Xabier Izaga Gonzalez
infraganti

IñAKI GONZALEZ-ORIBE

Hirurogei urteen bueltan, errenazentista-ikasle honek, arte diziplina askotan «ahalegindu» ondoren, koadro itxurako eskulturak egiten ditu, eta poesia bisuala. Iñaki Gonzalez-Oribe gasteiztarraren helburua bere obrarekin pozik egotea da. Ez dago horren pozik, ordea, teknologia berriek artean izan duten eraginarekin, ezta kudeaketa publikoarekin ere.

H iru dimentsioko koadroak egiten ditu. Edo koadro itxurako eskulturak, ukitu edo, seguruenera, etorri oteizarra dutenak. Ez dira ez pintura ez eskultura, edo pintura eta eskultura dira, hirurogei urteen bueltan pilatu duen prestakuntzak eta eskarmentuak artista eraman duten adierazpidea. Diziplina guztietan «ahalegindu» denez, Iñaki Gonzalez-Oribe diziplina anitzeko artista dela esan beharko genuke, baina berak GAUR8rekiko solasean dioenarekin bat, egokiago dirudi errenazentista-ikaslea esatea.

Gaztetan hasi zen pintatzen, lehenengo kubismoak eraginda, ondoren arte kontzeptualera eta beste zenbait arte korrontetara jo zuen, beti ere bere ikusmoldea ezarriz eta modetatik ihesi.

Arte plastikoak, diseinu grafikoa, marrazketa teknikoa, publizitatea eta beste hainbat jakintzagai ikasi zituen. Publizitate agentzia bat izan zuen hamabost urtez, eta ez du utzi mundu hori, orain freelance moduan jarraitzen baitu. Bestetik, Informazio eta Komunikazio Teknologien Ikastegian seinaleztapen mintegiak eman ditu, eta Mutrikuko bide seinaleztapena egin du. Baina artea da bere grina, baita bere kezka ere. Eta bere lana. Izan ere, bere obrak ez ezik, arte ekitaldiak antolatzeak eta erakusketen komisariotzak ere estu lotzen dute artearekin.

Ez zuten asmatu gaztetako ikastetxeko fraideek artea ez zuela ogibide izango esan ziotenean. Haietako zenbaiten karikaturak egin zituen, eta besteren batek horiek ikusita esan zion berari ere egin behar ziola. Ez zuten fraideek asmatu, eta bide luzea egin zuen. Hamaika erakusketatan parte hartu du, bakarka zein askoren artean; hamaika sari jaso; Alaves futbol taldearen Babazorro maskota diseinatu zuen, eta Iñakiren lanik ezagunenetakoa da, beretzat bitxikeria baino ez den arren. Euskal Herrian Euskaraz, AEK, Korrika, Martxoak 3 Elkartea eta beste hainbat herri mugimenduk ere badute artista gasteiztarraren obraren berri, haien ekimenetarako kolaborazio ugari egin izan baititu.

Ez da harrigarria, hortaz, Iñakik artistaren konpromiso sozial eta politikoa aldarrikatzea. Zehatzago, altruismoa. «Gutxiago izan dugun garai batean altruistagoak izan gara. Gaur ez da ia halakorik existitzen». Guztiaren truke dirua eskatzen dela dio. Berak norberaren errealizazioan sinesten du, horrela ulertzen du bere jarduna, inondik inora ez lehia gisa. «Oteiza bat behar da. Badakizu zergatik? Protesta egiteko moduagatik», dio ia arnasarik hartu gabe, eta jarraian Chillida eta haren logoak dakartza hizpide. «Non dago horrelako jendea?». Lehen artistak harreman hurbilagoa omen zuen jendearekin.

Uki daitekeen artea

Honezkero nahikoa zapuztuta dagoela dio, eta bera beste mende batekoa dela, XX.ekoa. Mende horren benetako muga zein den zehaztu du: Interneten agerpena. Ez du batere gustukoa globalizazioak artera ekarri duen aldaketa, horregatik kokatzen du bere burua aurreko garaian. Birtualtasunaren aurrean, «arte ukigarria» aldarrikatzen du: 1:1 eskala, artistak bere obra egoki uste duen neurrietan eta ikusi beharreko moduan aurkeztuta, alegia. Internet bidezko erakusketak «miaketa lizunak» begitantzen zaizkio, obra miresteko izan ezik, beste edozertarako balio dutenak; esate baterako, ikuslea engainatzeko. «Obra bat ikusi nahi baduzu, joan bertatik bertara ikustera edo, bestela, har ezazu haren kopia bat, baina 1:1eko eskalan, artistak obra egiaz sortu duen bezala».

«Huts egin» dion beste kontu bat artearen kudeaketa publikoa da. Gasteizko Artium jarri du adibide. Museo horren urteurrena dela-eta egin berri duten eraberritzea ondo iruditzen zaiola dio, baina bere zalantzak ditu horrek artistengan, bereziki Arabako edo euskal artistengan, eraginik izango ote duen. Morrontza hutsa iruditzen zaio, esate baterako, Arco Arte Garaikidearen Nazioarteko Azokara erostera joatea. Museoen arduradunen funtzioa artisten estudioak bisitatzea dela dio, ez «Gortera» joatea. «Lehenengo jakin beharra daukate inguruan zer dagoen».

Bestetik, arte garaikideko museoak klonikoak dira, Iñakiren iritziz. Artista berberen obrak erakusten omen dituzte, «joera» baten barruan sartzen direnak. Eta astakeria iruditzen zaio artean joeraz hitz egitea, arteak ez bailuke moden arabera funtzionatu behar. «Lehen eskola zena orain Interneten topatzen den joera bihurtu da. Globalizazioak endogamia estilistiko nabarmena ekarri du. Batzuek estilo prototipo bat fabrikatzen dute, arrakasta bermatuko duena, eta beste askok horri jarraitzen diote arrakastaren bila; saltzeko, alegia». Dioenez, hainbat artistak estilo berarekin produzitzen dute munduko mutur batean eta bestean, kontzeptu berberetatik elikatuta.

Museoen kudeaketaren kritika utzi gabe, artea espektakulu, zirku-ikuskizun bihurtu dutela dio. «Museoek parke tematikoak ematen dute, dena kabitzen da, obrei begiratzeaz gainera, zuzeneko ekitaldiren bat, ad hoc musika... ikuskizun sorta oso bat eskatzen da». Jendea erakartzeko, bisitariak izateko, denak balio omen du. «Hori da helburua, horrek du garrantzi osoa, bisitari kopuruak», eta hori museo publiko batean onartezina dela uste du. Horrela jendea erakartzea engainua dela uste du: «hona etor daitezela, amuarekin argazkia egin eta gero barrura sar daitezela, nahiz eta gero beharbada jende horrek pentsatu: ‘baina nora sartu naiz?’». Halaber, uste du artea preziatzeko ezagutza batzuk beharrezkoak direla, arlo guztietan bezala. «Futbolzaleak ere gutxienez futbolaren arauen berri jakingo ez balu, aspertu egingo litzateke. Eta jendea futbolaren arauak ikasteko gai bada, seguru badela beste zerbaitenak ikasteko ere. Eta horrekin ez naiz eskatzen ari jende guztia futbolera joan dadila, ezta jende guztia museora joan dadila ere, baina norabait zoazenean, nozioren bat izan beharko duzu ikusiko duzunaren gainean».

Artista, librea

Beti inkonformista izan dela dio Iñakik, eta argi hitz egitea gustuko duela, honezkero irakurlea ohartuko zenez. Ez omen du inoiz lehena izateko helburua izan. Ororen gainetik, egin duen obrarekin pozik egotea bilatzen du, «salmenten eta moden gainetik». Horregatik, tristea iruditzen zaio artistak baldintzak onartzea. «Artistak libre izan behar baitu, eta berak jarri behar ditu baldintzak. Dirudienez, museoen zuzendariei hori ahanzten ari zaie», dio. Museo publikoez ari da artista gasteiztarra; «jakina, arte galeria pribatuek nahi dutena egin dezakete; nahi badute, Madonna eraman dezatela, niri bost axola dit, baina museo publikoetan erabilitako diru publikoaz ari gara».

«Arte munduko kapitalismora iritsi gara», jarraitu du Iñakik, «ekoitzi egin beharra dago, artistari bere tempoa utzi gabe». Ekoizpen kapitalistarenaz besteko tempoa omen du artistak, baina nolabait kontsumorako ekoizpenera behartzen dutela, kontsumo azkarrerako, sormena hutsaren hurrengo bihurtuta, berehalako arrakastaren bila. «Arte hotzak» eta honek erabiltzen dituen teknologia berriek eskulanaren bukaera dakartela dio, penaz.

Gonzalez-Oribek maiz aldatzen du obra sail batetik bestera, agortu egiten zaizkiola uste baitu, bide berriak jorratu beharra sumatuta. Arriskatu egin beharra dagoela dio, eta horren adibide txiki gisa jartzen du 2010ean Gasteizko Arte Eskolan egin zuen erakusketa, “Siete puertas fuera de quicio” izenekoa. «Orpotik ateratako zazpi ate» izan liteke haren itzulpena, edo «beren onetik ateratako zazpi ate». Biek balio dute. Erakusketak dadaismoaren ready made delakoa gogorarazten zuen, baina obrak ez ziren bat-bateko bulkadaren ondorio, baizik eta aldez aurretik ondo hausnartutako «kontzeptu objektualak», Javier Hernandez Landazabal pintorearen hitzetan. Honek, erakusketa haren aurkezpenean ohartarazi zuenez, Gonzalez-Oriberen obrak «bere osagarri bisual saihestezina nabarmenduta, lengoaiarantz kulunkatuz doa». Zazpi ate haietako batek, egurrezko ate arruntak, aldabaren gainean Jesusen bihotz bat zuen, eta izenburua, “Atea”.

Inkonformista da Iñaki, baina izaera hori ez du umorearekin eta ironiarekin bateraezina. Bere obran nabari da, baina baita berarekiko tratuan ere.

Bere proiektuen artean, aurreikusita dauka poesia bisualeko erakusketa bat Gasteizen, Brenan Duarte artista komisario izango duena eta gauzak ondo bidean datorren urtean ikusgai egongo dena.

Iñaki Gonzalez-Oribe, XX. mendeko artista. Konformagaitza, baina umore onekoa eta hiztun atsegin eta oparoa. •