Jose Angel Oria
ARGENTINA

Rio Negroko gobernadoreak ez du nahi bertan zentral nuklear bat eraikitzerik

Carlos Menem presidenteak orain 21 urte hanka sartu zuen zulo berean sartu du orain Mauricio Macrik: maiatzean Txinara egin zuen bisitan iragarri zuen bi zentral nuklear eraikiko dituztela, horietako bat Patagoniako Rio Negron. Bertakoek berehala esan zuten ez dutela horrelakorik nahi eta azkenean gobernadoreak berak ere ezetz esan du.

Rio Negro Argentinako probintziak oso garbi adierazi du ez duela zentral nuklear bat bertan eraikitzerik nahi. Azkenean bertako agintariek ere bat egin dute herritarrekin eta orain aste batzuk babesten zuten proiektuari argi berderik ez diotela emango jakinarazi dute. Patagoniako begirale batek baino gehiagok orain 21 urte industria nuklearrari emandako beste muturreko bat ekarri dute gogora.

Abuztuaren 27an Rio Negroko biztanleek eta elkarte ekologistek Patagoniako probintzia horretako Gobernuak ezagutzera emandako erabakia ospatu zuten: Txinako konpainia batek ordainduta bertan zentral nuklearra eraikitzeko proiektuari ezetz esango dio probintziako Exekutiboak.

Renace Argentinako Ekintza Ekologistarako Sare Nazionalak «Patagoniako herria» zoriondu zuen alde batetik, «zentral nuklearrak instalatzeari uko egiteagatik». Aldi berean, gobernadorearen iragarpena ere ospatu zuen, «herritarren nahia lege bihurtzeko» erabakia delakoan.

Alberto Weretilneck Rio Negroko gobernadoreak abuztuaren 25ean igorri zion eskutitz bat Mauricio Macri Argentinako presidenteari, hegoaldeko probintzian aipatu zentrala eraikitzea ez duela onartuko jakinarazteko. A ze lasaitasuna milaka lagunentzat!

Maiatzeko bisita

Kezka joan den maiatzean hasi zen, Argentinako presidenteak Txinara egin zuen bisita ofizialean. Asiako herrialdeko agintariekin adostu zuen Argentinan bi zentral atomiko eraikitzea, horietako bat Rio Negron. Bertako zenbait herritan hasiera-hasieratik adierazi zuten proiektuaren aurkako jarrera. Egitasmoa sustatzaileek diseinatu moduan beteko balitz, eraikitze lanak 2020an hasiko lituzke CNNC Txinako konpainia publikoak. 8.000 milioi dolarreko inbertsioa. Alberto Weretilneck gobernadoreak berak hasiera batean txalotu egin zuen ekimena, «milaka lanpostu» sortzea eragingo zuelakoan.

Euskal Herrian ohituegiak gaude agintariek erabaki bat hartu ondoren, horri kosta ahala kosta eusten diotela ikusten, nahiz eta herritar askok proiektu horren aurkako argudio indartsuak aurkeztu. Goikoek erabakitzen dute, eta behekooi amen esatea baino ez zaigu geratzen. Eta jakina, kasu batzuetan bi jarrera horiek erarik tragikoenean egiten dute talka.

Rio Negroko agintariak ez dira horrelakoak. Weretilneck gobernadoreari ondo iruditzen zitzaion zentral nuklearra eraikitzea, baina 50 egunez herritarren mobilizazioak eta ekologisten oposizioa ikusi ondoren, «era ofizialean baztertu zuen zentrala probintziaren lurraldean jartzea, gizarteak adierazitakoa demokratikoki errespetatzen duela erakutsiz», Rio Negroko Gobernuak plazaratutako agiriaren arabera. Julian Gadano Argentinako Energia Nuklearreko idazkariordeari igorritako eskutitzean, gobernadoreak esplikatu zuen bere erabakia «Rio Negroko gizartearen gehiengoaren ezezkoan» oinarrituta dagoela. «Beti esan nuen zentrala eraikiko zela, gizarteak onartuz gero. Argi dago ez dugula horrelako onarpenik». Edonola ere, Weretilneckek eskertzen dio Argentinako Gobernuari Rio Negroko garapenaren aldeko apustu egin izana: «Probintziaren historian inoiz egindako inbertsio publikorik handiena izan behar zuen».

Turismoa mehatxupean

Zergatik daude zentralaren aurka Rio Negrokoak, «milaka lanpostu» sortzea eragin behar zuenean? Turismoak bertan duen garrantzia legoke jarrera horren atzean. Izan ere, San Matias golkoko uraren epeltasunak argentinar ugari erakartzen ditu urtero Las Grutas bezalako hirietara, Valdes penintsulara eta San Antonio Oestera, eta bertakoek uste dute zentral nuklear bat eremu horretatik gertu eraikitzeak turista horiek guztiak izutu egingo lituzkeela. Zer eragingo luke zentral nuklear batek golkoko itsasertzean? Zer gertatuko litzateke ur epel horietan bizi diren espezieekin? Horiek kaltetuz gero, turistarik joango al litzateke Rio Negrora?

Horrelako instalazio batek ingurumenarengan izango lukeen eragina argitzeko oso garrantzitsua litzateke zentrala zein puntutan zutitu nahi duten jakitea, baina agintariek ez dute hori oraindik zehaztu. Testuinguru horretan, espekulazioak nagusitu dira, Ecoportal.net webguneak esplikatu duenez. Hasiera batean esan zen Sierra Grande hirian eraikiko luketela, baina bertako hedabideek azkenean baztertu egin zuten aukera hori, eta Viedma hiriburutik gertuago zutitu nahi dutela idatzi dute, itsasertzean alegia, Pozo Salado eta La Loberia izeneko bainuetxeen artean. Leku horietara turista ugari hurbiltzen da, bertako animaliak ikusteko aukera paregabeak eskaintzen baitituzte, batez ere itsas txakur arruntak (sasifokak ere esaten zaie) ikusteko. Puntu hori baieztatuz gero, Rio Negro ibaiaren bokalearen hegoaldean, sekulako bioaniztasuna duen lekuan, eraikiko lukete. Zentralak oso gertu izango luke El Condor bainuetxea, cyanoliseus patagonus izeneko loro espeziearen munduko koloniarik handiena. Ecoportalek nabarmendu du babestutako bost eremu natural daudela bertan: Caleta de los Loros, Bahia de San Antonio, Punta Bermeja-La Loberia, Complejo Islote Lobos eta Puerto Lobos.

Unescok gizon-emakume guztien ondare izendatu zuen Valdes penintsula zentraletik 100en bat kilometrora egongo litzateke. Horregatik baleak ikusteko bisitak antolatzen dituzten Puerto Piramidesen proiektuaren aurkako ahotsak sortu dira. Javier Roldan intendenteak esan du zentral nuklearra eraikitzeko proiektua eta itsas txakurrak, itsas elefanteak eta pinguinoak dituen erreserba ez direla bateragarriak. Gainera, zentralaren jarduerak inguruetako uretan izango duen eraginak kezkatuta dauka Roldan.

Rio Negrokoen kezka horiek Viedman egoitza duen erresistentzia mugimendua eragin dute. Bertako eliza nagusian egiten dituzte zentral egiteko proiektua aztertzeko batzarrak, Luis Garcia erretoreak antolatuta. Energia nuklearra garbia eta merkea dela dioen tesiak gero eta jarraitzaile gutxiago ditu Rio Negron.

Zabortegi atomikoaren aurkako borroka gogora ekartzeko egunak

Patagonian aurten ikusi den energia nuklearraren aurkako joera ez da berria. Mauricio Macri presidenteak Rio Negron zentrala eraikitzeko asmoa duela esan zuenetik, berehala sortu ziren San Matias Golkoko itsas bizitzaren aldeko ahotsak, eremu babestuen aldekoak, turistak izutzearen aurkakoak…

Batek baino gehiagok gogora ekarri du orain 21 urte guztiak harro-harro eginda ibili zirela, Gastreko Ibilaldiak garaiko agintariek diseinatutako mehatxua geldiaraztea lortu baitzuen: milaka lagunek esku hartu zuten zabortegi nuklearraren aurkako mobilizazioan eta Argentina osoko hedabideek eman zuten protesta jendetsuaren berri. Orduan hil zen 1980ko hamarkadan sortutako proiektua.

Aktibitate handiko hondakin erradioaktiboak gordetzeko zabortegi bat eraiki nahi zuen Carlos Menem garaiko presidenteak Chubut probintziako Gastren. Probintziako Konstituzioa bera bortxatuta ikusi zuten bertakoek: 1994an onartutako aldaketaren arabera, hondakin erradioaktiboak ezin dira ez Chubutera sartu ez garraiatu ez bertan gorde.

Zabortegi proiektuaren aurkakoek egin zuten irakurketaren arabera, Menemek munduko potentzia nuklear nagusien hondakinak inportatu nahi zituen, eta Chubuten gordetzeagatik dirutza kobratu. Baina ez zuen kontuan hartu Patagonia bizirik zegoela. Eta Chubuteko Mugimendu Antinuklearra jaio zen, iaz hil zen Javier Rodriguez Pardo ekintzailearen ekimenez.

1996ko ekainean Buenos Aires hiriburutik iritsi ziren berriak ezin kezkagarriagoak ziren: Parlamentuak CNEA energia atomikoaren batzordeari zabortegi nuklearra non kokatu erabakitzeko ahalmena ematen zion, aukeratutako lurraldekoen iritzia kontuan hartu gabe eta, behar izanez gero, baita iritziaren gainetik ere. Patagonia osoan sortu ziren zabortegiaren aurkako mobilizazioak. 3.500 ikasle irten ziren kalera Caleta Olivian; Puerto Madrynen giza kate erraldoi bat egin zuten 5.000 lagunek, beraien gorputzekin hondartzean “Ez zabortegi nuklearrari. Patagonia ez nuklearra” idatziz; Trelewen proiektuaren aurkakoak Independentzia Plazan elkartzen ziren beren protestak antolatzeko… Giroa aldatu egin zen eta beti isil-isilik eta jarrera susmagarri samarrarekin egoten ziren funtzionarioak ere zabortegiaren aurkako bihurtu ziren.

Treleweko Independentzia Plazan Gastreko Ibilaldia egiteko asmoa bota zuen Rodriguez Pardok, herritar asko bertaratu ziren egun batean. Bada, handik egun gutxi batzuetara dozenaka autobus antolatuta zeuden, Gastreko Ibilaldian parte hartzeko izena eman zuten 4.000tik gora lagunak eraman ahal izateko. Auto ugarik ere esku hartu zuten, negu gorrian egindako protestaldian. Herrialdeko hedabide denek jaso zuten zabortegiaren aurkako Chubutekoen jarrera. Karabana amaigabearen irudiak mundu osoan zabaldu ziren. Gastreko Ibilaldiak Patagoniako herriak bat eginda erakutsi zizkion munduari, bestela elkarri mutur joka aritzen ziren erakundeak pankarta beraren atzean, guztiak «negozio» nuklearraren aurka. Garai hartan herri asko «eremu ez nuklear» izendatu ziren: El Bolsonek 1984an hartu zuen erabakia, Argentinako lehenengoa izateko.

«Zergatik Argentinako Gobernuak Rio Negro aukeratu du herrialdeko bosgarren zentral nuklearra eraikitzeko? Zeintzuk dira benetako arrazoiak? Zer dago Txinarekin sinatutako itunen atzean? Zaila izango da, seguru asko, benetako arrazoi horiek zeintzuk izan diren jakitea, baina zalantzarik ez duena da Patagoniak erabateko ezezkoa eman diola proiektuari», idatzi du Claudia Rivero ekintzaileak.