Juantxo EGAÑA

Alfred Hitchcock Donostian, 1958ko uztailean

Kutxateka. Marin Funtsa. Paco Mari
Kutxateka. Marin Funtsa. Paco Mari

1958. urteko uztailaren 21 eta 24 bitartean, Alfred Hitchcock zinema zuzendari britainiar ezaguna Euskal Herrian izan zen. Hain juxtu, uztailaren 23an “Vertigo” filma estreinatu zuen mundu mailan Donostiako Victoria Eugenia antzokian, Zinemaldiaren VI. edizioan. Hitchcock bere emaztearekin etorri zen Euskal Herrira, Alma Reville gidoilariarekin, eta bikotea Pasaian, Hendaian, Biarritzen eta Baionan barna ibili zen. Urte hartan zilarrezko maskorra lortu zuen “Vertigo” filmak. Edizio sonatua izan zen, Hitchcock ez ezik Roman Polanski eta King Vidor zuzendariak ere etorri zirelako, baita Kirk Douglas, Kim Novak eta Lex Barker aktoreak ere. Goiko irudia Donostiako Santa Maria elizaren atarian hartua dago. Paco Marik egindakoa da, jatorriz madrildarra zen baina Donostian bizi zen argazkilaria. Mari Pascual Marin argazkilariaren suhia zen. Marin Tuteran jaioa zen, baina umetatik Donostian bizitakoa. Bisita haren argazkiak Zinemaldiko artxiboan eta Kutxatekan ondo gordeta daude.