Juantxo EGAÑA

Arturo Delgado, Europatik Euskal Herrira heldutako fotokazetaritzaren haize berrietan aitzindaria

Francoren heriotzaren ondorengo urteak oso mugituak izan ziren; manifestazioak, aldarrikapenak, amnistia eskaerak, langileen eskubideen aldeko protestak... Ondoko argazkiek Donostiako manifestazio batean gertatutako Poliziaren karga jasotzen dute eta Arturo Delgadorenak dira, Madrilen jaio eta Donostian bizi zen argazkilaria. Arturo Delgado autodidakta zen eta 50eko hamarkadaren hasieran hasi zen “La Voz de España” egunkarian ironia handiko zutabeak idazten “Arturo el del puro” izenburupean. Garai paretsuan hasi zen bineta satirikoak argitaratzen eta argazkilaritzara gerturatzen. Herri kirolen oso zalea zen, bereziki idi-demak eta traineruak maite zituen eta ondo jasota geratu dira bere milaka negatiboetan. 60ko hamarkadan euskal kulturarekin lotura sendoa izan zuen eta Remigio Mendiburu, Jorge Oteiza eta Chillidari argazkiak egin zizkien. Urtain boxeolariaren argazkilari ofiziala izan zen eta haren atzetik ibili zen munduan barna. Urtainek Europako Txapelketa irabazi zuenean Soberano brandyaren iragarki bat egin zuen, hain juxtu, Arturoren argazki batekin. 1974. urtetik aurrera “Zeruko Argia” aldizkarian kolaborazioak egiten hasi zen. Europatik Euskal Herrira heldutako fotokazetaritzaren haize berrietan aitzindaria izan zen Arturo Delgado, bereziki 68ko maiatza eta gero.