Isidro Esnaola

Gatazka Estatuko argindarraren merkatuan

Estatu espainolean gauza asko mugitzen ari dira elektrizitatearen merkatuan. Posizio batzuk aldatzen ari dira. Esate baterako, oso harrigarria izan da ustelkeriaren aurkako fiskalak Iberdrolaren aurka bide penala irekitzea, bide administratiboan jarritako isuna oraindik itxi gabe izanik. Gainera, fiskalak bere erabakia oinarritzeko ez du zantzu berririk aurkeztu. Salaketa zahar bat berreskuratu du, besterik ez. Akusazio horren atzean erabaki politiko bat dagoela antzeman daiteke. Baina hori ez da eman den aldaketa bakarra.

Alde batetik, Estatu espainolean energia nuklearraren afera dago. Garoña, momentuz, itxita dagoen lehen zentrala da. Kontua da atzetik beste batzuk datozela eta orain finkatzen den produkzioa luzatzeko prozedura beste kasuetan ere jarraituko dela pentsa daitekeela. Eta hor talka bat dago bi enpresa nagusien artean: Iberdrola eta Endesa. Enpresa batek gauza batzuk lortu nahi ditu, eta, besteak, beste batzuk. Bien abiapuntuak ezberdinak direnez, bien interesak ere kontrajarriak dira. Gogoratu behar da esparru honetan 2.200 milioi euroko estatu laguntzak daudela jokoan. Gauzak asko tenkatuz gero, beharbada, beste energia ekoizpen batzuetara bideratuko ditu Gobernuak. Eta aukerak ez ditu faltan. Borroka testuinguru horretan, orain dela egun batzuk, Garoñan isuri erradioaktiboa bat egon zela filtratu da. Ez da batere ohikoa horrelako albisteak iritzi publikora iristea. Gatazkaren tamainaren adierazle?

Beste alde batetik, energia berriztagarrien makroenkante bat egin zen maiatzaren 17an. Gobernuak ezarri zuen enkantearen prozedura, laguntzak aurrezteko; hau da, inbertsioa egiteko eskubidea laguntza eskaera txikiena egiten duenak lortzen du. Eskaera zero diru laguntza ere izan daiteke. Maiatzeko makroenkantearen aurkako helegitea izan zen, baina auzitegiak aurrera egitea deliberatu zuen. Azkenean, ezaguna ez den Aragoiko enpresa batek irabazi zuen enkanteko zati handiena: Forestalia. Bitxia izan zen enpresa handienetako batek ez zuela parte hartu: Acciona. Gainera, energia eolikoan lider diren enpresa batzuek ez zuten ezer atera, esate baterako, Iberdrola, Viesgo eta EDP. Ondoren, hainbatek zalantzan jarri zuten enpresa berri horren gaitasuna lortutako guztia martxan jartzeko. Eta horrek gogora ekartzen du askotan lana lortzeko eta sektore batean muturra sartzeko enkanteetan prezioak izugarri jaisten direla. Behin barruan, aldiz, zuloa eta langile kopurua handia denean, Gobernuari eskatzen zaio enpresa erreskatatzea lanpostuen galera handiak ekiditeko. Eta horrela, zeharka bada ere, jasotzen dute hasieran eskatu ez zutena.

Azkenik, nazioartetik datorren arazoa. Burbuila lehertu ondoren, Gobernu espainola dirurik gabe gelditu zen, baina konpromiso handiak zituen energia berriztagarriak laguntzeko. Azkenean, 2010ean, laguntza sistema aldatu zuen eta kanpoko enpresa batzuek kaltetuak ikusi zituzten beraien inbertsioak Estatu espainolean. Kalte-ordainak jasotzeko, Merkataritza eta Inbertsio Lankidetza Transatlantikoaren (TTIP) ondorioz ezagunak egin diren nazioarteko arbitraje-epaimahaietara jotzea erabaki zuten enpresa horietako batzuek. Arbitraje-epaimahai horietako batek, World Bank’s Ciadi, arrazoia eman dio Britainia Handiko enpresa bati hilabete honetan bertan. Aurrekari bat zegoen, Stockholm Arbitrage Court epaimahaiak emandakoa Estatu espainolaren alde. Aurrekaria hautsi du orain World Bank’s Ciadik, eta, gainera, epaimahai berak nazioarteko beste 30 bat salaketa ditu oraindik aztertzeko. Diru laguntza horiek ordaindu behar badira, nonbaitetik atera beharko ditu Estatu espainolak baliabideak kalte-ordainei aurre egiteko.

Ikusten den moduan, Estatu espainoleko elektrizitate merkatuak bazar bat dirudi. Argindarraren fluxua bermatu behar den aitzakiapean, Gobernuak sistema elektrikoan esku hartu du etengabe. Esku hartze horietan diru asko banatu du, borondate asko erosi ditu eta batzuk aberastu egin dira. Elektrizitatearen bueltan ere ustelkeria bazter guztietatik. Hemendik aurrera, baina, Gobernuak ez du dirurik izango joko horrekin jarraitzeko. Behartuta egongo da dituen baliabide apurrak modu arrazionalagoan gastatzeko. Eta hor agertu dira mesedeen kate luzeak. •