Ion Salgado
EZKIOKO IKUSPENAK

Mistikaren eta politikaren arteko harremanak Euskal Herrian

Gasteizko Araba Aretoan ikus daiteke «Ikuspenak. Mistika eta politika Euskal Herrian» izena duen erakusketa. Ander Gondra eta Gorka Lopez de Munain erakusketaren komisarioek sakondu dute Antso Jakituna Fundazioaren artxiboan Ezkioko Ama Birjinaren agerpenaren historia berreskuratzeko.

Ezkion bizi ziren bi haurrek Ama Birjina ikusi zutela adierazi zuten 1931ko ekainaren 29an, Espainiako Gorte Konstituziogileetarako hauteskunde orokorren lehen itzulia egin eta hurrengo egunean. Inork ez zuen susmatu hasierako agerpen haren ondoren beste asko izango zirenik, baina dozenaka lagunek bizi omen zituzten antzeko agerpenak jarraian –diotenez, berrehun inguru–, eta Gipuzkoako herriak milioi bat bisitari jaso zituen urte hartan. Fenomenoak hartu zuen tamainagatik esan daiteke mundu katolikoan orain arte izan den agerpen masiboenetako baten epizentro bihurtu zela Ezkio. Hala ere, gaur egun gertakaria erabat ahaztuta dago. Eragile ezberdinek bat egin zuten gertatutako estaltzeko. Bertan bizi izan zena ahazteko.

“Ikuspenak. Mistika eta politika Euskal Herrian” izena duen erakusketak berreskuratu du Ezkion gertatutakoa, eta azaltzen du nola jokatu zuten orduko agintariek. «Ezkioko ikuspenak oso famatuak izan ziren, eta, batzuek fenomeno horretaz jabetu nahi izan zuten bitartean, beste batzuek isilarazi egin nahi izan zuten», diote Ander Gondra eta Gorka Lopez de Munain erakusketaren komisarioek.

Antso Jakituna Fundazioren artxiboan ikerketa lan sakona egin dute bi komisarioek, eta, azaltzen dutenez, une historiko-politikoa funtsezkoa da Ezkion esku hartu zuten indarrak eta jokoan zeuden interesak hobeto ulertzeko. Berriki aldarrikatutako Errepublikak alarma piztu zuen elizaren eta mugimendu karlistaren eta abertzalearen artean. Erakusketan ikusi ahal den panel batean nabarmentzen den bezala, «statu quo-a arriskuan jartzen zuen kanpoko mehatxutzat hartu zen Errepublika, eta, gainera, garai hartan Madrilgo komentuak erre zituzten, gurutzeak eta irudi erlijiosoak ikasgeletatik kendu zituzten eta Gasteizko gotzain Mateo Muxika bota zuten, Errepublikaren aurka konspiratu zuelakoan».

Dirudienez, Ama Birjinak «Espainia salbatzera» bultzatzen zituen ikuspenak zituztenetako batzuk, eta, hala, Ama Birjina ikusteko antolatutako topaketak «¡Viva la España católica!» eta «¡Viva Cristo Rey!» oihukatuz amaitzen ziren. Horrek abertzaleen haserrea eta karlisten interesa piztu zuen. Giro tirabiratsu horren ondorioz, Ezkioko kasua Kongresura iritsi zen 1931ko abuztuan. Bertan diputatu batek Ezkion «egunero bost mila lagun baino gehiago konspiratzeko» asmoz biltzen zirela adierazi zuen. Urte hartan gaia are gehiago korapilatu zen, ikuspenak zituztenak ugaritu zirenean. Interesak gurutzatu ziren, eta albiste, begitazio, errebelazio eta liskar asko sortu ziren.

Elizaren jarrera

Elizak ere ez zituen babestu ikuspenak, bertan gertatzen zenaren kontrola ez zuelako. 1932ko apiriletik ekainera arte Jose Antonio Laburu jesuita bizkaitarrak Ezkioko gertakariei buruzko hitzaldi bana eman zuen Gasteizko Elizbarrutiko seminarioan eta Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Ezkion bertan bildu zituen datuetan oinarrituta, Laburuk fenomenoen egiazkotasuna baztertzen zuten alderdiak zerrendatu zituen, eta argudio psikobiologikoak zerrendatu zituen. Gainera, Gasteizko Araba Aretoan ikusi ahal den erakusketan nabarmentzen denez, Santa Teresa aipatu zuen, «benetako liluramenduak eta antzeratuak bereizteko adibide ezin hobe gisa».

Laburuk elizbarrutiko bikario nagusiaren gonbidatu gisa hitz egiten zuen, eta haren hitzaldiek gotzainaren iritzia adierazten zuten gorde antzean. Horrela, beraz, kolpe gogorra eman zitzaion Ezkioko gertaeren sinesgarritasunari. «Hitzaldion inguruko elementurik gogoratuenetakoen artean, Laburuk berak agerpenen lekuan filmatu zituen eszenak ditugu. Eszena horiek hitzaldien amaieran proiektatu ziren, buruzko nahasmenduak zituzten pertsonei buruzko film batekin batera. Grabazio horiek ez dira aurkitu oraindik, baina nabarmena da haien erabilera interesatua, ikusleei bi errealitateen arteko lortura zehaztugabeak iradokitzeko asmorekin», azaltzen da erakusketan.

Dena den, ahalegin hori ez zen guztiz eraginkorra izan. Fededunek jesuitaren argudioak ezeztatuko zituen elizako beste agintari bat bilatu zuten –Pio Barojak berak barregarri utzi zituen argudio horiek “Los visionarios” eta “El cura de Monleón” liburuetan–, eta begitazioen aldekoek Laburuk esandakoa gaitzesten zuten mezuak jasotzen hasi ziren. Begitazioek jarraitu egin zuten, kapera bat eraiki zen eta Ama Birjinaren irudi bat ere zizelkatu zuten Ezkion, 1932ko urrian Gobernuak hori guztia kentzeko agindu zuen arte. Erakusketako kartel batean nabarmentzen denez, «fededunen negar eta otoitzen artean, moztu zuten urtebete lehenago jasotako gurutze handia».

Baina hainbat lagunek begitazioak bultzatzen jarraitu zuten, eta 1933ko irailean Gasteizko gotzain Mateo Muxikak beste ahalegin bat egin zuen horiei aurre egiteko, elizbarrutiko eliza guztietan nahitaez irakurri beharreko zirkular batekin. Zirkularrean gaitzespen ofizialaren oinarriak finkatu zituen, eta begitazioei buruzko txosten bat bidali zion Erromako Ofizio Santuaren Auzitegiari. 1934ko ekainean, erakunde horren komunikatu batekin itxi zen auzia. Auzitegiak ezeztatu egin zuen «Ama Birjinaren Ezkioko ustezko agerpen eta errebelazioen naturaz gaindiko izaera» eta debekatu egin zituen Ezkioko gertakariei buruzko hiru liburuak.

Beste gatazka bat Araban

Erakusketan ohartarazten denez, ikuspenak ez ziren Ezkiora mugatu. Hala, 1931ko abuztu hasieran, Ezkion agerpenak hazi eta hilabetera, Petrasko iturburutik hurbil idiak zaintzen ari zela Ama Birjina agertu zitzaiola esan zuen 14 urteko mutil batek. Hasierako susmoak gorabehera, Bachicaboko jendea leku hartan biltzen hasi zen gauero errezatzeko, eta zenbait gaztek begitazioak zituztela ziurtatu zuten. Ezkion bezala, inguruko erromesen arreta erakarri zuen fenomenoak. Eta, berriz ere, fenomenoak zatiketa eragin zuen aldekoen eta aurkakoen artean. Lehenen artean, inguruko erretore batzuk omen zeunden, eta agerpenaren sustatzaile gisa jokatzen hasi zirela dirudi. Bigarrenen artean, berriz, hurbileko Angostoko Andre Mariaren santutegiko arduradunak. «Bertako elezahar miragarria oso ezaguna zen inguruan eta ez zuten pribilegio hori galdu nahi».

Gatazkak argi uzten du, Ezkioko kasua bezala, ikuspenak ez daudela soilik mistikari lotuta. Ezkion politikak garrantzi handia izan zuen, baita elizbarrutiko interesek ere. Eta Angoston, berriz, halako gertaeren ondoriozko pribilegioen babesak paper nagusia jokatu zuen. Ez bakarrik mistikak edo erlijioak.

Ezkioko aterpea lekuz aldatu dute

Ezkioko Ama Birjinaren aterpea lekuz aldatu behar izan zuten 2013. urtean abiadura handiko trenaren obrengatik. Ander Gondraren iritziz, erabakiak agerian uzten du aurrerabidearen eta mistikaren arteko gatazka. Izan ere, egun oso jende gutxik sinesten du Ezkioko ikuspenak bezalako fenomenoetan.

Iraganean, ordea, ez zen inolaz ere horrela. Hala, Euskal Herrian badaude agerpenen adibide ugari. Itziarko Andre Mariaren kondaira, esaterako. Arakistain apaizak jaso zuen XVIII. mendean gertakaria, eta, azaltzen zuenez, Erreten baserriko neskame batek irudi bat aurkitu zuen sasitza eta elorri artean. Diotenez, Ama Birjinak berak aurkikuntzaren lekuan bertan eliza bat eraikitzeko eskatu zuen.

Araban, Arteko Andre Mariaren kasua oso esanguratsua da. Irudia agertu zen artea Artziniegako eta Aiarako jurisdikzioen arteko mugan bertan zegoen, eta bi udalerriak aurrez aurre jarri zituen krisi bat eragin zuen horrek.

Nafarroan, Bideko Ama Birjinaren kasua aipatzekoa da. Kondairak dionez, Ama Birjina Alfarotik Iruñera joan zen gau batean eta San Saturnino elizako aldare nagusitik hurbil zegoen habe baten gainean agertu zen.