Xabier Izaga Gonzalez
KEINUZ ETA AHOZ

Haurrak hitz egin aurreko etapan hasten dira keinuak eta bokalizazioa konbinatzen

EHUko Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolako EUDIA taldeak haurrek keinuak hizketarekin koordinatzeko patroia nola eta noiz garatzen duten ikertu du. Ama hizkuntza euskara duten haurtxoekin egindako ikerlanean erakutsi dutenez, keinuen eta bokalizazioaren arteko konbinaketa hitz egin aurreko etapan hasten da.

Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolako EUDIA ikerketa taldeko ikertzaileek ikerlan aitzindari bat argitaratu berri dute nazioarteko zientzia komunitateko ikertzaileen arteko hartu-eman akademikoa sustatzen duen “Signos” aldizkari entzutetsuan. “The interrelation of gestures and vocalization in early communication functions: Evidence from Basque language” lanean, Asier Romero Andonegi, Aintzane Etxeberria Lejarreta, Ainara Romero Andonegi eta Irati de Pablo Delgado irakasleek ikergai izan dute 9 eta 13 hilabete bitarteko haurtxoak nola eta noiz hasten diren zezelka egiteari utzi eta keinuak eta hizketa konbinatzen. Asier Romerorekin hitz egin dugu ikerketaren nondik norakoen berri jakiteko.

Keinuaren eta hizketaren arteko konbinaketa gizakiaren ezaugarria da, eta haren gaineko lan ugari daude; hala ere, hitz egin aurreko etapan oso jorratua ez dagoen arloa da. Hartara, duela hiru urte, etapa horretan keinuen eta bokalizazioaren artean zer gertatzen den ikertzeko asmoz ekin zioten lan honi EUDIA ikerketa taldeko kideek. Eta euren interes nagusia interrelazio hori euskaratik aztertzea zen, ama hizkuntza euskara duten haurrekin, alegia. Horregatik aukeratu zituzten Bermeoko bi familiatako bi haur, seme-alaba bakarrak eta oraindik eskolan hasi gabeak. Haien bilakaera komunikatiboa grabatu zuten lau hilabeteko epe horretan. Ikerketaren emaitza beste zenbait lekutan egindako ikerlanen ondorioekin bat etorriko zen jakin asmoz hasi zuten egitasmoa. «Anglosaxoiek eta katalanek egindako ikerketek erakutsi dutena gurean ere berresten den jakin nahi genuen». Eta euren hipotesia argi berretsita aurkitu zuten. «9 hilabeterekin zezelka egiteari eta silaba errepikatu eta luzeen kateak bokalizatzeari uzten diotenean, eta 11 hilabete ingururekin hitz egin aurreko etapa konplexuena hasten dutenean, haurrak keinu gehienak ahozko ekoizpenarekin konbinatzen hasten dira»; hau da, ez dituzte keinu soilak egiten, ordurako keinuak eta bokalizazioa estu lotuta omen daude. Keinua bokalizazioa baino lehen hasten da, baina 12 hilabetetatik aurrera bien konbinazioa «estatistikaren arabera esanguratsua» da, konbinazio hori keinu soilak baino maizago gertatzen baita.

Denborazko koordinazio patroia

Hitz egin aurreko etapa horretan, ikerketaren arabera, haurraren komunikazio asmoaz hitz egin daiteke. Umearen keinuak batez ere deiktikoak dira, zerbait seinalatzeko, emateko, erakusteko eta eskaintzekoak, edo helduen arreta lortu nahi duen objektu baterantz bideratzekoak. Azterlanak erakutsi duenez, umeak zerbait seinalatzeko edo eskatzeko eskua altxatzen duenean, hatz erakuslea luzatu eta goren puntuan duen unean hasten da “hitz egiten”; ez hitzak ahoskatzen, jakina, baina bai bokalizazioak egiten. Ordurako, beraz, keinuak hizketarekin denboran koordinatzeko patroi bat dagoela dirudi.

Romerok dioenez, euren lanak erakutsi du hizkera eta keinuak «beharrezko bi elementu» direla giza komunikazioa ikertzeko, gero eta froga gehiagok erakusten omen dute bi esparruak elkarrekin estu koordinatuta daudela, eta «beharbada funtsezko baldintza da hitz egiteko etapan lehenengo lexikoa garatzeko».

Halaber, gero eta nabaritasun zientifiko gehiagok erakusten omen dute haurtxoen zezelkatzearen eta keinuen arteko konbinazioak zerikusia daukala hizkuntzaren ondorengo garapenarekin; beraz, elementu aurreikusleak omen dira. «Hori dela eta, gurea bezalako ikerketak lagungarriak izan litezke hizkuntzaren nahasmendu espezifikoaren asaldura linguistikoak iragartzeko», dio Romerok.

EUDIAren lanak ikertu du hizkuntzaz jabetzeko eta hizkuntza garatzeko prozesuak haurren keinuen eta hizketaren arteko denborazko koordinazioarekin zer-nolako lotura duen. Horretarako, ikertzaileek haurtxo bermeotarrak bideoz grabatu zituzten 9 hilabete zituztenetik 13 hilabete bete arte. Guztira gutxienez 1.260 komunikazio ekintza jaso zituzten sei ordu inguruko grabazio batean, eta ondoren ELAN software espezifikoaren aplikazioarekin kodifikatu eta aztertu zituzten ekintza horiek, keinu motak eta keinuen eta bokalizazioen komunikazio funtzioak sailkatuz, eta keinuen eta bokalizazioen arteko denborak neurtuz.

EUDIA ikerketa taldearen ikerlanak lan ildo berriak zabaldu ditu. Orain gida didaktiko bat lantzen ari dira, irakasleen orientagarri; esate baterako, haurrek egiten dituzten keinuak ezagutu eta interpretatzeko.

Ez da hori esku artean duten lan bakarra, ordea. Alde batetik, Irati de Pablok jarraipena emango dio egin berri duten ikerlanari “Keinuen eta bokalizazioaren arteko harremanak bizitzaren lehen urtean: ebidentziak euskara hizkuntzatik” doktore tesiarekin. Bestetik, taldea beste ikerketa bat egiten ari da, «zabalik eta analisi eta interpretazio fasean» dagoena. Zortzi haur elebidunekin –lau neskatorekin eta lau mutikorekin– ari dira lanean. Haien ama hizkuntza gaztelania edo euskara da, baina denen eskolako komunikazio hizkuntza, euskara. Oraingoz ez dituzte beren hipotesiak aurreratu nahi, ikerketa horiek berretsi, gezurtatu edo zuzendu arte. Edonola ere, dagoeneko «gauza interesgarriak ikusten» hasi direla dio Asier Romerok.

Gai konplexu baterako metodologia zorrotza

Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolako EUDIA ikerketa taldearen ikerlanak keinuaren garapen goiztiarra, tipologia eta faseak aztertu ditu, baita haren eta ahozko ekoizpenaren arteko konbinazioa ere. Nola aztertzen dira horrelako fenomenoak, ordea? Ikerlana irakurrita, ez dago zalantzarik zorroztasunez egin dutela, metodologiaren berri emateko atalean zehaztasunez azaltzen dutenez. Hemen gaingiroki azalduko ditugu haien lanaren pausoak.

Informatzaileen kopuruari dagokionez, corpus txikia erabili dutela onartzen dute; izan ere, lau haurtxoren komunikazio ekintzak aztertzen hasi ziren, baina zenbait arazo direla eta, birekin egin behar izan dute ikerketa. Edonola ere, lortu duten datu kopuru handiak berdindu egiten du murrizketa hori. 1.260 komunikazio ekintza grabatu eta deskribatu dituzte. Horietatik, 723 bokalizazio huts bezala sailkatu zituzten, 327 keinu huts bezala eta 210 keinu eta bokalizazio konbinaketa bezala.

Haurren komunikazio ekintza guztiak ELAN transkripzio multimodaleko softwarea erabiliz identifikatu eta zedarritu zituzten grabazioetan. Azterketak bost une nagusi izan zituen, sei transkripzio lerroren bidez kodifikatu eta aztertuak: komunikazio ekintza, keinu mota, keinuaren motibazioa, keinuaren faseak, hatz erakuslearen gehienezko luzapena eta bokalizazioa. Komunikazio ekintzak arestian esandako konbinazioetan kokatzearen fidagarritasuna berresteko, Kappa delako indizearen kalkuluaren bidez epaile-arteko prozedura erabili zuten, kanpoko bi ebaluatzaile independentek parte hartuta.

Lehenik, komunikazio ekintza identifikatu zuten, hizketa bakarrik, keinua bakarrik eta bien konbinaketa bereizita. Bigarren lerroan, keinu motak zehaztu zituzten: deiktikoa, seinalatzekoa edo atzematekoa; konbentzionala; emotiboa, eta sinbolikoa. Ondoren, motibazioaren edo nahitasunaren arabera sailkatu zituzten keinuak, faktore horiek keinuaren eta bokalizazioaren denborazko lerrokaduran izan litzaketen eraginak aztertzeko, horretarako bi kategoria kontuan hartuta; aginduzkoa eta azalpenezkoa, dikotomia hori funtsezkotzat jotzen baita nahitako komunikazioaren hasiera bereizteko. Laugarrenik, keinu faseak kodifikatu zituzten: prestaketa, keinu-kolpea eta atzera-egitea. Bosgarren lerroan keinu erpinaren unea kodifikatu zuten, hatz erakusleak objektu bat seinalatzen duenean eskuak hartzen duen gehienezko altueran dagoen momentuaren iraupena; horretarako, fotogramaz fotograma ikuskatu zuten bideoa, 2 milisegundoko kadentzietan. Seigarren lerroan, azkenik, haurtxoen bokalizazioak kodifikatu eta aztertu zituzten ahozko komunikazio funtzioen arabera, honako kodifikazio kategoriak ezarrita: azalpenezkoa, aginduzkoa, emotiboa, mimikoa, ekintza-gida funtzioa eta fatikoa.

Grafikoa eta taula ugari agertzen dira ikerlanean, adin azpitaldeen arabera komunikazio ekintza mota guztien sailkapena erakusten dutenak, edo keinuaren hasieraren eta ahozko ekoizpenaren hasieraren arteko denborazko distantzia. Lerroon gaineko taulan bokalizazioen funtzioak adin azpitaldeetan sailkatuta ageri dira: besteak beste, 11 hilabete artean funtzio emotiboa nagusi dela erakusten du; hortik aurrera, berriz, azalpenezko eta aginduzko funtzioak gailentzen dira.

Bukatzeko, gai honen gaineko hurrengo ikerlanetan hobetu edo gehitu beharreko elementuen gaineko zenbait gomendio ageri dira.