Iñaki Soto

Beren onena eman dutenen alde, gaur eta beti

Alea jacta est. Hau irakurtzen duzunerako milaka euskal herritarrek beren onena emango zuten gaurko eguna, 2017ko apirilak 8, Euskal Herriko historia garaikidean mugarri izan dadin. Datozen belaunaldien bizipen politikoa zeharo aldatuko duen urrats baten aurrean gaude. Egia da beste milaka pertsona batzuk, zenbait ofizioz eta beste hainbat bokazioz, aurrekoek beren onena ematearen ondorioak murrizten saiatu direla, baita azken unera arte saiatu ere. Gertatzen dena gertatzen dela, hein handi batean lehendabizikoek irabazi dutela esango nuke.

Egunak “istripurik” gabe aurrera egin ote duen jakin gabe zerbait gehiago esatea arriskutsua izan arren, orain arteko gertaeren segidak badu irakaspen soziopolitiko sakonik euskal herritarrontzat. Orokorrean, ETAren determinazioak, nazioarteko komunitatearen babesak, gizarte zibilaren konpromisoak eta euskal instituzioen akonpainamenduak estatuen blokeoa hautsi du. Jokabide komun eta aldi berean anitz horrek, batez ere, euskal gatazka usteltzen uztearen estrategia garaitu du. Irabazle eta galtzaileen logika apurtu du eta umiliazioaren tentazioa mugatu du. Errelatoen gudan oreka sartu du eta emozioen batailan aukera berriak ireki ditu. Adi, politikan ohikoa denez, gaur eta gaurtik aurrera egiten denaren arabera emaitza politikoa bat edo bestea izango da.

Nire ustez, emozioen bataila determinantea da egun. Baionako zita zentzu horretan oso garrantzitsua da. Herri kontraesankorra gara, benetan. Hamarkadetan egun honekin amesten zutela etengabe esaten zutenek ez omen dute gaurkoa ospatzeko asmorik. Beren burua “protagonista” izendatzen dute, ez agertzeko mehatxua egiten duten bitartean. Erridikulua? Ikusiko dugu. Gertaera hau beste era batera imajinatzen genuenetatik askok, ordea, ez dugu apenas lorik egin, ziur asko ez bart ezta aurreko gauetan ere. Urduri gaude, pozik gaude. Norbera bere umoreen jabe da, jakina. Loarena konplikatuagoa da, besteen umoreak zurea alda dezake-eta, lo egiten ez uzteraino. Kontzientzia lasai dugu, ordea. Onena eman dugu.

Azken urteetako prozesu honetan enpatia landu dugu. Era batean edo bestean, hori lantzeko helduen ikastolara bueltatu gara. Ikastolan funtsezko gauzak ulertzen dira. Horiek ahaztu dituztenek hobe lukete handik buelta bat ematea. Besteen tokian jartzeko esfortzua egin dugu, eta halaxe egiten dugu gertaera bakoitzaren aurrean.

Kasu honetan, egoera kontrakoa balitz nola sentituko nintzatekeen asmatzen ahalegindu naiz. Adibidez, bihar EAJk eta PPk euskal preso politikoen dispertsioarekin amaitzea adostuko balute, nola sentituko nintzateke ni? Urkulluren Gobernuko hainbat karguk erakusten duten amorru edo ezinegon kontrolaezina sentituko nuke? Ez dut uste, benetan. Ospatuko nuke. Madrilen PPk eta PSOEk indar polizialen atzera-egitea erabakiko balute, nik ETAren armagabetzearen harira PPkoek adierazten duten ernegazioa biziko nuke? Ezetz uste dut. Edonola ere, ikuspuntu politiko batetik, emozio horiek kontrolatzen ahaleginduko nintzateke. Inteligentzia politikoagatik, besterik ez bada ere. Hori guztia, obsesio egotista batek bultzatuta nire helbururik behinena maila politiko orokorra jaitsi eta gure gizartea mediokritatean instalatzea ez balitz, jakina.

Transmititzeko gaitasuna, transzenditzeko borondatea

Gertatu dena jakin gabe, zaila da zerbait esatea. Ezer ez esatea bekatua litzateke, ordea. Guk, GARA Taldeko komunikabideok eta lankideok, gaur dugun helburua argia da: egindakoari balioa eman nahi diogu, euskal gizarte zibilaren parte ere bagaren heinean, zintzotasun iraultzailez, ofizioak exijitzen duen profesionaltasunaz, buruz eta bihotzez, artisauei esker onez eta artistaren laguntzaz, gertatu denaren eta irekitzen diren aukeren dimentsioa transmititu nahi dugu. Hitzez, irudiz eta ahotsez, une zehatza transzenditu eta belaunaldien tamainako une historikoa islatu nahi dugu.

Konpromisoa, ardura, zintzotasuna, kidetasuna, sakrifizioa, gizatasuna… ikastolan ez ezik borrokan ere ikasten dira. Kazetaritzatik, gure komunitatearen laguntzaz, herri honen alde beren onena eman dutenei, artisauei eta beste guztiei, gure babesa adierazi nahi diegu. Gaur eta beti. •