Antton Izagirre

Gizakia ala robota

Duela egun batzuk, gure arteko bizikidetzari buruzko foro batean, Joseba Zulaikak parte hartu zuen Renotik. Gurean gertatutakoaz bere iritzia emateaz gain, han, Ameriketako Estatu Batuetan, kezkatzen duen eta gertutik bizi duen gai bati buruz aipamen interesgarriak egin zituen. Droneez eta horien bidezko gerren ondorioez jardun zuen. Ez zen soilik droneek eragindako heriotza kopuru edo albo ondorioez aritu, milaka soldadu drone gidari beren baitan jasaten ari diren nortasun nahasteak ere aipatu zizkigun, erruduntasunak eraginda burua galtzera iristeraino.

Eta zer pentsa ematen du jakiteak gerra makinon atzean dauden erabakietan azken katebegia diren soldaduek bizi duten zama astuna. Hala, galdera honakoa da: droneak erabiltzeko erabakia hartu eta erasotako helburua aukeratu duten agintariek, agindua eman duten autore politiko eta intelektualek, ez ote dute erruduntasun sindromerik bizi?

Burutazio horiek tarteko, autore beraren “Biolentzia eta fantasia: droneen kasua” artikulua argigarri suertatzen zaigu egoera ulertzeko. Obamari erreferentzia eginez, galdetzen du: «Nola liteke presidente bihurtu den konstituzio zuzenbideko irakaslea hain lasai egotea droneen hilketa programarekin?». Segidan azaltzen duenez, «fantasia den traumaren muina» onartzeko modua, agintariek eraikitzen duten «fantasia den errealitatea» da. Hartara, «ametsaren eta errealitatearen arteko oposizioan, fantasia errealitatearen alderdian dago». Alegia, fantasiaren eta ametsen gainean eraikitzen dute errealitatea eta hori da egia osoa eta bakarra.

Kezkagarriagoa da etorkizunari begira egiten den aurreikuspena. Robot teknologiaren “aurrerapenari” esker, «robot armatu autonomoak gerrara iristen ari dira». Behin programatuz gero, ez du gizakiak haienganako erabaki gaitasunik izango, ez zaio gizakiari zalantza baten aurrean erabakiz aldatzeko, azken hautua egiteko, aukerarik utziko; roboten erabaki zikloak minisegundotakoak izango dira, hala, erabakia programaturiko robotena izango da.

Fantasia horretan murgildurik, ez ote du gizakiak etorkizunean ez agintarien ez politikoen ez soldaduen kontzientziaz, etikaz edo moralaz kezkatu beharko? Erantzuleak robotak izango badira, droneek «ez dute biharamunik, edo amodiozko desengainurik; ez dute bere buruaz beste egiten». •