Mikel Zubimendi Berastegi
BOZKETAZ ALA ZOZKETAZ?

«Neke Demokratikoaren sindromea», hauteskundeen fundamentalismoa eta demokrazia gaixoaren sintomak

Brexita edo Trumpen garaipena ez dira gertakari isolatuak izan. Demokrazia hauteskundeak egite hutsera mugatzen duten sindrome baten ondorio naturalak baizik. Boto-emaileen parte-hartze baxua, paralisi politikoa, mesfidantza, indiferentzia eta bestelako paroxismo batzuk ere ageriko sintomak ditu.

Obeditzeko ez, baina jende guztia agintzeko prest dagoen mundu petral honetan, bada sukar handi bat sintomaz beterikoa. Zientzia medikoak oraindik aztertu ez duen arren, zientzia politikoetan gero eta arruntago bihurtzen ari den fenomeno kutsakorra da. “Neke Demokratikoaren Sindromea” deitu zaio. Oraindik ez da erabat deskribatu, baina mendebaldeko gizarte eta, hein batean, antolakunde politiko gehienak pairatzen ari diren desordena arriskutsu gisa definitu daiteke.

Hauteskundeak eta demokrazia sinonimo eginda, bozketen fundamentalista bilakatu gara. Gurtu egiten ditugu, eta, gero, sarritan, hautatu den jendea mespretxatu. Integrismo mota berri bat da: hauteskunderik gabeko demokrazia ezin da pentsatu ere egin, (barne) demokraziaz hitz egiteko nahitaezko baldintza da. Bere baitan helburu, doktrina ebanjeliko berri eta globala bilakatu da.

Histeria kolektibo honek ondorio latzak ditu demokraziaren funtzionamenduan. Efizientziak hauteskunde kalkuluaren aurrean asko sufritzen du. Legitimitateak, politikan ezinbesteko egin den nabarmenkeriaren aurrean, berdin. Interes komunak eta epe luzeak galdu egiten dute alderdi interesen eta berehalakotasunaren aurrean. Hurrengo hauteskundeak irabaztea aurrekoetan egindako promesak betetzea baino inportanteagoa da. Hauteskundeak demokrazia posible egiteko asmatu baziren, egungo egoeran traba argia dira.

Bozketa, erreferendum eta parte-hartzearen fundamentalismoak ortodoxia sortu du. Eta kristautasunaren aurrean satanistek bezala, beren janzkera eta erritualekin, ortodoxia horrek baditu heterodoxoak. Eta heterodoxo guztietan bizi denez ortodoxo potentziala, demontrea bada, bai.

Fundamentalismo horren mugak ikusgarriak dira, bestalde: bozketak noizean behin bakarrik gertatzen dira, gobernuak edo zuzendaritzak hala erabakitzen duenean; botoa emateak ordezkariak edo buruzagiak hautatzeko balio du, ez egin beharreko politiken gainean zuzenean erabakitzeko; azkenik, boto-emate ariketak ez du pasioa, esperientzia, ibilbidea kontuan hartzen. Informaziorik ez duen edo axolagabea den norbanako baten botoak bizitza osoan konprometitutako eta jakintzak pilatzen saiatutako beste baten balio berbera du. Esan liteke hauteskundeen errituala parte-hartze politikoa otzantzearen zerbitzura dagoela, herritarren altxamenduak eragozteko errutina prozesu bat ezarriz. Nolabait, à peu prés, sufragioaren zabalpena erreboltaren aurkako dike moduko bat da.

Gehiengo sinple, itzuli bakar

Saltsa guzti honetan, egurrezko koilara batek bezala, David Van Reybrouck historiagile eta arkeologo belgikarrak idatzi duen “Hauteskundeen kontra” saiakera liburu gogoetatsu eta probokatiboak eskemak aztoratu ditu. Irakurketa gomendagarria da; haren esanetan, Brexita edo Trumpen garaipena ez dira gertakari isolatuak izan, “Neke Demokratikoaren Sindromearen” ondorio naturalak baizik. Brexita, adibidez, mugarritzat jotzen du: halako erabaki drastiko bat, kontinente baten geroa baldintza dezakeen erabaki bat, hain primitiboa dirudien prozedura batekin hartzea, larreostia da. Erabakia 18-24 urte bitarteko boto-emaileek inoiz izan duten parte-hartze txikienaz eta 75 urtetik gorakoen errekor historikoarekin, gehiengo sinplez, itzuli bakarreko erreferendum batean hartzea gaixotasun horren sintoma argitzat dauka Reybrouck-ek.

Hori ez da, ordea, sintoma bakarra. Europan, botoa ematen ez dutenak eta hauteskundeen “zirkutik” kanpo beren burua kokatu dutenak ahazteke, boto-emaile asko atsekabetuta daude, alderdiekiko leialtasun zaharrak hausten ari dira, alternatibarik eskaini ez arren, sistemaren kontrako ahots populistak gero eta erakargarriagoak dira gero eta jende gehiagorentzat. Gobernu ezegonkorrak normaltasun berria dira. Van Reybrouckek gogorarazten duenez, ia bi urtez gobernua osatzeke egoteagatik Belgikari irri egiten ziotenak konturatzen ari dira orain Europa “belgikartzen” ari dela.

Eta zerrendak jarraitu egiten du: boto-emaileen parte-hartze baxua, gainbehera doan alderdien afiliazioa, gobernuen inpotentzia, paralisi politikoa, masa-komunikabideen estres nekagarria, mesfidantza, indiferentzia eta bestelako paroxismo iraunkor batzuk.

Van Reybroucken iritziz, “Neke Demokratikoaren Sindromearen” patogenoak ez dira herriek, politikariek edo alderdiek sorturikoak; prozedurak sortzen ditu. Demokrazia ez da arazoa. Berak dioenez, hauteskundeak dira arazoa: «Gure demokrazia hauteskundeetara mugatuta dagoelako urperatzen ari da, hauteskundeak bitarteko demokratiko gisa asmatu ez ziren arren”.

Bai, fundamentalismo berri horren argitara, egungo hauteskunde dinamikaren begietara, galdetzekoa da, eta hausnartzekoa, non dagoen herriaren ahotsa. Non herriaren ahots arrazoitua. Non duen herriak informazio hoberena eskuratzeko, herritarrek elkarren artean ekin eta beren etorkizuna kolektiboki erabakitzeko aukera. Beren komunitateen geroari non ematen dioten forma? Hautetsontzi batean, edo klik baten bitartez, seguru ezetz.

«Hauteskunde» eta «demokrazia» hitzak sinonimo bihurtu dira. Gu ordezkatuko gaituena soilik botoaren bitartez hautatu daitekeela egia absolutu gisa barneratu dugu. 1948. urteko Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak hau dio: «Herriaren borondatea gobernuaren autoritatearen oinarria izango da; eta egiazko eta aldizkako hauteskundeen, sufragio berdin eta unibertsalaren, bitartez adieraziko da, boto sekretuaren bidez edo botoa emateko prozedura baliokideekin».

Ez al da harrigarria 2.000 hitz baino gutxiago dituen deklarazio horrek herriaren borondatea nola adierazi hain zehatz definitzea? Prozedura bera eskubide eginda, sakratua den zerbaiten gisara hartu zutela dirudi.

Esportatzeko produktua

Fundamentalismo horrek hauteskundeak esportazio produktu bihurtu ditu; ondo bildu eta munduko bazter guztietara bidaltzeko merkantzia. “Hauteskunde libre eta justuak” Ikea-ko demokrazia-kit formatuan, hartzaileak muntatu behar duena, paketean datozen argibideak jarraituz edo jarraitzeke. Eta osatzen den altzaria okertuta geratzen bada, esertzeko deserosoa bada edo hondatzen bada, errua beti kontsumitzailearena da.

Munduko jende guztia hautetsontzietara bidali nahi da. Eta munduan horrela ibiltzeak askotan dituen ondorioak, biolentzia desparramatua, herrien arteko tentsioak, ustelkeria sistemikoa... ahazten da. Ebanjelismo berri eta global baten forma hartzen du. Hauteskundeak fede berri horren sakramentuak dira, formak funtsa baino inportanteago egiten dituen errituala, hil ala biziko errituala.

Azken hiru mila urteetan demokraziarekin esperimentatu du pertsonak. Adin batean sartuta dago, bai. Eta azken berrehun urteetan soilik praktikatu da hauteskundeen bitartez. Orain metodo baliagarri bakartzat hartzen dira. Zergatiak bilatzen hasita, ohiturak horretan zeresana baduela esan behar da. Baina, besterik ere badago. Hauteskundeek urte askoan dezente ongi funtzionatu dute, eman diezaiegun tanto hori, esan dezagun demokrazia posible egiten lagundu dutela.

Baina Van Reybrouckek iradokitzen duen bezala, ez al dira hauteskundeak politikaren erregai fosil bilakatu? Aspaldi sekulako bultzada eman zioten demokraziari, baina, egun, arazo kolosalak sortzen dizkiote. Demokraziaren erregaiak zeintzuk diren zehaztu eta demokraziaren teknologia egokitzen ez bada, horren inguruan hausnartzen ez bada, krisi sistemikoa, tsunamia, areagotuko da.

Historia esploratu

Beste aukera batzuk esploratzen hasteko, demokraziaren historian atzera bidaiatzea lagungarria da. Antzinako Atenasen, esaterako, zozketa bidez hautatzen zituzten erabakiak hartzen zituzten instituzio gorenak, hala nola, 500en Kontseilua, Ekklesia edo Herritarren Biltzarra edo magistraturak.

Atenastar hiritarrak gutxi gorabehera populazio helduaren seiren bat baino ez ziren. Beste bost herenak, emakumeak, esklaboak eta atzerritarrak ziren. Egungo ikuspuntutik, demokrazia eredu akastun eta aberrantea dirudi, baina garai haietan gobernatze arbitrariotik urruntzeko aurrerapen handia izan zen.

Antzinako Greziatik Europako Erdi Arora salto eginda, Florentzia, Venezia eta Europako hainbat hiritan zozketa bozketarekin konbinatuz hautatzen zituzten liderrak. Jakina, aristokratek soilik hartzen zuten parte; herriaren parte-hartzea ez zen inon ageri. XVIII. mendean herriaren parte-hartzea erabakiak hartzeko prozesuetan ideal bat baino ez zen, errealitatean existitzen ez zen zerbait. Aristokrazia hereditarioek agintzen zuten. Frantziar eta amerikar iraultzek, monarkiari aurre egin eta hankaz gora bota zituztenek, erabakiak hartzeko zein sistema lehenetsiko zuten?

Zozketa edo bozketa, bi aukera zituzten. Orduko hainbat idazleren ikuspuntutik, bozketa mekanismo aristokratikoa zen, eta zozketa, berriz, demokratikoa. Jakina denez, iraultzaile haiek bozketaren alde egin zuten.

Hurrengo hamarkadetan, sufragioa apurka-apurka hedatzen joan zen, baina sistemak modu berean funtzionatzen jarraitzen zuen; jendeari gobernugintzan zuzenean parte hartzea debekatuz. Galtzerdiari bezala, ideia zaharrari buelta eman zitzaion eta hauteskundeak mekanismo aristokrata zirela zioen ideia irauli eta egundaino indarrean dagoena zabaldu zen. Hots, hauteskundeak dira demokrazia.

Ideia horren nagusitasuna hain zen agerikoa, ezen «hauteskundeak» Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean idatzi baitziren. Gobernu errepresentatiboa da «demokrazia» hitza, eta parte-hartzeko beste mekanismoak adjektibo forma batekin konformatu behar dira (demokrazia zuzena, demokrazia parte-hartzailea...).

Herri epaimahaiaren sistema

Zozketa bidezko hautaketaren analogia onena, segur aski, epaitegietako herri epaimahaiena da. Dozena bat herritar ausaz hautatzen dira, denbora mugatu baterako. Lekuko eta abokatuei entzun ondoren, epaia eman behar dute. Epaileak baino esperientzia gutxiago izan arren, herri epaimahaiaren sistemak bere abantailak ditu: herritarrak zozketa bidez hautatuak diren heinean, adin, lanbide, heziketa maila, genero edo jatorri mailan, herriaren ordezkaritza errealagoa, egiazkoagoa, dira; azken emaitzan ez dute interes pertsonalik; denbora mugatuan diharduten heinean, influentziatuak izatea zailagoa da; herri epaimahaikide izateak parte-hartzean hezi egiten du; erabakiei sinesgarritasun handiagoa ematen die, epaimahaikideak akusatuen gisakoak diren heinean, ez ikuskatzaile.

Zozketak herritarren ausazko hautaketa esan nahi du, erabakiak hartzeko paper bat betetzea, denbora mugatu batean. Ardura mugatua da, aukeratua izateak mandaturik ez dakarrelako. Demografikoki, komunitatea hobeto ordezkatzen dute, eta ordezkaritza are hobetu daiteke gizartea geruzatzen duten laginekin.

Azken hamarkadetan, zozketa bidezko hautaketan oinarritutako esperimentu politikoak ez dira falta izan. Populazio zehatz batean zoriz aukeratutako ordezkaritza batek, informazio osoaz eta adituen iritziez hornituta, energiari buruz, azpiegiturez, ingeniaritza genetikoaz edo irakaskuntzaz erabakiz. Kanada eta Herbehereetako gobernuek gisako mekanismoa erabili zuten herrialdeko hauteskunde legearen erreforma bideratzeko, nahiz eta gero, bizitzaren ironiak zer diren, herri galdeketan atzera bota zuten. Bada ere bi ganbera legegileko herrialdeetan bietariko bat zozketa bidez hautatzea defendatzen duenik.

Zozketa bidezko hautaketak dituen abantailak eta desabantailak laburbilduz, hauexek azpimarratu daitezke: aldeko ditu herriaren interesen ordezkaritza eraginkorra; zuzentasuna eta berdintasuna; demokratikoa da; jende xeheari boterea ematen dio; boto-emaileen nekea arintzen du; alderdiekiko leialtasunaren aurrean, nor bere kontzientziarekiko leialtasuna lehenesten du. Kontrakoak ere badaude: zozketak soilik ez du diskriminatzen, abilidade, jakintza edo esperientziak ez ditu kontuan hartzen; ordezkaritza falta bat egoteko, matematikoki bederen, aukerak ematen ditu; botoa emateak legitimitatea ematen du, gobernatuak direnen onespena; aukeratuak izan direnen gogoa eta pasioa ez ditu bermatzen, ez eta hautatuekin herria gustura dagoen ala ez adierazteko mekanismorik.

Hauteskunde lehia, telenobela

Hauteskundeak sortu ziren testuingurua eta egungoa oso ezberdinak dira. Frantziar eta amerikar iraultzek hauteskundeak «herriaren borondatea» zein zen jakiteko bidetzat hartu zituztenean ez zegoen alderdi politikorik, ez sufragio unibertsalaren legerik, ez masa-komunikabide komertzialik, ezta Internet ere. Ez zeuden eta, seguru, noizbait egongo ziren usainik ere ez zutela hartzen.

Bigarren Mundu Gerraren ondorenean mendebaldeko demokraziak masazko alderdi politikoek dominatzen zituzten, estatuaren aparatuak bere esku hartuz. Sindikatu eta alderdien komunikabide eta bitartekaritzarako beste mekanismoei esker jendearen bizitzarekin gertutasun bat bazuten. Ondorioz, sistema egonkor askoak, alderdiekiko leialtasun handia eta aurrez jakin zitekeen boto jokabide bat sortu ziren.

1980-1990etik aurrera merkatu libreak forma eman zion diskurtsoari. Alderdien prentsa ia erabat desagertu edo komunikabide korporazioei saldu zitzaien. Masazko hedabide komertzialak kontsentsu sozialaren eraikitzaile bihurtu ziren, eta gizarte zibilak tokia galdu zuen. Apurka, herritarrak kontsumitzaile egin eta hauteskundeak “arriskutsu” bilakatzen joan ziren.

Alderdiek herriaren eta boterearen arteko bitartekari izateari utzi, eta estatu aparatuen itzalean kokatu ziren. Toki horri eta zuten legitimitateari eusteko urte gutxian behin boto-emaileengana jo behar zuten. Hauteskundeak komunikabideetan jokatzen zen bataila bilakatu ziren, boto-emaileen faborea eta arreta eskuratzeko, emozio, eta pasio makurrenak xaxatuz.

Telenobela bilakatu da dena, politikariei gidoia eta eztabaidaren markoa ezarriz. Politikari famatuenak, orain, gidoi hori aldatu eta eztabaidari marko propioa emateko gai direnak dira; hau da, komunikabideak beren borondatera makurtzeko gai direnak.

Hauteskunde-eztabaida publikoa espektakulu kontrolatua bihurtu da. Pertsuasio tekniketan adituek zuzentzen dituzte ustezko aurkarien arteko eztabaidak, oso gai zehatzetan soilik borroka daitezen. Herritar masek, ikusle pasibo gisa, bidaltzen zaizkien seinaleei erantzuten diete soilik. Alderdiek «kartel» bat osatu dutela esaten da, eta politikariak «kasta» direla.

Ez da sendabide ahalguztiduna

Hamarkadetan zehar hauteskundeen fundamentalistak hautetsontziei Grial Santua balira bezala lotu zaizkie, azkenean, kaliza pozoitsu bati lotuta daudela jabetzeko. Hauteskundeen baliagarritasunak, hautetsi batengan delegatzeko sistemak, beharrezko zuten komunikazio geldoa eta informazio mugatua, eta hala izan zuten. Gaur egun, ordea, herritarren arteko elkarrekikotasunak nolakoak diren ikusita, jokoz kanpo daudela esan daiteke.

Anarkistek bozkatzeari egiten dioten kritikaren oinarria hau da: botoa ematea Estatua legitimatzea da. Eta Estatua arazoaren parte denez gero, gerren, genozidioen, errepresioaren, gizonezkoen dominazioaren, desberdintasun ekonomikoaren, ingurugiroaren suntsiketaren… lehen lerroko protagonista denez, beren ustez, txorakeria da pentsatzea arazook konpon daitezkeela Estatuaren buru gutxi batzuk izenez hautatuta.

Beste kritika batzuk ere badaude: hauteskundeetan parte hartzea ez da herri kontrolaren sinonimo. Bozek masazko ekintza politikoa forma maneiagarri batzuetara eramaten dute: hauteskunde-kanpainak eta botoa ematea. Herritarrek parte har dezakeela ikasten dute, ez direla guztiz baztertuak. Baina, zertarako hezi masak, gero hitz egiten uzten ez bazaie?

Hautatuek herria ordezkatzen dutela suposatzen da, nolabait, herritarrak bezalakoak direla. Egun, baina, praktikan, bereizte printzipio batek funtzionatzen du. Politikari profesionalak, dinastia elektoralak… ikus daitezke. Imajinatu dezagun zozketa bidez hautatutako edozein legebiltzar: gizon eta emakumeen artean erdi bana partitua litzateke, legebiltzarkideak ez lirateke hain aberatsak izango, azal kolore askotakoak izango lirateke, hoberako ala txarrerako oso abokatu gutxi egongo lirateke, eta asko 40 urte beherakoak izango lirateke.

Zozketak, hein batean, oroigarri bat dira: demokraziak balantza bat izan behar du, gure arteko onenen eta gu ordezkatu beharraren artekoa. Ez du zertan dena ala ezer ez izan, zozketaz ala ezer ez. Ez da sendabide ahalguztiduna. Ez du bermatzen “herriaren ahotsa” entzuna izango denik. Izan ere, herriak ez du ahots bakarra, askotarikoak daude eta denak entzun behar dira. Baina hori bai, demokraziaren teknologia berritzen ez bada, egungo sistema konponketa posiblerik gabe geratzeko arrisku bizian dago.