Gorka Zozaia - @zotz_
Kimikaria

Dantza ez nobleen garaia

Mamboa agindu zigun CUPek duela egun batzuk eta jada aldaka dislokatzear dugu askok. Ez da beharrezkoa erritmo bizian korapilatzen doazen gertakariak gogoratzea, eta ez du gainera zentzu handiegirik, artikulua idazten ari naizen unetik irakurtzen den arte beste horrenbeste aldaka mugimendu ekarriko baititu ziurrenik Katalunian ematen ari den dantzak. Agerikoa dena honakoa da: bai katalanentzat bai espainiar Estatuarengandik emantzipatu nahi dugunontzat, eta are, oro har errealitatearen eraldaketan jo eta ke gabiltzan herritarrontzat, dantzan dira gure ziurtasunak, jira eta bira analisi eta espekulazioak. Eta badirudi inork asmatzerik ez duela denetariko sozializazio espazioetan birproduzitzen ari den galderaren erantzuna: zer gertatuko ote da urriaren 1ean Katalunian?

Ziurgabetasun zurrunbilo horretatik aldentzearren, ohiko zientzia argitalpenak begiratzen aritu naiz, ohiko zientzia berriak irakurriz, arrazoiarekin apur bat bustitzeko edo... Alta, iruzur eta postegiaz gero eta aseago dagoen jarduera zientifikoa da agerkari digitalen bidez begiztatzen dena: datuak manipulatzeagatik aurreko urtean Espainian zabaldutako iruzur kasuen kopuruak handitzen jarraitzen du eta dagoeneko hainbat ikerlari eta aldizkari prestigiotsu ere bustitzen ditu eskandaluak, NASAko buru aldaketa klimatikoaren negazionista bat jarri dute… Halako berrien artean Ig Nobel sariak banatu direla irakurtzean behingoz zientzia serio pixka bat topatu dudala iruditu zait!

Nobel sarien parodia estatubatuarrak ikerketa «ez noblea» saritzea du helburu, baina Bakearen Nobela munduko gerrak elikatzen dituen potentziako buruari eman zitzaionetik ez dakit ba zer den parodia eta zer seriotasuna. Aurten saritutako ikerketak ikustea besterik ez dago. Obstetrizia sailean, babypod edo baginan sartzen den aurikularrak eraman du saria, musikak fetuaren lengoaia sustatzen duela aurkitzeagatik. Elikadura sailean, giza odola edaten duten saguzarren gaineko ikerketak. Fisika sailean, berriz, katuak solido edo likido diren ebazteko ikerketak, hau da, fluidoen dinamika felinoen materiaren benetako egoera zein den ikertzeko erabili duen ikerketak. Alta, Fluidoen Dinamika sailean, saria beste ikerketa batentzat izan da; atzerantz ibiltzen den pertsona baten kafean gertatzen dena aztertzean, aurrerantz joanda likido gutxiago jausten dela ebatzi du. Ekonomia sailean, saria Australiara joan da, kitzikatutako jokalariek apustu handiagoak egiten dituztela ebazteagatik, hori bai, kitzikapen hori negatibotzat hautematen ez duten kasuetan soilik. Nola egin duten ikerketa? Jokalariak krokodilo batekin kontaktuan jarriz. Anatomia sailean, belarriak etengabe hazten direla baieztatzen duen ikerketak eraman du saria; urtean 0,22 mm hazten omen dira. Biologia sailean, Brasilgo kobetako intsektu batzuen gaineko ikerketak eraman du saria; intsektuon alderantzikatutako sexu organoak aztertu dituzte, hots, emeen zakila eta arren bagina. Kognizio sailean, bizki monozigotikoen kasuan identifikazioa bizkientzat eurentzat ere zaila dela ebatzi duen ikerketak eraman du saria. Medikuntza sailean, ahoan gutxien gustatzen zaigun elikagaia gazta dela frogatu duen garun-ikerketa aurreratuak. Azkenik, Bakearen Ig Nobel saria, australiar aborigenen didgeridoo haize instrumentua jotzeak zurrunga txiki dezakeela frogatu duen ikerketarentzat izan da.

Kontu serioa da zientzia eta arrazoiarena, etorkizuna aurresan eta berorri aurre hartzea gauza serioa baita oso. Ez dena oso serioa honakoa da: arrazoiak gehiegi balio ez duenean, arrazoiaz soilik aritzea, zurrun. Agerikoa da dantzatzerako orduan, arrazoiak berak baino, aldaka ondo olioztatua izateak, hau da, dantzatzen jakiteak, bermatzen duela gehiago datorrenari aurre hartzeko gaitasuna. Kontu serioa da, beraz, dantzarena. Jar gaitezen gorputzak mugitzen, gure mugitzeko gaitasunaz jabetzen, berau trebatzen, dantzatzen ikasten eta utz dezagun arrazoia dantzen arteko arnas uneentzat. Beharbada, horrela gaindituko dugu behingoz pausuz pausu gure bidea, betiko gure bide ezaguna, biribilgune berean etengabe itzuliak eramatera garamatzan bals noble bezain zurruna. •