZIA

Hilero egingo lituzkete hauteskundeak Indiako Punjab estatuko drogazaleek

Gero eta heroina eta opio gehiago kontsumitzen duen munduan, Indiako Punjab estatua nabarmentzen da, milaka herritar baitaude sekulako menpekotasunarekin. Alderdi politikoetako hautagaiek badakite hori eta droga dosiak hartuta joaten dira herrietara, kontsumitzaileen botoa eskuratu nahian. Beraiek, pozik, doan da-eta.

Punjab Indiako ipar-mendebaldeko estatu bat da, Pakistango izen bereko estatuaren ondoan dagoena. Erlijioari dagokionez, hinduak ez dira gehiengoa (populazioaren %37 inguru), sikhak baizik (%60). Pakistango Punjaben, aldiz, musulman sunitak dira gehiengoa (%90etik gora).

Indiako Punjab estatuan udal hauteskundeak egin zituzten hilaren 4an, bertako opiomanoek oso gustuko duten “demokraziaren festa”.

Baina beraientzat benetako festa egun batzuk lehenago iristen da, alderdi politikoetako ordezkariak narkotrafikatzaile bihurtu eta droga doan eskaintzen dietenean, botoaren truke, jakina.

Rajendar izeneko gizona Punjabekoa da. Demokrazia ikaragarri gustatzen zaio, batez ere hauteskunde garaian, bere dosia lortzeko ez baitu ez eskale moduan ibili behar, ez lapurretan, ez mailegu eske. Ez. Etxera ekartzen dio bere botoa nahi duen alderdiak. «Drogaren mende eroritako guztiek bezala, maite ditut hauteskundeak. Hilero bozketak egitea gustatuko litzaidake», azaldu du 38 urteko nekazariak. Bere begiek distira hezea zuten, AFPko kazetariarekin hitz egiteko garaian. Egun batzuk baino ez ziren falta egun handirako.

«Behar duzuna lortzeko garairik onena da. Bestela etxetik irten eta saltzaileren baten bila joan behar duzu, baina, aldiz, hauteskundeak izaten direnean, etxera ekartzen dizute eta ez duzu ezer ordaindu beharrik», esplikatu digu bi seme-alaben aitak. Bere egoera berean daude beste dozenaka mila lagun Punjab osoan, batez ere nekazaritzak jasaten duen krisi larriaren eraginez. Azken urteotan lanik gabe geratu dira herritar asko eta Punjabek fama txarra hartu du: legez kontrako droga errazegi mugitzen den lekuarena.

Punjabeko udal hauteskundeak oso garrantzitsuak zirela esan zuten analistek, Narendra Modi lehen ministroaren Gobernuak duen sostengua neurtzeko balioko zuelakoan. Testuinguru horretan estatu mailan baino ibiltzen ez diren alderdiek zein India osoan aurkezten direnek oso borroka gogorra izan zuten, herritarrak erakarri nahian. Hautagaiek boto-emaileei etxetresna elektrikoak, alkohola edo dirua ematea ohitura bihurtuta dago India osoan. Baina Punjab estatua berezia da, bertan droga dosi baten truke ematen baitute botoa herritar askok.

Punjabeko aurreko eskualde hauteskundeak 2012an egin ziren. Orduan Indiako Hauteskunde Batzordeak egin zuen ikerketak ondorioztatu zuen «droga oso arazo larria» zela, S. Y. Quraishi batzordeburuak adierazi duenez. «Hilabete bakar batean, 55 kilo heroina, 430 kilo lo-belar erretxin eta kalean izaten diren droga guztiak konfiskatu genituen, kopuru ezberdinetan», gogorarazi du Quraishik.

Gauzak aldatu egin dira eta aurten dagoeneko 2.630 kilo droga konfiskatu ditu Poliziak, 27 milioi biztanle dituen estatuan. Punjabetik gertu dagoen Uttar Pradesh estatuak 200 milioi biztanle ditu, baina Punjaben baino legez kontrako droga gutxiago harrapatu dute bertako segurtasun indarrek.

Poliziaren kontrolak

Orain bi urte inguru egindako ikerketa batek kalkulatu zuen Punjab estatuan 320.000 opiomano inguru zeudela, droga horrekiko menpekotasuna zutenak alegia. «Herritar batzuek alkohola nahi dute, beste batzuek lo-belarra, heroina edo pilulak», kontatu du Romesh Mahadan Gusdaspur barrutiko desintoxikazio zentro bateko zuzendariak. Bertara joaten da Rajendar nekazaria.

Poliziak, jakina, ezin du esan legez kontrako drogen aurka ezer egiten ez duenik. France Presse agentziak galdetuta, poliziaburuak dio makina bat auto miatu izan dituztela, botoak erosteko gailuz edo drogaz beteta ez zeudela bermatu nahian. «Mehatxu horren aurkako borrokan erabat konprometituta gaude eta gure agenteek ez dute atsedenik hartzen», adierazi du M. F. Farooqui Punjab estatuko poliziaburuak.

Publikoki hori esaten du Poliziak, tinkotasuna erakutsi nahian. Baina drogazaleen botoak lortu nahi dituzten hautagaiek badakite horretarako ez dagoela eguneko dosia eskaintzea bezalakorik. Mahajanek zuzentzen duen zentroan dagoen Indrajeet opiomanoak adierazi du «oso ohikoa» dela hautagaiak horrelako gaiak eskaintzea botoaren truke. «Zure herrixkara iristen direnean, esaten dute: ‘nahi duzuen droga, edozein izanda ere, emango dizuegu gure aldeko botoa emanez gero’, eta ondoren beste norbait bidaltzen dute, alkohola edo estupefazienteak hartuta. Eta jakina, zerbait doan ematen badizute, hartu egiten duzu», laburtu du egoera.

Aukeraren aurrean...

Bozketak zein egunetan egingo diren iragarri baino lehen bizkortzen da drogak banatzeko prozesua, hortik aurrera Hauteskunde Batzordeak kontrolak jartzen baititu, banaketa hori saihesteko asmoarekin, Romesh Mahajanek esplikatu duenez.

«Bost axola niri hauteskundeak nork irabazten dituen!», nabarmendu du Rajendarrek. Duela gutxi hasi du opioa uzteko desintoxikazio prozesua. «Txutea lortzeagatik botoa beraiei emango diezula agintzen duzu. Eta hori agintzen zaio edonor etorrita ere. Badakizu hauteskundeen ostean ez dituzula gehiago ikusiko. Aukera muturraren aurrean duzun bitartean baliatu egin behar duzu».

Gero eta heriotza gehiago eragiten du opioak

Lo-belarrarekin zerikusia duten drogak, heroina batez ere, hilgarrienak dira gaur egun, Nazio Batuek emandako datuen arabera. Yuri Fedotov ONUDD bulegoko zuzendariak orain sei hilabete nabarmendu zuen heroinak berriz gora egin izana oso kezkagarria dela eta berehala erantzun beharko litzaiokeela fenomenoari.

Iazko Drogen inguruko Munduko Txostenak dio 2014an 207.000 pertsona hil zirela mundu osoan legez kontrako drogak kontsumitzeagatik (ez dira kontuan hartzen alkoholak eragindako heriotzak). Ikerketak eransten du heroinaren kontsumoak gora egin duela planetan, gaindosiek eragindako heriotzek egin duten moduan, batez ere Ipar Amerikan eta Europako mendebaldean.

Xiringatzen diren drogak dira hilgarrienak, besteak baino hamabost aldiz hilgarriagoak, hiesa bezalako gaixotasunak transmititzen baitira xiringen bitartez.

Estatubatuarrek okupatu zuten Afganistan da nagusi opio eta heroinaren ekoizpenari dagokionez. 2016an %43 egin zuen gora herrialdeko opio ekoizpenak. Mundu osoan ekoizten den opioaren %85 inguru Afganistangoa da. Heroinaren kasuan, tankerako proportzioa eskaintzen du talibanen herrialdeak. AEBetako merkatu erraldoira Latinoamerikako lo-belarra iristen da.

 

Gurpilak konpontzeko substantziak ezertarako balio ez dutela utzitakoak

Ia 1.300 milioi biztanle dituen Indian ume asko bizi da kalean, gurasorik gabe eta gosea zein hotza pasa beharrean. Munduko beste leku askotan gertatzen den moduan, adin txikiko horiek gai ezberdinak droga moduan erabiltzen dituzte –normalean arnastu egiten dituzte–, ezer jan gabe daudela eta beren egoera negargarria ahaztu nahian. Adituek diotenez, lo-belar gehien ekoizten duten Asiako bi eskualdeen artean dago India, eta, horregatik, etengabe gora egiten du opioa eta hortik sortutako beste drogak erabiltzen dituztenen kopuruak. Baina errealitate horren ondoan beste bat dago, larriagoa, zortzi-hamar hamar urteko umeak izaten baitira protagonistak.

Jhanvi Jain izeneko terapeutak errehabilitazio zentro batean egiten du lan. Instalazioetan itsatsita dauden karteletan beste erabiltzaileekin xiringarik ez konpartitzeko mezuak irakur daitezke. Gela ilun batean ume asko daude erdi lo, ohatzetan etzanda. Batek marrazteko liburu bat dauka eskuetan. 10 urte besterik ez ditu eta sukar handiarekin ibili denez, eskolara joan gabe geratu da. Sukarra izaten dute gurpilak konpontzeko substantzia arnasteko ohitura edo mendekotasuna atzean utzi nahi duten haurrek lehen egunetan.

«Ume horiek ez dira inoiz eskolara joan. Batzuk joan ziren, baina drogen eraginez ikasitako gauza guztiak ahaztu egin dituzte», esplikatzen du Jain psikologoak. Beste batzuk ez daude hain gaizki. Ondoan duen 8 urteko ume batek hilabete baino ez darama zentroan, baina dagoeneko oso bizkor idazteko gauza da. Psikologoa harro dago: «Umezurtza da. Kalean eskean aritzen zen eta hodi batean sartuta saltzen den gurpilak konpontzeko substantzia arnasten zuen. Gazteenek gehien erabiltzen duten droga da, gaur egun edonon eros dezakezulako eta oso merkea delako, 0,45 dolar inguru. Gero, aukera izanez gero, substantzia hori alde batera utzi eta marihuana edo heroinarekin hasten dira», erantsi du.

SPYM Gazteria Sustatzeko Elkartea izeneko gobernuz kanpoko erakundeak egin dituen kalkuluen arabera, herrialde osoan 400.000 ume drogazale inguru daude egun. Horietako gehienak, kolarekin edo gurpilak konpontzeko substantziaren tankerakoekin hasten dira. Bertako adituek diote heroina bera baino kaltegarriagoa dela gurpilak konpontzeko substantzia. Rajesh Kumar SPYM erakundeko zuzendariak garbi dauka: «Gai horren eta heroinaren artean aukeratzeko esanez gero, zein baimendu galdetuz gero, nik heroinaren alde egingo nuke».

Oso toxikoa eta arriskutsua da Indiako milaka umek egunero arnasten duten gaia. Garunaren garapena oztopatzen du, adin txikikoak ezertarako balio ez dutela, eta ezer egiteko gauza ez direla, uzteko.

Baina heroina askoz ere garestiagoa da (22 dolar gramo bat pasatxoko dosia). Nola lortzen dute dirua umeek? «Zure eta nire poltsikotik», kontatzen du Kumar zuzendariak. Bere esperientziaren arabera, erabat baztertuta dauden eremuetako umeak eskale moduan hasten dira kalean, horietako batzuk 5 urte baino ez dituztela. Gero lapurreta txikiak egiten segitzen dute, «krimen larriagoak» egiten hasi aurretik.

New Delhi hiriburuan 20.000 ume drogazale daude eta, datu ofizialen arabera, kopuruak gora egin du etengabe azken hiru hamarkadotan.

SPYM erakundeko zuzendariak uste du normala dela zentroan dituzten umeek ihes egiten saiatzea: «Kontuan hartu behar duzu kaleko umeak direla».