Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Hiriak

Egunsentia egunkari baten gisan zabaldu da Kursaal inguruotan. Ia ez dago autorik, oinezko despistatu apur batzuk asko jota eta hiriak maketa bat dirudi, tartean bizidunik gabeko kartoizko eraikuntza sorta bat, eguzkiak kale ertzetan gordetako sekretuak argitzen dituen bitartean. Eraikin proiektu erraldoien aurkezpenekin gogoratu naiz; nola dena den neurrikoa, perfektua, eta tarteka proiektuko kartoien artean gizaki formako iruditxo txiki batzuk ipintzen diren, lorategietatik urrun, beti espaloietan, beti dagokien lekuan, gerora ere bizidunak han zehar ibiliko bagina bezala.

Umetan ez zegoen marrazkiak egiten ahalegintzea adina frustratzen ninduen ezer. Mendiak ikusi egiten nituen nire baitan: zakur bat paseoan, sekula hodeiek estaltzen ez zuten eguzki irribarretsu bat, baserri bat tximiniatik kea ere geometrikoki botatzen zuena... Eta ikusitakoa nire gorputzera pasatzen nuen: ondo zorroztu gabeko arkatz bat eta nahi baino dardara handiagoa eta zehaztasun mugatuagoa zeuzkan esku bat, folio gainean dantza traketsean. Eta buruan nerabilena ez zen paperera iristen, nire ikarekin topo egiten zuelako, nire usteekin eta nire ziurtasun apurrekin. Batzuetan pentsatzen dut hiriak ere ume baten marrazkien antzekoak direla; gorputza sartzen dela pentsatutakoaren eta egindakoaren artean, materialek ere badaukatelako gorputz bat eta hiriak gorputzez beteta daudelako.

Etorbide hau diseinatu zuenak ez dakit espaloiaren puntu honetan nahi ote ninduen, edo errepide alderago, edo Kursaalaren hormaren kontra; edo ez ote zuen nirea bezalako gorputzik irudikatzen etorbide hau pentsatu zuenean. Baina hiriak jendezkoak eta jendearenak dira; jendeak egiten ditu, postaletan jenderik agertzen ez den arren: hiriak ez dira eraikuntzak bakarrik, hiriek ikarak dauzkate, izerdia daukate, hizkuntzak, ahoskerak, gorputzen tenperatura...

Egunsentia egunkari baten gisan zabaldu da eta albisteak etorri zaizkit; Errekaleorreko argi itzaliekin akordatu naiz, Kukutzarekin, Kortxoenearekin. Hiriak diseinatu zituenak ez zuen pentsatu ere egingo, agian, jendeak bizi ere egin behar duela, eta bizitzeko moduek ere formak ematen dizkietela hiriei. Pertsona adina bizitzeko modu daudelako, eta asko uzten dituzte bazterrean hormigoizko eraikin eta lorategi zaindu hauek. Lauak dira espaloiak hemen, zanpatzen dituzten oinek gastatuko ez balituzte bezala. Postaletan ez da langabeturik agertzen, ez da etxegabetzerik agertzen, ez da eskalerik agertzen, baina badira, badaude, alfonbrapean ezkutatutako hondakinak bezain ikusezin; hiriak beraientzat diseinatu ez baziren ere hirietan bizitzen eta hiltzen dira, hiriek bizitzen eta hiltzen dituzte, eta beraiek ere forma ematen diote inguratzen dituenari. Ezkutatzen denak ez baitio existitzeari uzten, ezta irudiaren mundua omen den honetan ere; fokutik kanpoko itzalak, azkenean, fokuan ere agertu egiten dira.

Laster turistak etorriko dira hona, oldean, eta espaloi ertz honetan geratuko dira Kursaala argazki eder batean jaso nahian, Urumeako betiko irudi bat gorde nahian jendea paretik kentzeko zain, postaletan bizi denari traba egiten baitio jendeak, maketak nahi dituelako, beti ilunabarreko argiak bustitako hiri perfektu eta ordenatuak, protestarik eta ahots disidenterik gabeak. Baina ez dago perfekzioa baino gauza bortitzagorik, inperfektutzat hartua dena isilarazi eta ukatu egiten baitu; musikaz eta asanbladaz betetako kortxo fabrika zaharrak eraisten dituelako; bizitzeko beste era batzuk ere badirela biziz erakusten duten auzoak argirik gabe uzten dituelako. Eta ez dago ordena baino fikzio handiagorik, bizitza berez delako desordenatua, aldakorra, ederra. Zoriontsuak izango garela esaten digute ordea, ukitu ezin diren gure hirietan. •