Miren Azkarate Badiola

Epaiketa bat baino gehiago

Gutxi behar izaten dugu tortura gure azalean pairatu dugunok egun haietan bizi izandako momentu bat, irudi bat, usain bat, ahots bat edo oroitzapen bat berriro ere gogora ekarri eta berriro ere urteak pasa izan ez balira bezala bizitzeko. Horrek erakusten digu gure bizitzek aurrera egin duten arren, ondo edo gaizki eraman arren, jasandako guztiak, egun haietan eragin zizkiguten zauriek, irekita jarraitzen dutela. Eta nire kasuan behintzat, argi dut soilik aitortzarekin itxiko zaizkidala betiko zauri horiek.

Zer esanik ez martxoaren 14an, 15ean eta 16an izandako epaiketa entzun eta ikusi ondoren… Nola azaldu zer sentitu nuen? Nola idatzi zer suposatu duen niretzat epaiketa horrek?

Egun horietan sentimendu eta emozio guztiak iragan ditut. Poza sentitu dut lau guardia zibil akusatuen aulkian eserita ikusteagatik; urduritasuna, Sandra Barrenetxearen azalean jarri nintzelako testigantza torturatzaileen, epailearen eta jende ezezagunaren aurrean eman zuenean; haserrea, kanpoan guardia zibil kuadrilla bat akusatuei babesa ematera gerturatu zirelako edo fiskalak Sandra bera akusatua izango balitz bezala tratatzeagatik; tristura, itolarria eta antsietatea, bere torturatzaileak ezagutu zituen momentu lazgarri hartan; inpotentzia, identifikatze momentuan eta bere testigantza ematen ari zen momentuan ezin nuelako lagundu, eta, azkenik, ezinegona, badakidalako (eta tronpatzen banaiz poztuko naiz) ez zaiela ezer gertatuko.

Dagoeneko eztabaidaren muina ez delako egia edo gezurra ote den torturaren existentzia (gezurra balitz Euskal Herriak sekulako aktore pila galdu ditu bidean, milaka!). Jakina da alde guztietan Sandraren kasua eta beste milaka lagunena gertatu egin direla. Jakintza horretatik abiatuta, torturatzaileak lasai eta txulo azaltzearen arrazoi bakarra da badakitela ez zaiela ezer gertatuko, hau da, hitz batean: inpunitatea.

Gutxitan bizi izan dugu eta biziko dugu berriro hilabete honetan ikusi dugun bezalako epaiketa bat. Horregatik, hein batean, nire eta beste askoren torturatzaileak epaitu izan balituzte bezala sentitzen naiz, gutariko gehienek ezingo ditugulako gure torturatzaileak akusatuen aulkian eseri. •