Jose Angel Oria
KOLONBIA

Mocoa hiriko El Carmen auzoko herritarrek basoari eutsi zioten eta, trukean, zuhaitzek bizia salbatu zieten

Putumayo departamenduko Mocoa Erabateko Babesa duen Eremu izendatu du Santosen Gobernuak, martxoaren 31ko tragedia dela-eta. Hemendik aurrera ezingo da bertan ezer eraiki. Deforestazioa da agintariek saihestu nahi duten fenomenoa, hurrengoan kalteak hain larriak izan ez daitezen.

Mocoako tragediak 300dik gora hildako, erabat suntsitutako makina bat auzo eta aurrera begira kontuan hartu beharreko hainbat lezio utzi dizkigu. Hiru elementuk bat egiten dute martxoaren 31ko gauerdiko gertaeran: FARC gerrillaren eta Gobernuaren arteko gerrak eragindako iheslariek, Andeen eta Amazoniaren artean dagoen eremuak klima aldaketaren eraginez jasaten dituen hondamendi naturalek eta Kolonbiako eskualde gehienek jasaten duten gabeziaz betetako lurralde antolamenduak. Gainera, tragediak aurrera begira zer egin adierazi nahiko baligu bezala, hedabide batzuek «El Carmengo miraria» deitu duten salbuespena ere gertatu zen Mocoan: auzoko herritar gehienak bizirik eta horien etxeak kalte handirik gabe atera ziren eremua inguratzen duten zuhaitzek babestu zituztelako. Deforestazioa zein punturaino den kaltegarri konturatzeko akuilu paregabea.

600 litro ordu gutxian

Mocoa 600 metroko altueran dago, Putumayo departamenduaren mendebaldean, Kolonbiako hegoaldean. Martxoaren 31ko gau tragiko hartan euri asko egin zuen, 600 litro inguru metro koadroko oso ordu gutxian, kopuru ikaragarria uholdeetara ohituta dagoen eremu horrentzat ere. Juan Manuel Santos presidenteak berehala leporatu zion tragediaren ardura klima aldaketari, eta neurri batean behintzat arrazoia zuen, aditu guztiek onartzen baitute berotze globalak uholde gero eta beldurgarriagoak eragingo dituela Mocoa bezala ibaien ondoan eraikitako hirietan.

Hala ere, saihestezina zen natur hondamendia erabat larriagotu zuen gizakien jarduerak. Eremuko zuhaitzak kendu izanak sekulako eragina izan zuen, Luis Alexander Mejia Bustos Corpoamazonia erakundeko zuzendariak esplikatu duenez: «Landare-estaldura kentzen diogunean, neurri handi batean sumendi-errautsez osatutako lurra busti egiten da eta euriak txikizioa eragiten du».

Bizirik atera ziren herritarrek kontatu dute etxe baten neurriko harkaitzak ere ekarri zituztela gau hartan Mocoa, Sangoyaco eta Mulato ibaiek. Adituen txostenek diote Putumayo departamenduak deforestazio tasa larriak jasaten dituela (hala ere, beste lau daude okerrago Kolonbia osoan) eta bertako 9.000 hektarea zuhaitzik gabe utzi dituztela, abeltzaintzan eta legez kontrako nekazaritzan erabili ahal izateko.

Gainera, San Francisco eta Mocoa hiriak lotuko dituen VSFM autobidea eraikitzen ari dira eta Rodrigo Botero ekologistak salatu du errepideko ezpondek utzitako sedimentuak Mocoa ibaiaren arroan eragin kaltegarria izan duela.

Justizia eta Bakearen Elizarteko Batzordeak, berriz, meatzaritzak baldintza geologikoekiko kalteberatasunak gora egitea ekarri duela nabarmendu du: «Hondamendi natural bat izateaz gain, Putumayo departamenduak bizi duen egoera negargarria prebisio faltaren fruitu da, arriskuak neurtzeko, planifikatzeko eta lurraldea antolatzeko garaian izandako prebisio faltarena; eta, aldi berean, erabat pobretutako herritarrak baztertuta edukitzearen fruitu, sekulako arriskua duten puntuetan eraikitzen baitituzte beren etxolak».

Chiparoa

Zygia longifolia da El Carmen auzoa salbatu duen basoan nagusi den espeziearen izen zientifikoa. Chiparo esaten diote Kolonbian. Oihan primarioa da, birjina, auzokoek salbatu zutena, eta bestelako espezieak ere ageri dira: zedroak, lecythidaceae familiako cachimboak, proteaceae familiako makila beltzak eta arecaceae familiako chontak, zeiba batzuekin batera.

Hiru hektarea horiek zeuden bezala uztea erabaki zuten auzokoek, Bertha Solartek gogorarazi duenez. Hogeita bi urte daramatza El Carmen auzoan. Auzoa zutitu aurretik, auzokoek sei hektarea zituzten beren esku eraikitzeko, «baina bertan bizi behar genuenok erabaki genuen eremuaren erdia landareentzat uztea, orain auzotar gehienon bizia salbatu duten zuhaitz horientzat uztea».

Grasse Vargas ere auzokoa da. Bere ustez, «basoak ekidin zuen lokatz jausiak gauza eta pertsona guztiak eramatea», Luis Gilberto Murillo Ingurumen ministroak berak geroxeago baieztatuko zuena.

Chiparoak eutsi egin dio lurrari, euri asko egin duen arren. Espezie horren garrantzia nabarmendu du Corpoamazonia erakundeko aditu batek: «Oihan primario hori oso garrantzitsua izan zen hildakoen kopurua eta kalte ekonomikoak handiagoak izan ez zitezen. Bere sustraiak oso indartsuak direnez, lur-jausiari eustea lortu zuen chiparoak».

Ingurumen Ministerioak hegazkinetik egin eta banatu duen argazki batean zutik dauden zuhaitz bakarrak chiparoak dira. El Carmen auzokoen basoa orain hamarren bat urte indartu zuten, gobernuz kanpoko erakunde baten ekimenez. 1.800 zuhaitz landatu zituzten, reforestazio edo basoberritze programa baten barruan. Auzoko atzeko aldean asko landatu zituzten, eta horri esker hobeto eutsi diote bertako espezieek. Gainera, El Carmengo herritarrek harrizko bideak egin zituzten, ekosistema ez kaltetzeko.

Baso primarioak ura pilatzeko gaitasuna ere badu, Jairo Solorza Bogotako Lorategi Botanikoko bioaniztasun arloko koordinatzaileak nabarmendu duenez: «Horrelako zuhaitzak ezinbestekoak dira, ura xurgatzeko eta gordetzeko sekulako gaitasuna baitute, eta beren sustraiek lurrari euskarria eta egonkortasuna ematen baitiote, eta horri esker lurra bera trinkotu egiten da, eta higadura saihesten da».

Bertara itzultzerik ez

Solorzak egin duen irakurketaren arabera, landare estaldurak berak sortu zuen lurraren euskarri egitura, oztopo moduan funtzionatu zuen jausia gertatu zenean eta etxebizitzek kalterik izan ez zezaten lortu zuen. Adituaren iritziz, orain lehenbailehen basoberritu behar dira kalte gehien jasan dituzten eremuak, «zuhaitzak beharrezkoak baitira. Mocoaren kasuan, baso estaldura hobea izan bagenu, bestelako neurriak hartzeko aukera ere izango genukeen».

Hala ere, Bertha Solarte ez dago pozik. Geroa ilundu egin zaie, auzoa utzi beharrean baitira, bertara zerbitzu publikoak eramatea ezinezkoa delako une honetan. Ebakuatzeko agindua jaso zuten. Laguntza ere iritsi zaie: ura, janariak eta arropa. Grasse Vargas, berriz, berak zaindu zuen eremu berde hori utzi behar izateak tristatzen du. Harro esaten du El Carmengo auzotar guztiek zaintzen zutela basoa. Vargasek “El Colombiano” egunkariari jakinarazi zion auzokoek erabaki zutela etxebizitza berriak eraikitzeko bazen ez zituztela lur horiek salduko. Nahiago izan zutela basoa eta ibaia garbi eduki, negozioa egin baino.

Tankerako gertaerarik ez errepikatzeko hausnarketak

Minga elkarteak “Mocoako tragedia ez dadila zigorrik gabe geratu” izenburuko idatzia plazaratu du, martxoaren 31ko tragediaren harira makina bat hausnarketa eginez, «tankerako gertaerarik errepikatu ez dadin». Idatziarekin bat egin dute Putumayoko elkarte askok.

Giza mugimenduek nabarmentzen dute Putumayoren historia estraktibismoarekin lotuta egon dela, batez ere petrolioa ateratzeko jarduerekin, eta azken urteotan meatzaritzarekin, Sibundoy bailarako goiko aldeko eta Mocoa hiriaren inguruko mendietako proiektu handinahiekin. Vetra, Gran Tierra, Amerisur eta Anglo Gold bezalako konpainiek negozio egiteko aukerekin margotu dute Putumayoko mapa, bertako ekosistemak eta bertakoen bizimoduei eta kulturei jaramon egin gabe. «Arpilatze ekonomia» deitzen diote Mingakoek: «Lurraldeei eta bertan kokatutako herriei ezegonkortasuna eragiteko faktore nagusia da arpilatze ekonomia».

Agiriak eransten du orain 50en bat urte ezarri zitzaiola Putumayori eredu hori, ingurumena eta bertakoen bizimodua kaltetzeko. Gaur egun pobrezia eta indarkeria dira nagusi. Ura bezalako baliabide bat eskuratzeko gero eta arazo gehiago izateak, betiko ekonomiaren gainbeherak, ustelkeriak eta militarizazioak iheslariak eragiten dituzte. Eta Mocoa da estraktibismoak eta indarkeriak eragindako iheslari gehien hartzen dituen departamenduko udalerria.

Lur eta arroka irristatzeak adituek iragarrita zeuzkatela gogorarazi ondoren, Mingakoek nabarmentzen dute Mocoako osasun sistemak ezin izan diola era egokian erantzun krisiari. Baina muturreko fenomenorik ez denean ere herritarren beharrak asetzeko gauza ez dela diote: «Putumayotik 50 urte petrolioa ateratzen pasatu eta gero, departamenduak ez du oraindik bigarren mailako erietxe bat ere».