Izaga, Xabier
Interview
Iñaki Soto

«GARA trauma batetik sortu zuen gizarte bultzada batek»

Jabier Salutregi kartzelatu baino lehenago ezagutzen zuen Iñaki Sotok. Isidro Murga eta haren anaia Patxo, ordea, biok kartzelatik atera ondoren ezagutu zituen. Bada, bi anaiok ezagutzeak zirrara handia eragin ziola esanez hasi zuen solasa Sotok. Zirrara horrek ikusarazi omen zion eurek utzitako ondarea, eta, hala, hitzaldiaren zentzua ondare hori mahai gainean jartzea izan zen. Bere asmoa azaldu zuen: GARArentzat legatu hori bizirik iraunaraztea zer den azaltzea, eta zergatik batzuetan ez den erraza continuum horri jarraitu eta nondik gatozen ikustea.

GARA trauma batetik jaio zen. «Horixe izan baitzen ‘Egin’-en itxiera, trauma nazional eta soziala, eta gure komunitatean, trauma partikularra». Trauma hartan, birgaitzeko saioa zen GARA, jarraibide haiekin segituko zuen zerbait egiteko. Trauma harekin batera, egunkaria sortu zuen bultzada soziala azpimarratu zuen Sotok, «gizarte honetan behin eta berriz sortzen den bultzada». Dirutza hura bildu zenean, denen asmotan zegoen esfortzu hartatik egunkari bat baino zerbait gehiago sortu behar zela, komunikazio talde gisa garatzeko asmoa, ahalik ondoena egiten eta gizartean gertatzen diren aldaketak laguntzen saiatu.

Lizarra-Garaziren testuinguruan jaio zen GARA, orduko ilusioarekin, eta hura apurtu izanak eragindako etsipena jasan zuen. «Herri honek hedabideak ez ezik, enpresak ere sortu behar dituen ideiarekin jaio ginen; enpresak zentzu ekonomiko tradizionalean eta zentzu humanoan, giza enpresak, ez sektore bat, alderdi bat edo talde baten sentsibilitatea ordezkatzeko, baizik eta oro har partekatutako kontu horiek ordezkatzeko nahiarekin». Baina “Egin”-en eta GARAren sorreren artean alde handia dagoela esan zuen Sotok. GARA sortu zenerako nork bere alderdia zuen, bere parrokia. Lizarra-Garazin nabarmena zen kooperazio borondatea; desberdinen artean, baina, oso zaila zen proiektu desberdinak batuz garatzea.

Salutregik “Deia”-z esandakoa gogorarazita, gauzak aldatu zituen beste kontu bat aipatu zuen. Vocentori bi aldiz konpetentzia ezabatu ziotela, eta horrela, modu artifizialean, hegemoniko bihurtu zela sektorean. “Egin”-en itxiera erabakigarria izan zen. Sotoren ustez, horretan elementu nagusia zatiketaren kontua da; esate baterako, futbol taldeen arteko lehia eta liskarrak garatzea. Eta horretaz hausnartu beharra dagoela esan zuen. GARAko kirol saila aipatu zuen “Egin”-en legatuaren parte gisa. «Batzuek GARAren parodia egiten dute, egunkari politikoa dela esanez, beraiek birjinak balira bezala, objektiboak. Bai, kazetaritzaren beste dogma handi bat. Guk diogu kazetaritza guztia politikoa dela, eta kirol kazetetan, hain zuzen, oso argi ikusten da kazetaritzaren osagarri politiko hori».

GARAk nabarmen jasan du eraikuntza nazionalari dagokion ekarpena egiteko borondatearen eta erasoen aurrean erresistitu beharraren arteko tentsioa. “Egin”-en itxiera Ajuria Eneko Hitzarmenari lotuta gogoratzen du, eta bera GARAra iritsi zenean estrategia aldaketaren gaineko eztabaida zegoen. «GARA gogoratzeko arrazoi bat eztabaida hartan bete zuen papera dela uste dut».

Horrekin batera, aldaketa orokorra izan da nabarmenena, joera globalak eta horiek nola islatu diren gure errealitate sozialean, eta hori oso gogorra, bortitza izan da hedabideen kasuan. GARAren apustu handia azken urteetan trantsizio digitala izan da. Trantsizio horrek aldaketa, teknologikoarekin baino zerikusi handiagoa du aldaketa kulturalarekin, «eta erronka itzela omen da, ez baitago guk har ditzakegun erabakien menpe, ez guztiz behinik behin, baina bai komunitate gisa hartzen ditugun erabakien menpe; alegia, aldaketa kultural horiek komunitate gisa kudeatzeko moduarekin zerikusia du».

«Gure krisia bikoitza da –jarraitu zuen–, Krisi ekonomikora hedabideen krisia gainean genuela iritsi baikinen». Sotoren iritziz, hedabideen krisiaren arazorik handienetako bat da beren buruaren gainean gezurra esaten dutela. Madrilgo egunkari batek duela oso gutxi arte 400.000 ale saltzen zituela esaten zuen. Azken hileko datuen arabera, 1.000 saltzen ditu, dioenez, eta hori ere ez omen da sinesgarria. «Hedabide horiek gezurra esaten zuten, baina oso goian zeuden, eta GARAk ez zuen gezurra esaten, baina bere buruaz gezurra esaten zuen sektore batean lehiatu behar izan du. Bada diferentzia bat hedabide ofizialei edo boterearen hedabideei eragiten dien krisiaren eta guri eragiten digunaren artean». Ez da sektore ikusmolderik izan. «Garai batean kioskora joan eta egunkari bat eskatuta Athleticen jantzia, Realaren zapatilak eta beste hamaika opari ematen zizkizuten, eta 80 orrialde koloretan, dena euro batean, eta horrela gure zereginak, gertatu dena eta gertatzea nahi duguna kontatzeak, balioa galdu zuen». Kazetaritzan diru sarreren ohiko hurrenkera honakoa izan da: publizitatea, promozioak eta egunkarien salmenta. Promozioek merkatua agortu zuten, eta errentagarriak izateko tamainarik ez zutenez, azken lekura pasatu ziren; salmentek, berriz, behera egin dute azken hamarkadotan eta publizitatea amildu egin da. «Egun idatzizko prentsa ez dira masa hedabideak, elite hedabideak baizik». Eta azaldu egin zuen: «Gure tradizio politikoan ‘elite’ kontzeptua ez da oso preziatuta. Testuinguru honetan ‘elite’ diodanean, esan nahi dut gure egunkaria erosten duen jendea dela bere inguruan eraginik handiena duena, ez dira ‘elitea’ boteretsuak edo aberatsak izateagatik, baina sindikalistak, irakasleak, gizarte mugimenduei lotutako lagunak, alderdietako militanteak, laguntza taldeetakoak dira. Eta gure negozio eredua beti izan da orain denek hori izan behar duela uste dutena: lehenik salmentak, gero publizitatea eta azkenik promozioak, egiten dugunarekin lotutakoak betiere».

Zuzentzen duen egunkariaren bertuterik handiena, indarrik handiena, «Egin»-en herentzia dena, bere komunitatea da. Gaur egun marka indartsuenek, multinazionalek esfortzu itzela egiten dute komunitateak asmatzeko. Bada, esate baterako, zorroko zopa edaten dutenen komunitate bat, edo halako jantzi mota daraman jendearena, eta GARAren bertuterik handiena da egunkaria bera sortu zuen komunitate hori izatea atzean; beraz, sektore honetan komunitate baten fruitu izatea egunkari honen abantaila handia da. «Ez dugu komunitate hori asmatu ez irudikatu behar, harekin leial izan behar baizik».

GARAk aurrean dituen arriskuez jardun zuen ondoren, zoritxarrez “Egin”-en legatuarekin zerikusia dutenak. Isidro Murgak eta Jabier Salutregik gogorarazi zuten bezala, “Egin”-en arduradunak zigortu egin zituzten, baina epaiak esan zuen egunkaria ixtea legez kontrakoa izan zela; hala ere, Baltasar Garzon epaileak beste bide bat zabaldu zuen, finantzarioa, hain zuzen. “Egin” itxi zutenean, bere zorra negoziatzen ari zen Gizarte Segurantzarekin, eta haren administratzaileek beren ondarea xahutu zuten; GARA sortzean, enpresa-jarraitutasuna zela esan zuten eta, hartara, GARAk “Egin”-en tradizioaren legatua ez ezik, Gizarte Segurantzako zorra ere jaso zuen, lau milioi eta erdikoa. Egoera hura saihesteko, GARA ordainketa-etenduran sartu zen. Eskuarki sei bat hilabeteko egoera izan ohi da, enpresa ondoratu edo aurrera egiteko aukera ikusi bitartekoa. Hamahiru urte joan dira eta salbuespenezko egoera horretan jarraitzen du GARAk, seguruenik Europako eta are munduko kasu bakarra izanik. Horrek eragin handia du egunkariaren eguneroko funtzionamenduan, egunkariak erosten duen guztia, egiten dituen inbertsio guztiak, epaile-administratzaile baten kontrolpean baitaude. «“Egin” itxi zutenen erruz GARAk duen zama bidegabe eta zentzugabe horrek, etengabe aipatzen ez badugu ere, hor segitzen du».

Beste arrisku batek aipatutako aldaketa kulturalarekin eta trantsizio digitalarekin zerikusia du. GARAk harpidetzen aldeko apustu sendoa egin zuen. Hau da, «gure komunitatearekin kontratu berria egitearen aldekoa, gezurra esaten zuten horiek ezarritako dogmak apurtu eta proiektu hau zentzu guztietan bideragarria izan dadin, eta zerbitzu sozial hori betetzen jarraitu ahal izateko argi hitz egin behar dugu. Guk kazetaritza politikoa egiten dugula esaten dugu, independentea, profesionala eta boterearekin kritikoa izan behar duena, bezero izan gabe».

Ondoren, egiteko gai garen horren kontzientziarik ez dugula esan zuen. Fagorren erorialdia ekarri zuen gogora, emozioen arloan kolpe latza izan zena herri honentzat, GARAk askotan herri honetako balioen eredu agertu dituen gauza askoren nolabaiteko sinboloa zelako. Eta kooperatibekin kritiko izanda ere, esan zuen beharbada ez dugula ikusi, edo ez dugula balioetsi, kapitalismoaren historian hain enpresa handiak porrot egin ostean haren langileak bere enpresa taldean jasoak izan diren kasu bakarra dela, «komunitate bat hori egiteko gai izan den kasu bakarra da kapitalismoaren historian». GARAk hedabide gisa duen funtzioetako bat horrelakoen balioa nabarmentzea da Sotoren ustez. «Ez dugu transmititzen jakin ‘Egin’-en eta GARAn defenditu izan ditugun ideietako asko gaur egun gizartean guztiz hegemonikoak direla». Hori erraz ikus daitekeela esan zuen, alderdi politikoen adierazpenetan. Intsumisioa ere gogorarazi zuen, eta harrigarria dela ikustea EAJren eta PSEren –zer esanik ez PPren– diskurtsoak, intsumisioari dagokionez, noraino ziren kontserbadore eta atzerakoiak. Horrenbestez, uste osoa du egunkarion ekarpena handia izan dela ardatz soziopolitikoa egunkarion ildo editorialaren posizioetarantz mugiarazteko. «Horrek ez du esan nahi gure jarrerak erdigunekoak direnik, nagusiak direnik botoa emateko orduan, baina orain dela gutxi inork ez zuen imajinatu ere egingo uneotan Iruñeko alkatea EH Bildukoa izango zenik», jarri zuen adibide gisa Sotok.

Gizarte honek zer egiteko gai den ikusten laguntzeko «ekualizadore bat» omen da GARA, emozio-tonua altxatzeko funtzioa duena eta, horrekin batera, kultur maila eta eztabaida politikoaren maila jasotzekoa. Idatzizko prentsa gizarte baten kultur mailari eusteko baliabiderik eraginkorrena da Sotoren ustez, ordezkari politiko asko maila hori jaisten saiatzen diren arren.