Maider Iantzi

«Hartuko duzu zerbait...»

Baserri bide batetik paseatzen, emakume batek eskutik heldu eta ez nau askatzen. Parez pare, begira-begira ditut bere begi urdinak. Gardenak, beteak, nekatuak, pixka bat galduak. Bigarren eskua bertze emakume baten besoetan babestua du, gazteagoa da bera, Dominikar Errepublikakoa. «Hartuko duzu zerbait», erraten didate begi urdinek, etxera gonbidatuz. «No sé qué dice. Desde hace un año solo habla euskara», ondotik begi beltz handi irribarretsuek.

Ze gauza, bizitzaren azken etapara ailegatu eta burua lainotzen hastean sekula baino argiago ikusten dira norbere sustraiak. Egia izanen da hasierara itzultzen garela, ziklo bat itxiz. Emakume honi erdara ahantzi zaio, eta, halere, ederki konpontzen dira gaztelaniaz egiten duen zaintzailea eta biak. Bakoitza bere hizkuntzan, bere munduan, egun osoan elkarrekin. Dominikarrak kontatu digu badirela urte batzuk etorri zela eta gustura dagoela. Zaintzen duen emakumeak ona dirudi. Samurtasun handia transmititu dit eta kosta zait agurtzea, indartsu estutzen nauen esku iharra soltatzea.

Paseotik bueltan, maldan behera, bere etxe aitzinetik pasatu gara berriro. Hantxe daude bi andreak lorez betetako terraza ederrean jarrita, bata bertzearen parean. Ikusi orduko, xaharra altxatu eta barandara arrimatu da, eskuekin hurbiltzeko keinuak eginez: «Hartuko duzue zerbait...».

Oroitzapen hau ekarri nahi izan dut Bizkaiko zahar etxeetako langileekin bat egiteko. 300 greba egun baino gehiago beteta, nekatuta baina seguru daude: borrokan jarraituko dute zaintza duintzea lortu arte. Bigarren mailako lantzat hartu arren, bizitzaren oinarria delako. Denok izan gara zainduak, zainduak gara orain ere eta zainduak izanen gara. Baliorik ematen ez diogun lan isil hori gabe ez dago ez produkziorik ez erreprodukziorik. Kontua da norberaren (nagusiki emakumeen) ardura izaten segitzen duen ala jendarte gisa antolatzen garen guztiona izateko. •