Iratxe Urizar

Azken guda dantza?

Kataluniako galdeketak Estatuaren benetako aurpegia argitara ateratzea lortu du azken egun eta asteotan. Guk ondo baino hobeto ezagutzen dugun munstroaren aurpegi izugarri hori, inoiz baino argiago ageri zaigu, gordintasun betean: atxiloketak, kaleak armaz jositako poliziez gainezka, itxikeria baino islatzen ez duten adierazpen politikoak… Nazioarteko iritziak sinetsi ere ezin du egin zein maila politiko eskasa ari diren erakusten espainiar agintariak!

Mikel Sotok orain urte batzuk idatzitako artikulua etorri zait gogora (ezagutzen ez duenari, topatu eta irakurtzea gomendatzen diot), Kortatu musika taldeak 1988. urtean emandako azken kontzertuaren izenburu bera zuena: “Azken guda dantza”. Nondik gatozen eta nor garen aipatzen du testuak, harro, eta erresistentziaren balorea goraipatzen du. Kontzertu hura eman zen garaian Euskal Herriak bizi zuen egoera politikoaren azterketa egiten zuen. Gaur egun Katalunian bezalaxe, orduan ere PNV eta PSOE alderdiek muzin egin zioten Euskal Herriak Espainiako eta Frantziako estatuekin bizi zuen gatazkari irtenbide baketsua emateari. Garai horietan, PSOErekin batera zebilen PNV, eta, gaur egun, PPrekin. Jarrera berdina. Garai hartako Kortatutik gaur egungo “mambo”-ra: irribarrea atera digu jarrera baikorrak, baita unerik tentsiodunetan ere. Jon Idigorasen aspaldiko hitzok ozen entzun dira berriro ere: «Atera itzazue zuen esku zikinak Euskal Herritik». Kataluniatik. Lehen eta orain. Kongresuan bota zituen mahaikideak duela 20 urte baino gehiago; Kongresuan bota dituzte orain.

Espainiako unionistek ondo dakite herri oso bat dutela aurrean, eta horri ezin zaio erantzun gure lehendakari jaunak erakutsitako jarrera epel eta ekidistantetik. Errealitateak hitz hutsak gainditu ditu. Gauzak horrela, nahiko Alderdi Egun konplikatua izango du Urkulluk aurten, alderdikideak independentzia aldarri sutsuak botatzera ohitu eta gero. Egia da, baina, ekilibrista trebeak direla, behin eta berriro erakutsi digute. Gauza bat eta kontrakoa batera aldarrikatzera ohituta daude, eta horrek ondoriorik ez izatera.

Ekilibristez ari garela, ezin Pablo Iglesias ahaztu. Kataluniako azken atxiloketen harira, orain preso politikoak egongo direla esan du… lotsagorritu gabe! Oraingo kontua bailitzan. Hilabete eskas besterik pasa ez denean Rafa Diez askatu zutenetik (GALeko hiltzaile denek baino urte gehiago espetxean eman eta gero, adibidez), eta beste askok dispertsaturik jarraitzen dutenean.

Ez da denbora asko joan Europan Kataluniakoaren antzeko galdeketa bat egin zutenetik: 2014ko iraila, Eskozia eta Erresuma Batua. Londreseko Gobernu Zentralak eskoziarrak konbentzitzeko ahaleginean zentratu zuen ezetzaren aldeko kanpaina: Erresuma Batua ez uzteko arrazoiak eta argudioak eman zizkien. Adibide horri begiratuta, are agerikoagoa da Espainiako Estatuaren itxikeria: «Gurekin geldituko zara, bai ala bai; eta, gainera, ez dugu horren inguruan hitz egingo». Jarrera horrek aditzera ematen duena da are beharrezkoagoa dela Espainiatik alde egitea. Izan ere, zeintzuk lirateke, bada, eskubideak urratzen baino ez dakien Estatu batean gelditzearen aldeko arrazoiak?

Generalitatearen kontuak esku hartuta, kontrolatuta… de facto estatu kolpea gauzatzen ari da Espainiako Gobernua. Gerrarako prest goitik behera armatuta, poliziaz bete dute Katalunia (Espainia, artean, polizia gabe geratu da; bat-batean, segurtasuna ez omen da hain garrantzitsua, nahiz eta horixe izan den, atzo goizera arte, hainbeste polizia izateko argudioa). Hala ere, bada sinbolismoz betetako elementua honetan guztian ere: edozein areriok bezala, Espainiak badaki Katalunian ez dutela maite, ez da eroso sentitzen lur haietan, eta, hartara, itsasontzietan biziko dira: itsasotik zelatatzen, «erasorako» unea noiz helduko zain. Portuko langileek, berriz, uko egin diote ontzi horiek zerbitzatzeari.

Eta bitartean, zer? Bitartean, herri oso bat da kalean: herri koloretsua, plurala. Ederki erakusten herri moduan nola aurre egin tamainako estatu-erasoari. Ez alderdirik, ez siglarik: herri oso bat, zahar eta gazte, beren instituzioak eta politikariak defendatuz, beren erabakitzeko eskubidearen alde, herri guztien erabakitzeko eskubidearen alde. Izan ere, koska jada ez da independentzia bai ala independentzia ez. Demokraziaren aldeko borroka da, herrien eskubideen aldekoa.

Horrelaxe ikusi dute Espainiako Estatuko hainbat bazterretan ere. Ugariak izan dira hainbat hiritan Kataluniako herriaren alde izandako elkartasun keinuak, nahiz eta komunikabide estatalistek albiste hori isilarazi nahi izan duten. Gu guztiok dantzan jarri gaituzte.

Galdeketarik egiten ez bada ere, Herriak irabazi du jada. Herriok irabazi dugu. •